Enterococcus

Diplokoko-motako bakterioa, hesteetan ugaria izanik, hantura garrantzitsuak sor ditzakeena

Enterococcus generoa bakterio Gram positiboz osatuta dago, koko itxura dutenak. Koko horiek kate luzeak osatzen dituzte, eta batzuetan bikoteetan biltzen dira ere (diplokokoak). Ez dira mugitzen eta ez dute esporarik sortzen.

Enterococcus
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaBacillati
FilumaBacillota
KlaseaBacilli
OrdenaLactobacillales
FamiliaEnterococcaceae
Generoa Enterococcus
[[Karl-Heinz Schleifer, Renate Kilpper-Bälz|]], 1984
Datu orokorrak
Gram tindaketaGrampositibo

Egitura zein metabolismoaren aldetik enterokokoek antza handia dute Streptococcus generoarekin. Garai batean enterokokoak Streptococcus barnean sailkatzen ziren, gizakia zein animalien hesteetan bizi ziren estreptokoko bakarrak izanik. 1984an, desberdintasun genetikoak direla eta, Streptococcus-tik bereizi ziren, talde propio bat sortuz.

Enterococcus generoko bakterioak heste-floraren partaideak dira, beste bakterio batzuekin batera (Enterobakterioak, Clostridium, Bacteroides...). Gure hesteetan Enterococcus faecalis eta Enterococcus faecium espezieak bizi dira, saprofito moduan. Traktu urogenitalean bizi daitezke ere infekzioak eragin gabe.

Enterokokoen ezaugarri biokimiko nagusiak honako hauek dira:


Patogenia aldatu

Giza-hestean saprofito ez-kaltegarria bada ere, Enterococcus patogenoa izan daiteke gorputzeko beste aldeak kolonizatzen dituenean. Genero honetako bakterioak mikrobio oportunistak dira, immunitate-sistema ahula dutenei eraso egiten dietenak. Horregatik, klinika eta ospitaleetan infekzio asko sortzen dituzte (infekzio nosokomialak): endokarditis, gernu-infekzioak, septizemia eta meningitis dira gehien eragiten dituzten gaitzak. Enterococcus faecalis da patologia gehienen erruduna.

Arazo korapilatsua bihurtu da E. faecalis ospitaleetan. Penizilinarekiko erresistentzia garatu du, eta baita beste antibiotikoekiko ere (bankomizina, zefalosporinak, aminoglikosidoak...). Horregatik, infekzioak tratatzeko terapia konbinatua erabiltzen da (bi edo hiru antibiotiko batera; anpizilina, amoxizilina, gentamizina eta estreptomizina erabilienak izanik).

Kutsadura fekalaren adierazlea aldatu

Enterococcus faecalis-en bilaketa oso ohikoa da mikrobiologiako laborategietan ur eta janarien analisiak egiterakoan. Heste lodian bizi denez, bakterio hau kutsadura fekalaren adierazlea da, beste bakterio batzuen antzera (Escherichia coli, Clostridium perfringens...). Analizatutako ur edo janari batean E. faecalis agertzen bada laginak hondar fekalak dituela ondorioztatu behar da, eta ez da kontsumorako gai.

Kutsadura fekala ez da berez larria, baino patogeno garrantzitsu batzuen balizko agerpena (Salmonella, Shigella, Vibrio...) adierazten du. Gogoratu behar da gorozki-aho bidetik kutsatzen direla kolera, disenteria edo sukar tifoide bezalako gaixotasunak. Hondar fekalek, beraz, arrisku horren berri ematen dute laborategian aztertutako laginetan.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Enterococcus