Eraztun Bakarra Tolkienen legendarium ospetsuko objektu bat da. Silmarillion eta Eraztunen Jauna lanetan agertzen da, azken lan honetan protagonismo nagusia duelarik, bere inguruan gertatzen bait da istorio guztia. Eraztun honek Sauron jaun ilunaren botera irudikatzen du, Antzinako Garaietan lehen jaun iluna izan zen Melkorren ordezkaria izan zen maiar bat.

Eraztun Bakarra hizkuntza beltzean idatzitako idazkunarekin.

Botere Eraztuna edo Isildurren Kaltea bezala ere ezagutzen da, edo soilik Eraztuna. Gollum pertsonaiak, bere eramaleetako bat izan zena, eleberrian "Nire Altxorra" edo "Ederra" deitzen du.

Deskribapena aldatu

Begi hutsean Eraztun Bakarrak urrezko eraztun arrunt bat zirudien arren, suntsitze modu orori erresistentea zen, Orodruin sumendiko suei izan ezik, Mordorren zegoen sumendia, non Sauronek egin zuen. Bero bizi batera gerturatuz identifika zitekeen, honela, Mordorreko hizkuntza beltzean idatzitako idazkun bat agertzen baitzen, eraztunaren barnealdeko aurpegian zein kanpoaldekoan idatzia zegoena eta gainontzeko Botere Eraztunen gaineko kontrola sinbolizatzen duena.

 

Ash Nazg durbatulûk, ash Nazg gimbatul, ash Nazg thrakatulûk agh burzum-ishi krimpatul.

Gandalf maiarrak esaldi hau honela itzuli zuen:

Eraztun bat guztiak gobernatzeko, Eraztun bat aurkitzeko,
Eraztun bat guztiak erakarri eta ilunpetan lotzeko.

Sauronen eskuetan Eraztuna erraz ezagutu zitekeen, bere gorputzari zerion bero bizia nahikoa baitzen idazkunak etengabe dizdira zezan.

Botereak aldatu

Eraztun Bakarraren jatorrizko boterea gainontzeko Botere Eraztunak kontrolatzea zen. Honela, "jaun ilunak" nahi eran kontrola zitzakeen Eraztunetakoren bat zeramaten gainontzekoak, bederatzi Nazgûlekin gertatu zen bezala.

Bere beste botereetako bat, jabeak jada zituenak handitzea zen, Gandalfek erabiltzeari uko egin baitzion Frodo Zorrozabalek Zorrozabalenean eskeini zionean, bere boterea handiegia eta izugarriegia bihurtuko zela argudiatuz.

Izaki guztiak usteltzeko gai ere bazen, horiengan berau izateko gutizia piztuz. Eraztuna Sauronek ez beste edonork bazeraman, eraztunak berak erabiltzen eta irensten zuen, ikusezintasuna emanez jarrita zeramanean eta bere bizitza luzatuz, baina berataz elikatuz eta geroz eta jasanezinago bihurtuz, soilik Eraztunagatik arduratzeraino. Hau izan zen eleberrian Gollum bezala agertzen den Smeagol hobbitari gertatu zitzaiona, Gollum izakian bihurtua Eraztunaren eraginez, eta hau Bilborekin ere egin zuen, ehun eta hamaika urte zituen arren, ez baitzuen bere adinari zegokion itxura. Trilogiaren amaieran, eragin hori desagertu egiten da eta bere adineko itxura normala berreskuratzen du. Eraztunaren beste ahalmenetako bat bere tamaina bere eramalearen behatzetara egokitzea zen.

Era berean, ikusezintasunaz gain, Eraztun Bakarrak bere eramaleari beste hizkuntza batzuk ulertzeko ahalmena ere ematen dio, Bilbok, jarrita zeramanean, armiarmen hizkuntza ulertu zuenean bezala (Hobbita, 8. atala).

Kanpo estekak aldatu