Elbira Zipitria

maistra, ikastolen sortzaileetarikoa, euskararen sustatzaile eta emakumeak baztertzearen kontrako borrokalari izan zen

Elbira Justa Zipitria Irastortza[1] (Zumaia, Gipuzkoa, 1906ko maiatzaren 28a - Donostia, Gipuzkoa, 1982ko abenduaren 26a) maistra, ikastolen sortzaileetarikoa, euskararen sustatzaile eta emakumeak baztertzearen kontrako borrokalari izan zen. Eusko abertzale sutsua eta euskal abertzaletasunaren eragile, jeltzalea (Emakume Abertzale Batzako kide) eta katoliko fededuna, frankismoaren urte beltzenetan isilpean eta ausardiaz jokatu zuena. Pedagogia aurrerakoia erabili zuen, besteak beste ikasle zituen neskatoen eta mutikoen arteko berdintasuna aldezten zuena.[2][3][4][5][6]

Elbira Zipitria

Bizitza
JaiotzaZumaia1906ko maiatzaren 28a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1982ko abenduaren 26a (76 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakpedagogoa
KidetzaEmakume Abertzale Batza
Euskaltzaleak
Eusko Ikaskuntza
« Zu, oso tradizionalista izan zinen bizitzako aspektu askotan, hala ere, Eskola Berriaren printzipioak ikusteko gaitasuna erakutsi zenuen, Adolf Ferriere, Maria Montessori, Ovidio Decroly eta zure irakurketen ardatza baitziren. Jakin ezazu, Elbira, zuk markatutako ildo nagusiak, 100 urte geroago ere egungo heziketa gidatzen duten ardatzak direla: ikasle guztiengan sinistea, eleaniztasunaren garrantzia, ikasketa prozesuan haurren protagonismoa bermatu beharra... »
«Elbira Zipitria andereñoari»[7]

Bizitza aldatu

1922an, Lehen Hezkuntzako Irakasletzako ikasketak hasi zituen, eta lau urte geroago nota bikainekin burutu. Errepublika garaian sortu zuen bere lehen ikastola, Donostiako Parte Zaharreko Ikatz kalean. Francoren altxamenduaren ondorioz, mugaz gaindi, Sarara joan behar izan zuen ihesi. Urte gutxiren buruan itzuli zen, eta gerra aurretik abiatutako lanarekin jarraitu zuen, berriz ere ikastola bat martxan jarrita. Eragin itzela izan zuen gerra ondorengo ikastolen hasieran; euskal eskolaren gerra aurreko eta gerra ondorengo mugimenduak hark lotu zituela esan daiteke.[8][5][7]

Ikastolen alde lanean jardun zuen, 1982an zendu zen arte, baina ez zen soilik haurren andereño izan. Ikasleekin batera, euskarazko irakasle bilakatu nahi zuten Irakasletzako ikasleak etortzen zitzaizkion Elbirari, praktikak egitera; geroko ikastolen hazia erein zuten irakasle berriak. Gehienak emakumezkoak izaki, andereñoen andereño izan zela idatzi zuen Joxemi Zumalabek 1982an (geroztik, beste hainbatek ere izendapen hori hari buruz erabili dute). Zipitriarekin praktikak egindako irakasle haietako bat Kontxi Beitia da, Pasaiako Ikastolaren sustatzailea. «Ez dizut erakutsiko zuretzat soilik, baizik eta Euskal Herrian zabaltzeko niregandik ikasi duzuna». Zipitriak irakasle gazteei emandako mezua da, Beitiak dioenez.[8][9][10]

Euskara batua ez zuen sekula onartu, eta bere bizitzako zio bihurtu zuen haren aurkako gurutzada, bere azken urteetan.[11] [12]. Izaera hermetikoa zuen, oso gogorra zen jendearekin, gizonezkoekin batez ere. Hala ere, ezagutu zutenen artean askok maite zuten, eta maite ez zutenek ere aitortu dute dioten zorra.[13][10][14]

 
Elbira Zipitriaren omenez sortutako antzezlanean, Kontxita Beitia antzezle, Xabiertxo liburuarekin eta blokearekin.

Orixe Ikastolaren sorrera aldatu

1968ra arte, euskarazko irakasleek eskola partikular gisa egiten zuten lan, baimenduta baitzegoen irakasle tituludun batek hamar ikasleko talde bati irakastea. Horrela, 3 eta 9 urte bitarteko ikasleei eman ahal zizkieten eskolak: horren ondoren, ikasleek gaztelaniazko ikastetxeetan sartzeko azterketa bat egin behar zuten, eta ondoren, bertan prestaketa-ikastaroa egiten zuten, Batxilergoan sartzeko azterketara aurkezteko. 1967-1968 ikasturtean Eskolaketa-liburua aurkeztu beharra ezarri zen prestaketa-ikastaroan parte hartu ahal izateko. Orduko Ikastola batek ere ez zituen horiek emateko legezko baldintzak betetzen. Gobernuko agintariek ikastolen lana oztopatzeko neurriak hartu zituzten, hala nola, polizia-erregistroak eta hezkuntza ikuskarien bisitak. Horiek gobernuaren baimenik gabe funtzionatzen zuten, eta 1968ko uztailaren 19an, Gipuzkoako Gobernadore Zibilak (Enrique Oltra), ikastetxe berriak irekitzea debekatu zuen (baimen sortu berri hori lortu arte), eta funtzionatzen ari zirenek legeztatzea eskatu behar izan zuten.

Elbira Zipitria beste irakasle batzuekin bildu zen, Orixe ikastola sortzeko asmoz. Ikastetxe berriak "Santa Maria parrokia-eskola" izen ofiziala hartu zuen, Jose Elgarresta Iturbe erretorea izendatu zen arduradun, eta egoitza parrokiako lokaletan zegoen. Datu horiekin legeztatzea eskatu zuten 1968ko abenduan. Hezkuntza ikuskariak 1969ko ekainean bisitatu zuen ikastola, eta ikasleen ezagutza maila baita teknika pedagogikoak onak zirela baieztatu bazuen ere, "Espiritu Nazionalaren Prestakuntza" ez zen modu onargarrian irakasten. Tramitazioa bertan behera geratu zen; hala ere, 1970ko irailaren 8an zentroa irekitzeko baimena eman zen. Zipitriak Orixe 1971n utzi zuen, erretiroa hartzean.

Pedagogia berritzailea aldatu

Euskara eta pedagogia berritzailea izan zen. Bi ardatz horiek oinarri hartuta, ondorengo ikastolen sustraiak errotu zituen Elbirak. Piaget, Freinet, Makarenko eta Montessori pedagogoen teoriak gurera ekartzen lehena izan zen. Oso irakaskuntza aurreratua erabili zuen, garai hartako eskolekin aldea oso handia zen.[8][5][15] Berak ez zuen bere metodologiari buruz ezer idatzita utzi: testigantza gisan, harekin lan egin zuten irakasle eta ikasle ohien oroitzapenak, besterik ez dago. Haatik, UPV/EHUko Hezkuntza Museoan haren ikasle izandakoen hainbat koaderno daude.[16]

Euskararen irakaskuntzan berritzailea aldatu

Elbira Zipitriari buruzko bideoa, Ahotsak.eus proiektuko testigantzekin.

Helduei euskara irakasten ere jardun zuen. Gau eskola zuen antolatua, batez ere euskaldun zaharrak alfabetatzeko. Eta, euskararen irakaskuntzan, Elbirak berebiziko urratsa egin zuen: euskal aditza irakasteko, erdal gramatiketako terminologia iluna baztertuta, lehendabizikoz hasi zen NOR-NORI-NORK, hitz horiekin, erabiltzen; ordu arte, sujeto, paciente, recipiente eta gisakoak erabili izan ziren.[17][18]

« Txori bakoitzak bere abestia, Herri bakoitzak bere hizkera, Euskaldunok euskera! Guk ahal ditugun hizkuntza gehienak ikasiko ditugu: buruan hiru... edo, baina bihotzean bakarra: gurea!. »

Elbira Zipitria[19]


Sariak, omenaldiak eta errekonozimenduak aldatu

 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Omenaldi moduan, Ikusgelako euskal kulturako bideoen aurkezlea Ira da, Elbira.
 
