Eanodat / Enontekiö

Enontekiöko armarria
Armarria
Berezko izena Eanodaga gielda (ipar samieraz)
Enontekiön kunta (finlandieraz)
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappiko eskualdea
Tunturi Lappiko azpieskualdea
Alkatea Mauri Koskela
Sorrera 1877
Eanodat / Enontekiö Finlandiako mapan
Koordenatuak 68°23′05″N 23°38′20″E / 68.38472°N 23.63889°E / 68.38472; 23.63889
Azalera
- Ur-azalera
8.391,35 km²[1]
438,44 km² (%5,2)
Biztanleria
Dentsitatea
Lehen hizkuntza
- Finlandiera
- Ipar samiera
- Besteak
1.905 (2017.08.31)[2]
0,24 bizt/km²
(2016)[2]
% 86,7 (ofiziala)
% 10,6 (ofiziala)
% 2,7
Webgune ofiziala

Eanodat edo Enontekiö (inarieraz, Iänudâh; suedieraz, Enontekis) Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dagoen udalerria da; zehazki, Finlandia, Norvegia eta Suedia herrialdeen arteko muga hirukoitzean dago, mendien ugaritasunagatik Tunturi Lappi deitzen den lurraldean. Utsjoki eta Inari ondoren, Europar Batasunean iparren dagoen udalerria da eta, hauekin eta Sodankylä udalerriarekin batera, Finlandiako Samien Lurraldea osatzen du. Enontekiök 1.900 bizilagun inguru ditu 8.391,35 km²-ko azaleran, eta horregatik, biztanle dentsitate txikiena duen herrialdeko bigarren udalerria da. Azken urteotan, gainera, biztanleria gutxinaka jaisten ari da, batik bat Rovaniemi hirira lan bila doazen herritarrek bultzatuta. Bestetik, nabarmentzekoa da azalera guztiaren %80 baino gehiago babestutako eremuek osatzen dutela; hauen artean, aipatzekoak dira Käsivarsiko Eremu Basatia, Mallako Natura Erreserba Hertsia eta, batez ere, Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionala.

Hizkuntza ofizialak finlandiera eta ipar samiera dira eta herritar gehienak elebidunak badira ere, hizkuntza nagusia lehenengoa da, ipar samiera jatorrizko hizkuntza duten herritarrak ez baitira berrehunera ere iristen (%10). Bestalde, sami etniako biztanleen ehunekoa herrialdeko altuenetarikoa da, %30ekoa, eta Sápmi lurraldea osatzen duten udalerrietako bat ere bada.

Herrialdeak irudimenaren laguntzaz emakumezko itxura duenez, Enontekiö Finlandian Käsivarsi (besoa) ezizenaz ezagunagoa da, udalerria emakumezko pertsonifikazio horren eskuineko besoaren lekuan dagoelako. "Eanodat" edo "Enontekiö" izena, aldiz, udalerria osatzen duten herriek 1877. urteko baterakuntzari eman zioten izena da; beraz, ez dago izen hau jasotzen duen herrigunerik.

Ingurunea aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Tunturi Lappiko ingurunea»
 
Mallako Natura Erreserba Hertsiaren neguko irudia; aurrealdean, Pikku-Malla mendia elurpean.

Finlandiaren ipar-mendebaldeko muturrean dago udalerria, eta Eskandinaviako hirukoitzean Norvegia eta Suediarekin egiten du muga. Bizilagunak Inari ekialdean, Kittilä eta Muonio hegoaldean, Kåfjord, Kautokeino, Nordreisa eta Storfjord norvegiar udalerriak iparraldean, eta mendebaldeko Kiruna suediarra dira. Enontekiö Tunturi Lappiko azpieskualdean dago, herrialdeko inguru menditsu bakarrean (ikus, "Tunturi"), eta, guztira, 8.391,35 km²-ko azalera du; hala, Finlandiako hirugarren udalerri zabalena da. Klima mota desberdinek baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira; hegoaldeko muga izeien esku dago, baina iparrerantz jotzen den heinean, pinudiak agertzen hasten dira. Hetta herriaren inguruan, urki zilarkara zuhaitz nazionalak bihurtzen dira nagusi eta Pöyrisjärvi aintziraren bazterreko dunak, aldiz, landare ezohikoen bizileku dira. Ipar-mendebaldeko lurretan eta 600 metro goitiko ingurunetan, bestalde, Finlandiako zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Azkenik, aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak dauden inguru zingiratsu eta paduratsuak, herrialde osoko ospetsuenetakoak[3].

Udalerria zirkulu polar artiko paraleloaren gainean dago, 200-350 bat km iparrera; horrenbestez, gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da maiatzaren 25etik uztailaren 18ra; gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia, aldiz, abenduaren 6tik urtarrilaren 6ra izaten da. Enontekiöko klima nagusia azpiartikoa da eta, ondorioz, tenperatura epelak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Hala ere, neguak ez dira Lappi erdialdean bezain izozgarriak, Ozeano Artikora iristen den ur-korronte beroak neguak leuntzen dituelako. Orokorrean, elurrak udalerriko lurzorua estaltzen du urri amaieratik maiatza bitartean, gutxi gorabehera, 185 bat egunez; eta izotzak ere aintzira eta ibaien gaina hartzen du beste horrenbeste egunetan. Bestetik, Kilpisjärvi herri inguruko eremuetan eta 600 metro goitiko mendietan klima polarra nagusitzen da. Samiek antzinean eta gaur egun oraindik ere erabiltzen duten egutegiaren arabera, Lappiko eta udalerriko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi garai bereizten dira: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua). Ipar argiak, azkenik, nahiko ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki[4][5].

 
2013ko Enontekiöko klima datuak[6][7]
Hetta
Klima azpiartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC -1 3 1 7 27 26 25 22 19 12 0 5 12,1
Batez besteko maximoa ºC -7,9 -6 -7,7 1,2 11,7 16,4 17,5 16,9 11,5 2,2 -4,5 -5,9 3,8
Batez bestekoa ºC -12,3 -10 -13,5 -2,7 7,9 12,6 13,4 12,4 8,6 -0,7 -7,9 -9,7 -0,1
Batez besteko minimoa ºC -17,2 -15 -21,7 -8,7 2 7,9 8,2 6,8 4,8 -3,9 -12,4 -13,3 -5,2
Minimoa ºC -35 -32 -35 -27 -8 1 4 -1 -3 -14 -25 -39 -17,9
Prezipitazio-egunak 30 22 23 19 21 17 20 22 24 25 24 29 266
Kilpisjärvi
Klima polarra Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC 2,6 2,8 0 6,5 26,1 23,5 24,2 21,9 17,9 10,3 1 5 11,8
Batez besteko maximoa ºC -4,6 -6,9 -7,3 1 10,2 15,2 16,2 15,2 11 2,2 -2,5 -5,5 3,7
Batez bestekoa ºC -10 -11,9 -12,9 -3,6 5,4 10,5 11,6 11,3 7,9 -0,6 -5,9 -9,8 -0,6
Batez besteko minimoa ºC -16,6 -17,5 -19,8 -9,7 0 6,1 7,6 7,3 5,1 -3,4 -9,8 -15 -5,4
Minimoa ºC -33,5 -33,6 -30,4 -25,8 -9,7 0,3 3,5 1,4 -0,3 -13,6 -17,5 -37,7 -16,4
Prezipitazio-egunak 30 27 30 26 16 25 24 21 24 30 29 28 310

Herrialdeko udalerri garaiena da, bertan baitaude Finlandiako hogeita hamahiru gailur garaienak; hauen artean aipagarrienak dira Ailakkavaara, Halti, Kovddoskaisi, Ridnitšohkka, bisitari gehien jasotzen dituen Saana, eta Saivaara. Udalerriko eta herrialde osoko sabaia, lehen aipaturiko Halti edo Haldi mendia da. Norvegia eta Finlandia artean dagoen mendi mugakide honek, guztira, 1.365 metro ditu eta sami kulturan garrantzi handia izan duen lekua da. Mendi hauek guztiak Eskandinaviako mendietako ekialdeko muturrean daude eta hauetariko batean, Stuorrahanoaivin zehazki, Struve zientzialaria munduaren tamaina zehazten saiatu zen XIX. mendearen hasieran. Stuorrahanoaivi Struveren Geodesia-Arkua izeneko Gizateriaren Ondare kulturalaren parte da gaur egun[8].

 
Ipar argiak Enontekiöko zeru oskarbian.

Guztira, 3.109 aintzira daude udalerrian eta ur-eremua bere azalera guztiaren %5 inguru da, 438,44 km². Enontekiöko aintzira ezagun eta nagusienak, hain zuzen ere, Ounasjärvi, Pöyrisjärvi eta izen bereko herriaren ondoan dagoen Kilpisjärvi aintzirak dira; ibai luzeenak, berriz, Lappi eta Suediaren arteko muga marrazten duten Könkämäeno eta Muonio, eta Lätäseno ibaiak dira. Mendi garaienez eta Utsjokiko Fielluz gain, herrialdeko ur-jauzi handienak ere udalerrian daude, Kitsiputous eta 17 metroko garaiera duen Pitsusköngäs ur-jauziak, esate baterako. Ur-eremu honetan, urtero milaka arrantzale erakartzen dituzten arrainak bizi dira, amuarrain marroiak, izokinak eta laponiako amuarrainak besteak beste[9][10].

Lurraren %83 jabetza nazionala da, eta hau parke nazional eta natura erreserba hertsi banak, eta lau eremu basatik osatzen dute; gainontzekoa baso txiki eta jabetza pribatuak dira. Aipagarria da baso-eremua %19koa baino ez dela (Finlandiaren batez bestekoa %72,9 da) eta gainontzeko azalera, lehen aipatutako ur-eremuak, zelai zabalek, inguru zingiratsu eta paduratsuek, eta tundra eremuek osatzen dutela[11].

Ondorengoak dira Enontekiöko babestutako eremuak:

  • Bállás-Ylläsduottar edo Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionala: Tunturi Lappiko lau udalerrien artean dagoen parke nazionala da, Pallas eta Ylläs mendiek osatzen duten ingurunea barnean hartzen duena. 2005. urtean sortu zen parkeak, guztira, 1.020 km²-ko azalera du eta, ondorioz, herrialdeko hirugarren parke nazional zabalena da. Bereizgarri nagusiak natura ibilbide zainduak (hauen artean udalerria zeharkatzen duen Hetta-Pallas bidea), fauna eta landaredi basatia, izen handiko hiru mendiak -Pallas, Ylläs eta Ounas- eta bakoitzak sortzen duen ingurune bereziak dira. Ibilbide luzeetan eta aintzira inguruetan dauden etxolek eta urte osoan zehar antolatzen diren ekitaldiek bisitari ugari erakartzen dituzte. Iaz, esaterako, bisitari gehien jaso zituen Finlandiako natura parkea izan zen, 553.000 naturazale[12][13].
 
Saana mendiaren gailurretik Mallako bi tontorrak. Harri mukuruaren alde banatan, aldiz, Kilpisjärvi (ezkerrean) eta Siilasjärvi (eskuinean) aintzirak.
  • Bievrrašjávri edo Pöyrisjärviko, Buljju edo Puljuko, Darvvátvári edo Tarvantovaarako, eta Giehtaruohtas edo Käsivarsiko eremu basatiak: Enontekiören bereizgarri nagusietako bat dira udalerrian dauden lau eremu basatiak. Gune hauek natura basatia, eta sami kultura eta bizilekua babesteko asmoz sortuak izan ziren 1991. urtean. Hertsiki natura erreserbak ez diren arren, arau eta debeku ugari mantentzen dira. Dena den, natura altxor hauek ezagutarazteko helburuarekin basabide eta etxola ugari egin dira azken urteotan, abenturazale asko erakarri dituztenak[14].
  • Mallako Natura Erreserba Hertsia: udalerriaren ipar-mendebaldeko muturrean dagoen 31 km²-ko erreserba hertsia da. Herrialdeko babestutako eremu zaharrenetakoa da; izan ere, 1938. urtera arte natura erreserba bihurtu ez zen arren, 1916. urterako gutxiengo babesa bazuen inguruneak. Altitudeak, mendiek, karedun arrokaz osatutako ohantzeak, eta Ozeano Artikoaren hurbiltasunak ekartzen duen hezetasunak Finlandiako gainontzeko eskualdeen nolakotasunetatik bereizi egiten dute Malla. Bisitariek debekatua dute nahierara ibiltzea natura parkean, baina badaude markatutako hiru ibilbide, nagusia 11 km-ko luzera duen Mallako bidea da[15].

Faunari dagokienez, animalia artiko espezie gutxi batzuk eta uda partean iristen diren hegaztiez gain, ez dago animalia mota asko klima hotza dela-eta. Hain zuzen, uda partean iritsi eta zingiretako intsektuei esker bizirautea lortzen duten hegazti-motek osatzen dute talde ugariena; hala nola, aliota txikiak, arrano beltza eta belatz txikia motako harrapariak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, hontz gabiraiak, ipar-berdantzak, ipurzuri arruntak, istingor arruntak, kuliska pikartak, kurlinta bekaindunak, larre-buztanikarak, marikoi isatsluzeak, mendebal-txori mokomeheak, mirotz zuriak, mokoker arrunt eta papagaiak, negu-txirtak, negu-txontak, papourdinak, pinu-gailupak, siberiar eskinosoak, txirri hankalaburrak, txirritxo handiak, txoka txikiak, urre-txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Gainera, hamazazpi ur-hegazti espezie desberdin aurki daitezke aintziretan, haien artean, ahatebeltz arrunt eta hegazuriak, beltxarga oihulariak, izotz-ahateak, murgilari handiak, zerra txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, ipar-kaskabeltzak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruhatzak, pinu-gailupak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak, aldiz, bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak dira, alegia, urte osoan zehar ikus daitezkeenak udalerrian[16][10][17].

Ugaztunen taldea, azkenik, altzeek, amerikar bisoiek, azeri gorri eta zuriek, erbinude arrunt eta zuriek, jatunek, hartz arreek, igarabek edo urtxakurrek, ipar-katamotzek, lemingek, otsoek, satitsu txikiek, tundrako otsoek, ur-ipurtatsek, ur-satitsuek, eta elur-orein etxekotu eta basatiek (basoko elur-oreinak) osatzen dute batik bat[13][17].

Historia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Tunturi Lappiko historia»

Inguru honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua Izotz Aroaren ondoren heldu zela uste da, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarra urtzen hasi zen garaian; Ounasjärvi aintziran aurkitu diren aztarnek ere hipotesi hau baieztatzen dute, finlandiar arkeologo eta historialariek 8.000 urte inguruko adina dutela defendatzen baitute. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoaren kostaldean ezarri zirenez batik bat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izan zutela uste da. Nahiz eta oraindik lurralde honen berezko biztanleen, samien jatorria ezezaguna izaten jarraitzen duen, badirudi tribu hauen eta beranduago (k.a. 3. milurtekoan, Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla. Hasiera batean, hauen lurraldea Ozeano Artikoan hasi eta Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialdean bukatzen zen eta muturreko egoera klimatikoei aurre egiteko baliabideak garatu zituzten. Sami aitzindari hauek ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren eta guztiz nomadak zirela pentsatzen da; horrela, ehizakiaren atzetik ibiltzen zirenez, sasoiaren arabera bizilekuz aldatuko zuten etengabe. Ounasjärvi, Muotkajärvi, Periläjärvi eta Pöyrisjärvi aintziren inguruetan garai honetako bizi-aztarnak aurkitu dira, hauen artean, ehiza-tresnak, harribitxi apaingarriak, oinarrizko margolanak eta hainbat hilobi[18].

 
Tunturi Lappi lurraldea; XVIII. mendeko marrazkia.

Erdi Aro Klasikoan suediarren eragina nabarmentzen hasi zen eta Erresumak eginiko lurralde banaketan, eskualdea antzinako Laponia probintzian ezarri zuten. Iparraldeko samiek zergak ordaindu behar izaten zituzten arren, eskualde hau ez zen oso oparoa, eta ondorioz, uste da bertako biztanleek jatorrizko bizimodu eta kulturari eutsi ziotela arazo handirik gabe. Kristautasuna ere suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mende inguruan eta orduan, lehen elizak eraikitzen hasi ziren. Lurraldearen zabalera eta orografia dela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko; guztietan lehena Markkina herrixkakoa izan zen, 1611. urtean eraiki zutena. Kristautasunarekin batera, samiek xamanismoa alde batera uzten eta iristen hasi berri ziren finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. XVII. mende amaieran, egonkortasun egoera honi esker, samien elur-orein zaintzaren kultura hasi zela uste dute adituek. Kultura honek, hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean edukitzen baitzituzten. Sápmi iparrean bizi ziren (eta diren) samiek, haien artean enontekiöarrek, bizimodu berezi horrengatik ipar sami deitura jasotzen dute.

 
Markkinaren 1819ko marrazkia, Letitia Byrnerena. Enontekiöko lehenengo eliza agertzen da muinoaren tontorrean; magalean merkatarien egurrezko etxolak.

XVII. mende bukaeran ere Izotz Aro Txikia izan zen eta samiek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. XVIII. mendearekin batera, aldiz, egonkortasun politikoko garai luzea eten zen eta Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar inperioen arteko guduak hasi ziren. Azkenik, ia ehun urteko gatazken bukaera Finlandiar Gerra izan zen eta Errusiar Inperioak herrialdea bere osotasunean bereganatzea lortu zuen finn nazionalismo jaioberriaren laguntzaz. Aldaketa hau eman zenean, hainbat arazo bizi izan zuten abeltzaintzatik bizi ziren samiek. Izan ere, hotzaren eraginez, prozesu biologiko guztiak oso geldoak dira, hildako landare zein animaliek denbora asko behar izaten dute deskonposatzeko, eta hori dela-eta, mantenugai gutxi izan ohi du lurzoruak. Horregatik, samiek Ozeano Artikoaren kostaldera -Norvegiara- eraman behar izaten zituzten elur-oreinak neguan. Baina, Finlandia Inperio barneko Dukerri Handi bihurtu zenean, Suedia eta Norvegiako mugak itxi egin zituzten -1889an eta 1852an hurrenez hurren-; hala, bertako samiak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Gainera, Muonio eta Torne ibaietako muga berriak ezarri zirenean, Kaaresuvanto eta Kuttanen moduko herriak, ibaiek zeharkatzen dituzten herriak hain zuzen ere, alde suediarraren eta finlandiarraren artean banaturik gelditu ziren[19].

Mugen itxiera eta beraien bizimoduaren aldaketa ozenago salatzeko, 1877. urtean, gaur egun udala osatzen duten herriak batu eta udalerri berri bat sortu zuten. Baterakuntza horri "Eanodat" edo "Enontekiö" izena eman zion batzarrak, udalerriak gaur egunera arte mantendu duen izena.

 
Laponiako Gerra irabazi osteko bandera finlandiarra muga hirukoitzean (1945).

Errusiaren menpe ehun urte egon ondoren, Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu zuen. Estatus aldaketa hau oraindik errotu eta egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak udalerriko herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten; Enontekiön, esaterako, aireportua eta gaur egun museo bat den Sturmbock gotorlekua eraiki zituzten. Finlandia astindu zuten Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerraren ondoren, herrialdeak SESBekin Moskuko armistizioa izeneko bake-akordioa sinatu behar izan zuen; akordio hau gauzatzeko, finlandiarrek sobietarren baldintza nagusia onartu behar izan zuten, alegia, alemaniarrak finlandiar lurretatik botatzea. Horrela, gutxira arte soldadu nazien kide izandako finlandiarrak hauek jazartzeari ekin zioten eta bizilagun den Norvegiara, Hirugarren Reicharen herrialde satelitera, alde egitea galarazteko, soldaduak Enontekiö eta gainontzeko mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen udalerriak, alemaniarrek herrixka gehienak erre eta suntsitu baitzituzten -haien artean, Hetta eta Kilpisjärvi-, baina finlandiarren garaipenak, behintzat, hauen berreraikitzea arindu zuen[20].

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde guzti hau ez zen hain oparoa izan udalerriarentzat; izan ere, industriak ez zituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornio hirietan izan ezik) eta biztanle askok ihes egin behar izan zuen Finlandiako beste hiri nagusiago batzuetara euren bizimodua hobetu nahian. Nahiz eta gaur egun gero eta egitura garatuagoak iristen diren turismoari esker, eskualdeak elur-orein zaintzan murgilduta jarraitzen du eta, horregatik, lan esparru zabalagoa bilatzen duten biztanleek urtero-urtero bertatik alde egiten dute.

XXI. mendean bi talde etniko nagusi dauden arren, finlandiarrak eta samiak guztiz bateratuak daude egunerokoan, eta kultura aberastuz, bi gizarte-taldeak inolako desberdintasunik gabe bizi dira. Samien ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesten dituen Finlandiako Sami Lurraldea sortu zuen Enontekiök 1973. urtean Inari, Sodankylä eta Utsjoki udalerriekin batera[21].

 
Eskandinaviako muga hirukoitza Goldajärvi aintziran.

Administrazioa aldatu

Banaketa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Enontekiöko herriak»

Nahiz eta beti bateraturik aurkezten diren, udalerria hainbat herritan dago antolatua; hala, ez dago "Eanodat" edo "Enontekiö" izeneko biztanle-gunerik. XVIII. mendean Errusiar Inperioak Finlandia bereganatu zuenean eta Suediako eta Norvegiako mugak itxi egin zituztenean -1889an eta 1852an, hurrenez hurren-, elur-orein zaintzatik bizi ziren bertako herritarrak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Muonio eta Torne ibaietako muga berriak ezarri zirenean, gainera, Kaaresuvanto eta Kuttanen bezalako herriak alde suediarrean eta finlandiarrean banaturik gelditu ziren. Mugen itxiera eta beraien bizimoduaren aldaketa ozenago salatzeko, 1877. urtean, gaur egun Eanodat/Enontekiö osatzen duten herriak batu eta udalerri berri bat sortu zuten.

Herri gehienak hego-mendebaldean daude, Könkämäeno eta Muonio ibaien ertzean, Suediako mugan; hauen artean, aipatzekoak dira turista gehien jasotzen dituen eta herrialdearen ipar-mendebaldeko muturrean dagoen Kilpisjärvi edo Gilbbesjávri, bostehuna biztanle dituzten eta bi herrialderen artean banaturik dauden Kaaresuvanto/Gárasavvon eta Kuttanen/Cuhttás, Näkkälä/Neahčil sami herria, eta historian garrantzi handia izan duen Markkina edo Márkan. Hala ere, herri nagusia, 800 bat biztanle dituen Hetta/Heahttá herrigunea da. Bertan daude eliza, denda, bulego eta azpiegitura nagusiak, eta udalerriari kohesioa ematen dion erdigunea da.

Hauek dira Enontekiöko herrigune nagusiak:

 
Enontekiöko herrixken mapa

Lehen izendapena finlandieraz, bigarrena ipar samieraz, eta kako artean inariko samieraz.
80 biztanle baino gehiago dauzkaten herrixkak beltzez.

Garraio azpiegiturak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Enontekiö aireportua»

Enontekiö hain handia eta soila izanik, ez da erraza bertatik mugitzea autoz ez bada; ez dago iparralderaino doan trenik eta tren-geltoki hurbilena Kolarin dago (150 bat km hegoaldera). Aireportua da Helsinkitik bertara iristeko modu errazena, baina Rovaniemi Lappiko hiriburutik edota inguruko beste udalerrietatik iristeko autoa edo busa hartu beharra dago.

 
Valtatie 21 autobidea eta Saana mendia.

Ondorengoak dira udalerria zeharkatzen duten errepide eta autobide nagusiak:
21E 8 Valtatie 21: Tornio - Kilpisjärvi
93 Kantatie 93: Palojoensuu - Kivilompolo
956 Seututie 956: Sirkka (Kittilä) - Hetta
957 Seututie 957: Särkijärvi (Muonio) - Peltovuoma
959E 45 Seututie 959: Kaaresuvanto - Karesuando (Kiruna)

Botniako golkoan hasten den Valtatie 21 autobideak udalerria zeharkatzen du hegoaldetik iparraldera eta Tornio hiritik muga hirukoitzerainoko bidea egiten du Torne, Muonio eta Könkämäeno ibaien ertzetik; guztira, 459 km ditu eta Tornio, Ylitornio, Pello, Kolari, Muonio eta Enontekiö udalerriak zeharkatzen ditu. Bestalde, herrixkak elkarren artean batzen dituzten bigarren mailako errepideak ere badaude, haien artean, Kantatie 93 errepidea, Palojoensuutik Hettara eta bertatik Kivilompolo Norvegiako muga-kontroladorera doana. Errepide bidez iristea ezinezkoa den herrixka bakarra, abeltzain samiak baino bizi ez diren iparreko Raittijärvi da, Käsivarsiko Eremu Basatiaren erdian dagoen herria. Mugako herrialdeetara igarotzeko, aldiz, errepidezko lau muga nagusi daude: Kaaresuvantotik eta Saivomuotkatik Suediara, eta lehen aipatutako Kivilompolotik eta Kilpisjärvi herritik Norvegiara[22][23].

Bestetik, Hetta eta Muotkajärvi herrien artean, alemaniarrek Jarraipenaren Gerran eraiki zuten eta Enontekiöko azpiegitura nagusia den aireportua dago, Enontekiö aireportua. Udaberrian larunbatero, eta martxotik maiatzera egunero, Helsinki hiriburuko aireportuarekin lotura duten hegaldiak daude; beste hainbat aireporturekin ere hegaldiak antolatu ohi dira sasoiaren arabera, besteak beste, Londresko Gatwick, Birmingham eta Glasgow aireportuekin. Enontekiö aireportua Lappi eskualde osoko aireportu txikiena da eta 2016. urtean 22.273 bidaiari baino ez ziren igaro bertatik (aurreko urtean baino %4,4 gehiago). Aireportuaz gain, Kilpisjärvin heliportu txiki bat ere badago, larrialdietarako eta hegaldi berezienetarako baino erabiltzen ez dena[24][25].

Hezkuntza eta ikerkuntza aldatu

Herrialdeko hezkuntza sistemaren arabera, sei urtera arteko ikaskuntza "peruskoulu" izena duten eskolatan ematen da. Udalerrian, eskola ofizial bakarra dago Hetta herrian, Hetan peruskoulu. Dena den, udalak tokian tokiko hezkuntzaren alde egiten du, eta udalerri zabala denez, Kaaresuvanton, Kilpisjärvin eta Peltovuoman ere adin tarte jakineko haurrentzat eskolak badaude. Batetik, Kaaresuvanton eta Peltovuoman 6. maila arteko ikasleak hartzen dituzte; Kilpisjärvin, aldiz, 9. maila artekoak. Bestalde, Derrigorrezko Hezkuntza 7 urtetatik 16ra izaten da Finlandian. Zortzi urteko ikasbidea ikastetxe berean jasotzen dute ikasleek, lukio izeneko institutuetan, eta udalerrikoa Hetta hiriburuan dago baita ere, Enontekiön erälukio izenekoa[26].

2015. urteko maiatzaren 3an, Kilpisjärviko eskola kiskalita gelditu zen, ondoan aparkatuta zegoen autokarabana batek su hartu ondoren. Berreraikitze lanek bi urte hartu zituzten, baina 2017-18ko ikasturterako ikasleek eskola berria estreinatu ahal izan zuten[27].

 
Enontekiöko liburutegiaren aurrealdea (2013).

Udalerria inguru elebidunean dagoenez, bertan bizi diren samiek haien hizkuntzan ikasteko eskubidea dute eta gainontzeko biztanleek ere ipar samiera ikasi behar izaten dute[28].

Azkenik, ikerkuntzara bideratutako bi azpiegitura daude Enontekiön:

  • KAIRA edo Kilpisjärvi Irudi Atmosferikoen Matrize Errezeptorea: Ouluko Unibertsitatearen behatoki astronomikoa da, Sodankyläko Behatoki Geofisikoaren esku dagoena. 2011. urtean sortu zen eta EISCATen transmisoarekin batera radar biestatiko sistema bat osatzen du. Hain zuzen ere, behatokia LOFAR saretik eratorritako bi irrati-teleskopio sistemak osatzen dute, eta HF eta VHF irrati-frekuentzietan behatzeko gaitasuna du. Astronomia behaketak eta espazio hurbila aztertzeko erabili ohi da[29].
  • Kilpisjärviko Biologia estazioa: Kilpisjärvi herrian dagoen biologia zentroa da, Helsinkiko Unibertsitateak kudeatzen duena. Estazioa Finlandiako ipar mutur honetako klima, landaredia eta fauna berezia azteartzeaz arduratzen da, izan ere, Kilpisjärviko inguruneak gainontzeko herrialdean ezohikoak diren klima berezitasunak ditu. Hala, hiriburuko unibertsitatearen bultzadaz, zentroak 1964. urtean ireki zituen ateak. Bioaniztasunaren ikerketan eta bertako proiektuek izandako arrakastari esker, 2003. urtean biologia zentroa handitu egin zen[30].

Osasuna aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Lappi Ospitale Barrutia»

Udalerria Lappi Ospitale Barrutian dago eta bertako ospitale bakarra Rovaniemiko Lappiko Ospitalea da, Enontekiö herrigunetik 400 bat km hegoaldera. Ondorioz, Muonio bizilagunarekin batera, programa berezi bat antolatu du Udalak osasunaz arduratzeko. Nahiz eta larrialdietako erietxe nagusia Muonion dagoen, eritasun arinak sendatzeko bi eskualde-erietxe daude Hetta eta Kaaresuvanto herrietan[31].

Hiri senidetuak aldatu

Senidetasun hitzarmenik ez dagoen arren, mugaz gaindiko Kautokeino, Kiruna eta Storfjord udalerriek eta Enontekiök elkar-laguntza eta kooperazio akordioak adostu dituzte azken urteotan.

Udala aldatu

Enontekiöko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2017ko apirilaren 9an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.

Enontekiöko Udalbatza[32]
Alderdia Eserlekuak +/- Ehunekoa  
-- Zentroko Alderdia 9   0 % 49,0
-- Koalizio Nazionala 4   2 % 19,3
-- Johtti Sápmela 2   1 % 15,8
-- Liga Berdea 1   1 % 8,8
-- Alderdi Kristau-Demokrata 1   0 % 7,1

Udalbatza 17 ordezkarik osatzen dute eta egungo talde politiko nagusia Zentroko Alderdia da. Hain zuzen, 2017ko udal hauteskundeetan, Finlandiako landa giroko udalerri gehienen antzera eta Lappi osoan bezala, Zentroko Alderdia izan zen garaile. Guztira bederatzi ordezkari lortu zituen, hala, aurreko legealdiko udalbatzako eserlekuak mantentzea lortu zuen. Jasotako 516 botoek, gainera, erabateko gehiengoa eman zioten, eta beste lau urtez udalerriaren gobernua osatzeko aukera eman zioten. Alderdi Nazionalak, bestalde, gorakada nabarmena izan zuen eta botoen %19,3ri esker bi zinegotzi gehiago eskuratu zituen. Hirugarren indarra "Johtti Sápmela" edo "Johtti Sápmelaccat rs:n" samien taldea izan zen, hauen kultura gobernuan parte hartzearren eratua; guztira, bi eserleku eskuratu zituen. Azkenik, aipatu beharra daude Liga Berdea eta Alderdi Kristau-Demokrata alderdiak, bana ordezkari lortu zutenak; hurrenez hurren, botoen %8,8 eta %7,1 izan zen jasotako babesa.

 
Suomi-neitoren marrazkia.

Udal hauteskunde hauen ostean, eratu berria zen udalbatzak gehiengo osoz Mauri Koskela alkate izendatu zuen eta ordura arte kargu-lanetan ibili zen Mikko Kärnä gaztea ordezkatu zuen. Gobernu berriak, aldiz, udalbatzaren presidentea eta Udalaren bozeramailea izendatu zuen, Zentroko Alderdiaren kidea den Seppo Alatörmänen. Hurrengo udal hauteskundeak 2021. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.

Biztanleria aldatu

Bi mila biztanlera iristen ez den udalerri hau biztanle gutxien duen Lappiko laugarren udalerria da, eta bere azalera handiak Finlandia osoko biztanle dentsitate txikiena duen udalerrien artean sartzen du. 90eko hamarkadaz geroztik, urtez urte biztanleria jaisten joan da, Finlandiako ekonomia krisialdiaren ondorioz batik bat; izan ere, industriak bertan sustraiak errotu ez zituenez, banku krisialdiak gogor astindu zuen lehen sektoreko udalerria eta herritar askok lan bila kanpora jo behar izan zuen -batez ere, Helsinki eta Rovaniemi hirietara-. Gaur egun biztanle ihes horrek jarraitzen du, lan esparru zabalago baten bila bertatik ateratzen diren herritarrak asko baitira. Hala ere, azkenaldian herrialdeko ekonomia egonkortu denez, biztanleen ogibide nagusiak, elur-orein zaintzak, bere horretan jarraitzen du.

Biztanle gehien duten herriak
Z. Herria (finlandieraz / ipar samieraz) Biztanleria

1 Hetta / Heahttá ~ 800
2 Karesuvanto / Gárasavvon ~ 500
3 Kuttanen / Cuhttás ~ 500
4 Palojoensuu / Bálojotnjälbmi ~ 175
5 Peltovuoma / Bealdovuopmi ~ 150

Lehen esan bezala, ez dago ez "Enontekiö", ezta "Eanodat" izeneko biztanle gunerik ere, eta udalerria herri txiki ugarik osatzen dute. Hauen artean biztanle gehien dituena Hetta edo Heahttá da, 800 bat inguru; ondoren, Muonio ibaiak Finlandia eta Suediaren artean banatzen dituen Kaaresuvanto eta Kuttanen herriak daude, bostehunen bat biztanle dituztenak; azkenik, Kilpisjärvi, Leppäjärvi, Nunnanen, Palojoensuu, Peltovuoma eta Vuontisjärvi herriak dira aipagarrienak, 200-100 biztanle artean dituztenak[33].

Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Enontekiön, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa oso baxua da, %12,3koa, eta 64 urte baino gehiago dituztenena, aldiz, altua, %25,3koa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak, eta sinestunen kopuru handiena samiek osatzen dute. Laestadianismoa Lars Læstadius suediarrak sortu zuen, eta hain zuzen, elizgizon hau Muonionjokik bi herrialdetan banatzen duen Kaaresuvanto herriko parrokian bikario ibili zen[2].

Udalerrian, bestalde, bi hizkuntza ofizial daude: finlandiera eta ipar samiera. Herritar gehienak elebidunak edo elebidun hartzaileak dira, baina lehenengo hizkuntza da nagusi, enontekiöarren %86,7ren jatorrizko hizkuntza delako; ipar samiera, berriz, herritarren %10ena baino ez da. Udalerriaren izen ofizialak "Eanodat" eta "Enontekiö" dira, ipar samieraz eta finlandieraz hurrenez hurren. Herrialdeak irudimenaren laguntzaz emakumezko itxura daukanez, eta udalerria Finlandiaren emakumezko pertsonifikazio horren eskuineko besoaren lekuan dagoenez, herrialdean bertako herritarrek käsivarsiarrak (besotarrak) ezizena jasotzen dute.

Biztanleriaren bilakaera[34]
1970 1975 1980 1985 1990 1995 1998 2000 2002 2004 2006 2008 2010 2012 2014 2016 Egun
2.336 2.285 2.286 2.419 2.472 2.413 2.324 2.145 2.073 1.998 1.997 1.915 1.870 1.892 1.892 1.872 1.905

Enontekiöar ezagunen artean, aipatzekoa da Nils-Aslak Valkeapää sami artista; finlandieratik ipar samierara hainbat obra itzuli zituen, baina musika arloan eginiko lanengatik da ezaguna. 1968. urtean Meharguneen Gidaria (Ofelaš edo Veiviseren) norvegiar filmeko doinua sortzeagatik Soinu onenaren Oscar Saria irabazteko izendatua izan zen. Beste musikari osptesu bat Wimme Saari joik-abeslari samia da, sami kulturaren iraultzaren eragiletako nagusia izan dena azken urteotan.

Sami kulturaz gain, XIX. mendean bizitako Juhani Raattamaa apaiza ere aipatu beharra dago, Lars Læstadiusen lagun mina eta munduko lehen apaiz laestadianiarra izan zena. Azkenik, Heikki Autto politikari gaztea ere enontekiöarra da, Koalizio Nazionala alderdiaren ordezkari dena Eduskuntan (Finlandiar Parlamentua).

Samiak aldatu

 
XX. mende hasierako sami familia.
Sakontzeko, irakurri: «Finlandiako Sami Lurraldea», «Sami etnia» eta «Sápmi»

Udalerria samien jatorrizko eta berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean. Samiak, euskaldunekin batera, Europako gutxiengo indigena bakarrak dira eta hauen jatorria ezezaguna izaten jarraitzen du egun; kultura eta hizkuntzagatik, badirudi antzinaroko Komsa edo Gorravárri tribuen eta beranduago (k.a. 3. milurtekoan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla. XVI-XVII. mendera arte, herri nomada izan zen samiena eta garai hartan elur-orein zaintzaren kultura hasi zela uste da; bizimodu berri horrek, hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean eduki behar izaten baitzituzten. Bereizgarri horrek eta hizkuntzak (ipar samiera) Enontekiöko eta inguruko samiak gainontzeko tribu eta herrietatik bereizi izan ditu eta, ondorioz, giza-multzo honek "ipar sami" deitura jaso izan du, gaurdaino gorde den deitura. Izan ere, oraindik, abeltzaintzak ipar samien jarduera nagusia izaten jarraitzen du[35].

1973. urtean, Enontekiök, Inari, Sodankylä eta Utsjokirekin batera, Finlandiako Sami Lurraldea sortu zuen, samien ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesteko asmoz. Gaur egun, Enontekiöko biztanleriaren %30 da talde etniko honetakoa (Sami Lurraldea kudeatzen duten arduradunen irizpideen arabera) eta Sami Parlamenturako hauteskundeetan parte har dezake; 2008tik Klemetti Näkkäläjärvi enontekiöarra da Sami Parlamentuko ordezkari nagusia. Utsjoki eta Inari ondoren, sami etniako biztanle gehien bizi den Finlandiako udalerria da eta "Eanodat" eta "Iänudâh" izenak jasotzen ditu ipar samieraz eta inariko samieraz, hurrenez hurren (lehenengoa baino ez da ofiziala). Azken urteotan, udalerria bi kultura ezberdinen artean eratzea lortu da, finlandiarren eta samien arteko ezberdintasunik gabeko bizimodua, oreka eta bizikidetza direla oinarri.

Azkenik, aipatzekoa da herritar gehienak elebidunak edo elebidun hartzaileak direla (finlandiera eta ipar samiera), baina ipar samiera, azken urteotan asko zabaldu den arren, samien %34ren jatorrizko hizkuntza baino ez dela.

 
Enontekiöko armarria

Kultura aldatu

Armarria aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Enontekiöko armarria»

Armarria udalerria sortu ondoren onartu zuen udalbatzak, 1961eko urtarrilaren 17an (Barne Ministerioak apirilaren 21ean). Olof Eriksson margolari helsinkiarrak sortu zuen eta antzinako kulturak eta ohiturak Enontekiön duten eragina irudikatu nahi izan zuen. Atzealde urdinaren gainean, zilarrezko eskandinaviar lagopodo bat dago, eskualde honetan oso ohikoa den eta antzinako gosete garaian enontekiöarrentzat oso lagungarria izan zen hegaztia. Izan ere, negua bertan igarotzen duen hegazti bakarrenetakoa denez, Izotz Aro Txikian herritarren jaki nagusia bilakatu zen, eta, horregatik, "Bizitzaren hegaztia" moduan da ezagunagoa enontekiöarren artean[36][37].

 
Enontekiöko elizaren irudia udaran.

Museoak eta Ondasun nabarmenak aldatu

Enontekiöko ondasun nabarmenen artean, historiarekin zerikusia duten bi museo daude: Enontekiöko Herri Museoa eta Finlandiako Basoen Bulegoa. Lehena 1991. urtean ireki zen Hettan eta, hala nola, Ylikyröko XVIII. mendeko biltegi bat, 20ko hamarkadako gela arrunt bat, XIX. mendeko etxalde bat eta XX. mende hasierako Muotkajärviko sauna bat daude erakusgai. Bestean, alegia, Finlandiako Basoen Bulegoan, Finlandiako Tunturi Lappi azpieskualdean babestutako eremuak kudeatzen dituen Metsähallitus enpresa nazionalaren bulegoa dago; hau ere Hetta herrian dago eta bertan, samien elur-orein kulturari eta udalerriko babestutako eremuei buruzko informazioa jaso daiteke.

Bertako eraikinen aspaldiko egiturei esker, Kultima, Näkkälä, Nunnanen, Peltovuoma, Pöyrisjärvi eta Raittijärvi herrixkak monumentu izendatuak izan ziren 1993. urtean; hauekin batera, Laponiako Gerran zutik iraun zuen harrizko zubi bakarra ere, Ahdaskuru izenekoa[38].

Denen artean, hauek dira udalerriko eraikin eta oroitarri ezagunenak:

  • Enontekiöko eliza: Hetta herrian dagoen eliza luteranoa da, udalerriko eraikin nagusiena. Alemaniarrek Laponiako Gerran suntsitutako aurreko elizaren gainean eraikia izan zen 1951-1952 urte bitartean eta lana Veikko Larkas arkitekto entzutetsuak bideratu zuen. Betoizko eta harrizko eraikinak 5x7 m-ko tamaina du, Eskandinavia iparraldeko eraikuntza ohituran asko erabiltzen den neurria, eta hiru ganbera daude. Teilatua, bestetik, teila kolorekoa da, oso kolore ezohikoa Finlandiako elizetan, eta eraikin nagusitik 10 bat metrora, aldiz, ezkila-dorre bat dago, 30 m-ko altuera duena. Guztira, elizak 350 eserleku ditu eta bertako objektu preziatuenak Uuno Eskolaren "Kristo zerurantz doa" erretaula eta Alemaniako Errepublika Federalaren ordaina izan zen 1958ko organoa dira. 2017. urtetik elizako bikarioa Matti Hirvilammi da[39].
 
Muotkatakkako oroitarria elur azpian.
  • Sturmbock gotorlekua: Laponiako Gerran alemaniarrek eraiki eta erabilitako gotorlekua da. Järämä izeneko gunean dago, Kaaresuvanto herritik 16 bat km-ra, eta 1997. urtetik udalerriaren museo nagusia da. Hain zuzen ere, museoak II. Mundu Gerran udalerriaren eta Tunturi Lappiren egoera zein izan zen azaltzen du. Bere garaian gotorleku honen eginkizuna Norvegiako sarrera defendatzea izan zen eta Kaaresuvanton zeuden bi-hiru mila soldaduek babesten zuten. Finlandiarrek babesleku hau hartu zutenean Laponiako Gerra amaitutzat ematen dute historialariek[41].

Aipatzekoa da, azkenik, Valtatie 21 autobidetik gertu dagoen Muotkatakka mendian, Laponiako Gerrako oroitarri bat dagoela; oroitarri hau 1945. urtean gerra amaitu zen tokian bertan eraiki zuten finlandiarrek.

Ospakizun bereziak aldatu

Udaberria hasi baino lehen, hainbat festa ospatzen da Hetta herrigunean:

 
Hettako Mariaren 2012ko eguna.

Martxo hasieran, esaterako, Hettako Mariaren Egunak ospatzen dira (finlandieraz, Hetan Marianpäivät; ipar samieraz, Heahtá Márjjábeaivvit). Sami-egutegian izen bereziko ospakizuna da, eta elizara joateaz gain, sami kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak antolatzen dira; hala nola, musika kontzertuak, arte erakustaldiak eta elur-oreinen inguruko trebezia lehiaketak. XVI. menderako ospatzen zen[42]. Udaberri hasieran ere Hettako Musikaren Egunak ospatzen dira. Egun hauetan, urtero ehunka musika-zaletu erakartzen duen musikaldi garrantzitsu bat antolatzen da[43][44].

Bestetik, ipar muturreko Kilpisjärvi herrian ere zenbait ospakizun izaten da; besteak beste, apiriletik uda bukaeraraino arrantza txapelketak antolatzen dira, izotz nahiz ur gainean, eta herrialdeko orientazio lehiaketa ospetsuenetakoak ere herri inguruko aintzira eta mendietan ospatzen dira.

Azkenik, kirol proba aipagarrien artean, OunasTriathlon triatloia eta 2010ean lehenbiziko aldiz ospatu zen Sami Eski Lasterketa (ofizialki Saami Ski Race) daude. Azken lehiaketa hau apirilean ospatzen da eta 90 km-ko lasterketan eskiatzaileek Hettatik Kautokeino udalerri norvegiarreraino joan behar izaten dute. Nahiz eta helmuga Kautokeinon dagoen, 30 eta 60 km-ko ibilbideak ere egiteko aukera dute partehartzaileek, bidean dagoen Näkkälä sami herriraino. Ekitaldia sami kultura ezagutarazteko helburuarekin sortua izan zen eta, gutxi gorabehera, 200 bat eskiatzailek parte hartu ohi du. Proba garrantzitsuenetako aurtengo irabazleak Daniel Strand, Thor Eirik Skaret Monsen eta Thomas Sandberg Suhr norvegiar eskiatzaileak izan ziren, hurrenez hurren, 90, 60 eta 30 km-ko lasterketetan; nesketan, aldiz, garaileak Emilie Kristoffersen, Mija Nivala eta Marit Klevstad Jakobsen izan ziren[45][46].

 
Elur-orein taldea Käsivarsin bazkatzen.

Ekonomia aldatu

Enontekiöko egitura ekonomikoaren arabera, biztanleria langilearen %76k zerbitzu sektorean egiten du lan (bai zerbitzu publikoetan, bai baso-zaintzan, bai turismoan); gainontzekoak, aldiz, basogintzan, nekazaritzan -egoera klimatikoak baldintzatuta- eta elur-orein zaintzan egiten du lan gehienbat[47]. Hain zuzen, abeltzaintza iparraldeko samien ogibide nagusia da XVII. mendetik gutxienez. Lappi iparraldean industria ia garatu gabe dagoenez, langabetuen kopurua ia Finlandiako udalerri guztietako altuena da: %17,7 (2016). Udal zerga, aldiz, %21,25ekoa da[48][49].

