Errodamendua boladun edo arraboldun kojinetea da, bata bestearekiko biratzen diren piezen arteko marruskadura murrizteko erabiltzen dena. Biraketan, errodamenduak ardatzaren bermapuntuak dira.

Errodamendu boladuna biraketan.

Deskribapena aldatu

Sven Gustav Wingqvist ingeniari suediarrak asmatu zuen elementu birakor hori. Errodamendu zurrunak, arraboldunak eta orraztunak erabilienak dira. Jasaten dituzten indarren norabidearen arabera ere sailka daitezke: axialak edo erradialak dira.

Errodamendu erradialak esfortzu erradialak jasaten ditu, hau da, ardatzaren norabidearekiko normalak diren esfortzuak: gurpil ardatzetan erabiltzen dira. Axialek, berriz, esfortzua ardatzaren norabidean jasaten dute; ate edo leiho txangetan erabiltzen dira, adibidez. Azkenik, bi esfortzuak jasateko gaitasuna duten errodamenduei axial-erradial deritze.

Elementu mekaniko horien fabrikazioa konplexua da, bolen esferikotasuna lortzeko zailtasunagatik. Fabrikatzaile garrantzitsuenek materialari tratamendu urratzaile bat egiten diote huts kamera batean. Grabitatearen efektu kaltegarriagatik izango ez balitz, produktuaren kalitatea oso ona lortuko litzateke.

Errodamendu motak aldatu

 
Errodamendu motak.

Errodamendu mota bakoitzak ezaugarri desberdinak erakusten ditu, diseinuaren eta egokitzen den aplikazioaren arabera. Adibidez, boladun errodamendu zurrunek esfortzu erradial handiak eta axial txikiak jasan ditzakete: horiek marruskadura txikia dute eta fabrikazio prozesua oso zehatza da. Horregatik, asko erabiltzen dira tamaina txikiko eta ertaineko motor elektrikoetan.

Arraboldun errodamendu zilindrikoek karga erradial handiak jasan ditzakete; gainera, oszilakorrak direnez, gai dira bi errodamenduren artean kokatuta dagoen ardatz baten makurdura jasateko. Errodamendu mota horiek asko erabiltzen dira karga eta deformazio handiko aplikazioetan, beren ezaugarriak direla eta. Makina handietan, adibidez, errodamenduen bermapuntuen artean desalineazioak gertatzen dira.

Boladun errodamenduak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Errodamendu boladun»

Boladun errodamendu zurrunak aldatu

 
Boladun errodamendu zurruna

Errodamendu mota horiek aplikazio askotarako erabiltzen dira, abantaila ugari dituztelako: modu sinplean diseina daitezke, abiadura altuetan edo oso altuetan lan egiteko gai dira, egoera onean lan egiteko mantenu gutxi behar dute eta prezioa baxua dute. Errodamendu mota horiek karga erradial handiak eta axial txikiak jasateko gai dira.

Kontaktu angeluarreko bola-lerroko errodamenduak aldatu

Kontaktu angeluarreko bola-lerroko errodamenduetan, bolen kontaktu-puntua zeiharra da, errodamenduaren kanpo eta barne eraztunetan. Konfigurazio horren ondorioz, karga erradial eta axial handiak jasateko gai dira. Baina horretarako, muntaketan, bi errodamendu jarri behar dira kontrako norantzan.

Orrazdun errodamenduak aldatu

Errodamendu horiek osatuta daude luzera handiko eta diametro txikiko (luzerarekin konparatuz) arrabolez. Sekzio txikia izan arren, karga handiak jasateko gai dira; gainera, egokiak dira leku erradial murriztua duten aplikazioetarako. Errodamendu orrazdunak bizikleten pedaletan erabiltzen dira.

Arraboldun errodamendu konikoak aldatu

Arraboldun errodamendu konikoak karga erradial eta axial handiak jasateko gai dira, arrabolen eta errodadura ibilbidearen posizio zeiharrarengatik. Jasan beharreko karga axiala handia den kasuetan, angelu irekiagoa duten errodamenduak erabiltzen dira. Karga axial horiek jasateko, mota berdineko bi errodamendu muntatu behar dira kontrako posizioan, mugimendu axiala blokeatzeko. Gainera, arraboldun errodamendu konikoak desmuntagarriak dira; bakoitza bere aldetik muntatu daitezke, batetik, barne-eraztuna eta arrabolak, eta bestetik, kanpo-eraztunak.

Arraboldun errodamendu axial zilindrikoak aldatu

 
Arraboldun errodamendu axial zilindrikoak

Karga axial handiak jasateko egokiak dira. Gainera, talken aurrean erresistentzia handia erakusten dute eta ahokaleku txikia behar dute. Norantza batean bakarrik jasan ditzakete karga axialak errodamendu horiek. Errodamendu horiek asko erabiltzen dira karga axialak handiak direnean eta boladun errodamendu axialen erabilpena murriztuta dagoenean.

Errotula arraboldun errodamendu axialak aldatu

Errotula arraboldun errodamendu axialak osatuta daude arrabola lerro batez, eraztun ez-mugikor batean bermatuta. Arrabolek forma esferikoko gainazal batean biratu egiten dute. Horren ondorioz, errodamenduek karga handiak jasateko gaitasuna daukate eta eskuz lerroka daitezke. Horretaz gain, errodamenduek abiadura handietan lan egin dezakete, nahiz eta karga handiak jasan behar dituzten. Beste errodamendu erradialekin alderatuta, karga erradialak jasan ditzakete.

Boladun errodamendu errotuladunak aldatu

Era horretako errodamenduak aske uzten du bermapuntuaren biraketa angeluarra; horretarako, errodamendua osatuta dago errodadura esferikodun gainazal batez eta bolez osatutako bi lerroz. Asko erabiltzen dira deslerrokatze handiak gertatzen diren kasuetan, dilatazio efektuarengatik, ardatzak jasaten duen makurdurarengatik edo eraikuntza motarengatik. Horren ondorioz, bi askatasun gradu askatzen dira.

Errodamendu mota horrek marruskadura txikiagoa dauka beste errodamenduekin alderatuta; horregatik, abiadura eta karga handiak jasaten ari direnean, gutxiago berotzen dira. Abiadura handietarako egokiak dira.

Arrabola zilindrikodun errodamenduak aldatu

Normalean arrabola zilindrikodun errodamenduek arrabola ilara bat edukitzen dute. Arrabola horiek gidatzen dituzte eraztunetako baten erlaitzek; beste eraztunak, berriz, erlaitza izan dezake edo ez. Erlaitzen antolaketa ezberdina dela-eta, arrabola zilindrikodun errodamendu ezberdinak aurki daitezke.

Errodamendu horiek boladunak baino zurrunagoak direla-eta, karga handiekin eta ardatz lodietan erabiltzen dira.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu