Esekibar Guyana (gaztelaniaz Guayana esequiba) Guyanako Errepublika Kooperatiboaren parte den eta Venezuelak aldarrikatzen duen lurraldea da. Esekibar Lurraldea eta, Venezuelan, Erreklamazio Aldea izenak ere hartzen ditu.

Britainiako Guyana kolonia zenaren ingelesezko mapa (1896). Bertan, muga-proposamen desberdinak azaltzen dira; tartean, Britainia Handiaren aspirazioak eta Venezuelak bere mugatzat hartzen duen Esequibo ibaia.

Cuyuni eta Esequibo ibaien arten kokaturiko 159.500 km²-ko lurraldeak osatzen du Esekibar Guyana; hau da, Guyanako lurraldearen %62. Venezuelak 1966ko Genevako Akordioaren bidez, lurralde hau nazioarte mailan aldarrikatu zuen.

Guyanako 1980ko Konstituzioaren arabera, Esekibar Guyana Guyanako estatuaren parte da:

« Estatuaren lurraldearen barne dira, Konstituzio hau indarrean jartzerakoan Guianaren eremuari emanak izan zaizkionak eta Parlamentuak Legez hala aldarrikatzen dituen beste zonalde batzuk. »

Konstituzioaren aipatzen diren "beste zonalde" horiek Britainiako Guyanaren lurraldea osatzen zutenak dira. 1938an Britainia Handiak bere koloniaren mendebaldeko mugatzat Esequibo ibaia hartu zuen.

Venezuelak, bere aldetik, 1999ko Konstituzioko 10. artikuluan ondokoa dio:

« Errepublikaren lurraldea eta gainontzeko espazio geografikoak Venezuelako Kapitaitza Orokorrari 1810eko apirilaren 19ko eraldaketa politikoa baino lehen zegozkionak dira, nulutzat jotzen ez diren tratatuetan eta arbitro-laudoetan jasotako aldaketak kontuan hartuz. »
Venezuelak Guyanaren 1, 2, 5, 7, 8, eta 10 erregioak aldarrikatzen ditu.

Esekibar Guyanaren barnean ondoko eskualdeak daude: Barima-Waini, Cuyuni-Mazaruni, Pomeroon-Supenaam, Potaro-Siparuni, Takutu Garaia-Esequibo Garaia eta Esekibar Uharteak-Mendebaldeko Demerara eskualdearen mendebaldeko aldea. Hauek guztiak Guyanako estatuaren banaketa administratiboko lurraldeak dira, eta Venezuelak ez ditu aintzat hartzen.

Kanpo estekak aldatu