90eko hamarkadaz geroztik, urtez urte udalerriko biztanleria jaisten doa. Garai hartan, Finlandiako banku krisialdiak gogor astindu zuen lehen sektoreko udalerria eta, ondorioz, herritar askok lan bila kanpora jo behar izan zuen -batez ere, Helsinki eta Rovaniemi hirietara-. Hala ere, gaur egun herrialdeko ekonomia egonkor dago, eta abeltzaintza esparrua orekan mantentzen da. Enontekiö lan eremu zabalagoaren bila kanpora joaten diren herritarrek husten dute[49].

Turismoa, bestalde, hazten ari den jarduera da; herria bisitatzen duten turistak norvegiarrak, suediarrak, finlandiarrak eta alemaniarrak dira batik bat. Lehenengoek muga igarotzen dute erosketa merkeagoak egiteko aburuarekin eta udalerrian uzten duten dirua oso mesedegarria da bertako ekonomiarentzat. Nahiz eta Lappiko beste udalerri batzuk baino turista gutxiago erakarri, hauen kopurua haziz doa urtetik urtera eta berebiziko sektore bilakatu da. Normalean, arrantza egiteko, naturaz gozatzeko, eskiatzeko, ibiltaritza egiteko, eta ipar argiak eta udako gauerdiko eguzkia Kilpisjärvi herriko Saana mendiaren tontorretik ikusteko iristen dira bertara. Aipatzekoa da Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionalak 2016. urtean jaso zuen bisitari kopurua, guztira, 538.800 naturazale; hain zuzen, bisita gehien jaso zuen herrialde osoko natura parkea izan zen[12]. Enontekiö-Kilpisjärvi ardatz turistikoak gainera, webgune berri bat estreinatu zuen ez asko, Tosi Lappi izenekoa (euskaraz, Benetako Laponia)[12][50][51].

 
Egunsentia Ailakkajärvi aintzira elurtuan.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Pinta-alat kunnittain (Excel) 1.1.2017 Maanmittauslaitos. 2017.07.02
  2. a b c Ennakkoväkiluku sukupuolen mukaan alueittain, elokuu 2017 Tilastokeskus. 2017.10.07
  3. Tunturi-Lapin luontokeskus[Betiko hautsitako esteka] Luontoon. 2014.01.22
  4. Revontulten Finnish Meteorological Institute. 2010.12.17
  5. Enontekiö-Lappi-Finland Weatherspark. 2014.11.09
  6. Hettan ilmasto 2014.01.17
  7. Kilpisjärven ilmasto 2014.06.27
  8. Struve Geodesic Arc UNESCO. 2010.10.18
  9. Järviwiki Enontekiö. 2014.09.01
  10. a b Tarvantovaaran erämaa[Betiko hautsitako esteka] Luontoon. 2011.03.19
  11. Rainforests/deforestation Finland Forest Information and Data. 2011.05.26
  12. a b c Metsähallitus Käyntimäärät kansallispuistoittain 2017. 2018.07.22
  13. a b Bállás-Ylläsduoddara álbmotmeahcci[Betiko hautsitako esteka] Lundui 2014.09.01
  14. Käsivarren, Pöyrisjärven, Puljun ja Tarvantovaaran erämaa-alueet[Betiko hautsitako esteka] 2013.04.25
  15. Malla Strict Nature Reserve[Betiko hautsitako esteka] Outdoors. 2014.08.31
  16. Pöyrisjärven erämaa-alue[Betiko hautsitako esteka] Luontoon. 2014.09.01
  17. a b Käsivarren erämaa-alue[Betiko hautsitako esteka] Luontoon. 2014.09.01
  18. Enontekiön esihistoria[Betiko hautsitako esteka] 2011.06.24
  19. Enontekiön historia[Betiko hautsitako esteka] 2011.06.24
  20. TosiLappi[Betiko hautsitako esteka] Historia. 2011.06.25
  21. Samediggi 2018.07.22
  22. Valtatie 21 2011.06.25
  23. Kantatie 93 2011.03.27
  24. Finavia - Traffic statistics 2016[Betiko hautsitako esteka] Passengers by Airports. 2017.11.06
  25. Enontekiö airport Finavia. 2015.07.30
  26. Enontekiön erälukio Etusivu. 2015.07.30
  27. Yle - "Fire destroys Kilpisjärvi school - 40 people evacuated". Kilspijärvi school. 2015.07.30
  28. Enontekiön koulut[Betiko hautsitako esteka] 2011.07.12
  29. KAIRA - SGO Sodankylän geofysiikan observatorio. 2015.08.16
  30. Helsingin yliopiston bio- ja ympäristötieteellinen tiedekunta Kilpisjärven biologinen asema. 2013.04.07
  31. Lapin sairaanhoitopiiri[Betiko hautsitako esteka] Enontekiö. 2011.07.12
  32. Kuntavaalit 2017, Enontekiö Oikeusministeriö 2017.06.08
  33. Enontekiön kunta 2011.06.21
  34. Tilastokeskus (Suomen tilastotiede)
  35. Saamelaiset tilastotiede 2011.08.06
  36. Suomen kunnallisvaakunat. Suomen Kunnallisliitto, 127 or. ISBN 951-773-085-3..
  37. Riekko Enontekiö vaakuna. 2013.07.13
  38. 1993: Säilyttäminen lista Kultiman kylä, Näkkälän kylä, Nunnasen kylä, Peltovuoman kylä, Pöyrisjärven kesäkylä, Raittijärven kylä, Ahdaskurun silta 2011.07.14
  39. Enontekiön kirkko 2017.11.13
  40. Treriksröset 2011.07.20
  41. Järämän linnoitusalue[Betiko hautsitako esteka] 2011.07.18
  42. "Marianpäivä". kuati.fi. 2018.12.30
  43. Hetan Marianpäivät[Betiko hautsitako esteka] 2010.09.26
  44. Hetan musiikkipäivät 2010.09.26
  45. Saami Ski Race 2015.08.14
  46. TosiLappi - OunasTriathlon[Betiko hautsitako esteka] Tapahtuma. 2017.11.14
  47. Enontekiön kunta[Betiko hautsitako esteka] Strategia. 2011.07.22
  48. Enontekiön kunta Enontekiön kunnan tilinpäätös ja toimintakertomus 2016. 2017.11.15
  49. a b Duuntori - Enontekiö Työttömyys. 2015.08.14
  50. Enontekiön matkailu Kuntalehti. 2010
  51. TosiLappi Etusivu. 2015.08.14

Ikus, gainera aldatu

|

|

|

|

|

Kanpo estekak aldatu