Elbira Zipitria kalea, Donostiako Parte Zaharrean.
 
Elbira Zipitria Zentroa, EHUren Donostiako campusean.

Dokumentala aldatu

2018ko udazkenean Maider Oleaga zuzendariak estreinatu zuen Zipitriari buruzko "Muga deitzen da pausoa" dokumentala.[27] Dirua jendearen emarien bidez bildu zuen. Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea biltzeko proiektu Ahotsak.eus-ek ere parte hartu zuen, Elbiraren ikasleek, lankideek eta abarrek utzitako testigantza ugari zuzendariaren eskuetan jarririk.[28]

Erreferentziak aldatu

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. a b Mari Karmen Mitxelena Illarramendi: Elbira Zipitria (1906-1982) , Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2005.
  3. «Zipitria Irastorza, Elbira» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-05-31).
  4. Mari Karmen Garmendia Lasa eta J. Iñaki Etxezarreta Alberdi: «Ezkutuko ikastola : Elvira Zipitria», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  5. a b c Arantxa Urbe: «Elbira Zipitria, andereñoen andereño», Argia, 1975. zenbakia, 2005-01-16.
  6. «Maider Oleaga, IRA 26-2», EITB, 2015-10-30.
  7. a b Resu Abasolo eta Juana Lopez de Muniain: «Elbira Zipitria andereñoari»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2006-05-28.
  8. a b c «Elbira Zipitria», Eskerrik Asko Andereño webgunea.
  9. Joxemi Zumalabe: «Elbira, andereñoen andereño», Argia, 1982-12-22.
  10. a b Ekain Rojo: «Garai ilunetako euskararen argia»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2007-12-30.
  11. Etxeberria, Idoia. «Zipitria eta euskara batua - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).
  12. Dionisio Amundaraini egindako elkarrizketa naziogintza.eus (2019)
  13. Resu Abasolo, Juana Lopez de Muniain eta Arantxa Urbe: Ilunetik argira. Elbira Zipitria, Xangorin, 2004.
  14. «Zipitria beti isilpean lanean - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).
  15. Beitia, Kontxita. «Zipitriaren metodologia berria - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).
  16. Iraola, Arantxa. (2018). «Beste era batean» Berria (Berria) (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
  17. «Elbira Zipitria Irastortza», Bagera.net Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen gunea.
  18. Onintza Irureta: «Nahasteko baino ez du balio subjektuak», Gontzal Fontanedari eginiko elkarrizketa, Argia, 2101. zenbakia, 2007-09-09.
  19. Abasolo Gallastegui, Resu.. ([2004]). Ilunetik argira : Elbira Zipitria. Xangorin ISBN 8493409707. PMC 433358445. (Noiz kontsultatua: 2019-05-31).
  20. Elbira Zipitria kalearen orria, Donostiako Udalaren webgunean.
  21. «Premios Elvira Zipitria y Mari Carmen Alzueta», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  22. «Elbira Zipitria in memoriam», Gipuzkoa Kultura webgunean.
  23. UPV/EHU. «Elbira Zipitria zentroa» gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2019-05-31).
  24. Crespo, Cira. (2020). Baginen, Euskal Herriko historia emakumeen bitartez. Txalaparta, 125-126 or. ISBN 978-84-18252-03-7..
  25. Leonet, Julen Otaegi. «Elbira Zipitriaren estatua bat jarri dute Gipuzkoako foru jauregian» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-10-01).
  26. «Elbira Zipitria artelana - Multimedia - Multimedia» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2022-10-01).
  27. Oleaga, Maider. (2018-02-15). Muga deitzen da Pausoa Trailer English subtitles. (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).
  28. «Elbira Zipitria andereño aitzindariari buruzko filma: "Muga deitzen da pausoa"» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).

Bibliografia aldatu

  • Resu Abasolo, Juana Lopez de Munain eta Arantxa Urbe: Ilunetik argira. Elbira Zipitria, Xangorin, 2004.
  • Mari Karmen Mitxelena Illarramendi: Elbira Zipitria (1906-1982) , Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2005.
  • Jesus Maria Larrazabal Antia: Elbira Zipitria gogoan: Piageten argitan, Euskal Herriko Unibertsitatea, 2006.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu