Ekaitz-txori txikia (Hydrobates pelagicus) hydrobatidae familiako itsas-hegaztia da[1]. Hydrobates bere generoan bakarra da.

Ekaitz-txori txiki
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaProcellariiformes
FamiliaHydrobatidae
GeneroaHydrobates
Espeziea Hydrobates pelagicus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera38 cm
Eguneko zikloacathemeral (en) Itzuli
Ekaitz-txoriak olatu artean hegan.
Faroetako zigilua.

Ozeano Atlantiko eta Mediterranear itsasoko uharteetan bizi den hegaztia da. Koloniarik handiena Maltako Filfla uhartean dago, 5.000 bikote dituena. Euskal Herriari dagokionez Urdaibain[2] eta Aturri ibaiaren bokalean[3] kumatzen du.

Deskribapena aldatu

Itsas hegazti txikia da, txolarre baten tamainakoa gutxi gora behera. 14-18 cm arteko luzera du eta 36-39 cm arteko hego-zabalera. 20 eta 38 gramo artean pisatzen du, 28 gramo batazbeste. Buru eta moko txikiak ditu eta puntadun hego luzeak. Kolore iluna du baina ipurtalde zuria eta hegoen azpialdean ere zerrenda zuri bat badu. Sexu dimorfismorik ez du azaltzen[4].

Saguzaharraren antzeko hegakera du, azkarra da, baina hegokada aldiak eta planeatzeak txandakatzen ditu. Ur azalean egiten du hegan, olatuen gainean, eta batzutan hankekin ura bera ere ukitzen du[4].

Banaketa aldatu

Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneoan hedatzen den itsas hegaztia da. Oso hegazti arrunta da eta itsasoan barrena erraz aurki daitekeen horietako bat. Mediterraneko Maltako uhartetan ditu kolonia handienak.

Euskal Herria aldatu

Euskal itsasertzean eta uhartetan habiagile arrunta da. Kostaldeko 3 probintzietan topa daiteken txoria da. Billano, Izaro, Aketx eta Gaztelugatxeko uhartetan habiagile arrunta da, baita ere Ogoño, Zumaia, Jaizkibel eta Biarritzeko itsaslabarretan.

Habitata aldatu

Itsasoan bizi da, kostaldetik urrun, eta itsasaldi gogorretan edo ugalketa garaian baino ez da kostaldera hurbiltzen[4]. Hortik euskarazko "ekaitz-txori" izena, ekaitza dagoenean baino ez baita ikusten. Ingelesez ere "storm petrel" izena du[5].

Elikadura aldatu

Ekaitz-txoriak 200 kilometro egin ditzake bi edo hiru egunetan elikagai bila. Hegazti egutiarra bada ere, ugalketa garaian txitetatik ezin da asko urrundu eta horregatik gauez elikatzen da, harrapariek ikus ez dezaten[2]. Ur azalean aurkitzen dituen krustazeo eta zefalopodo txikiak, marmokak eta flotatzen ari den materia organikoa jaten du. Batzuetan itsasontziei edo zetazeo handiei jarraika aritzen da, hauek utz ditzaketen arrain hondakinak aprobetxatu nahian[4]. Inoiz uretan murgildu ere egiten da, Mediterraneoan 5 metrotaraino baina Atlantiar ozeanoan ez metro erdi baino gehiago.

Ugalketa aldatu

Uhartetxoetan edota itsaslabarretako zuloetan egiten du habia, harrapakariak iritsiko ez diren tokietan hain zuzen ere[2]. Batzuetan beste hegazti batzuek bertan behera utzi duten zuloak aprobetxatzen ditu, lanperna-musuen habia izandakoak adibidez. Ekaitz-txoriek sorturiko bikoteak bizitza guztirako izaten dira eta gehienetan habia bera erabiltzen dute urtero[5]. Ekainean arrautza zuri bakarra jartzen dute habian eta 40 egunetan zehar txitatzen dute. Kumaldi bakarra izaten dute urtean, bikote batzuk ezta bakar hori ere. Guraso biek zaindu eta elikatzen dute txita eta 65-70 egun dituenean hasten da aurreneko hegaldiak egiten. Lau edo bost urte dituenean ugaltzeko gai izango da[4].

Taxonomia aldatu

Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean, Systema naturae liburuaren hamargarren edizioan, eta Procellaria pelagica izena jarri zion[6]. Friedrich Boie zoologo alemaniarrak Hydrobates generoa sortu zuen 1822 urtean[7]. Hydrobates izena grekeratik dator eta "ura montatzen duena" esan nahi du[8], olatuen gainean ikusten baita, eta pelagicus izenak "itsastarra" esan nahi du.

Bi azpiespezie ezagutzen zaizkio[9]. Bien artean desberdintasunak badauden arren ez dira nahikoa kontsideratzen bi espezietan bereizteko[10].

Harrapakariak eta parasitoak aldatu

Saguak edo katuak dauden uharteetan ezin dute kumatu, hauek arrautzak jaten baitizkiete. Europan sartua izan den amerikar bisoiak igeri egin dezake kostaldetik gertu dagoen uharteetara eta honek ere arrautzak jaten dizkie. Beraien harrapakari naturalak ordea hegazti handiak dira, kaio hankahoria, kaio beltza, belatz handia eta batez ere marikaka handia, azken honek urtero 7.500 ekaitz-txori hiltzen ditu Eskoziako St Kilda uhartean.

Lumetan bi akaro espezie aurkitu zaizkio eta akainak ere bai, kopuru txikiagotan bada ere. Bizkarroi hauek txiten hazkuntza moteltzen dute eta biziraupen tasri eragiten diote.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. BirdLife International (2004). Hydrobates pelagicus. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
  2. a b c «Ekaitz-txoria (Hidrobates pelagicus) Urdaibain» www.euskadi.eus.
  3. (Frantsesez) Cadiou, Bernard; Pons, Jean-Marc; Yésou, Pierre. (2004-10-01). Oiseaux marins nicheurs de France métropolitaine 1960-2000. BIOTOPE ISBN 978-2-36662-062-7. (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  4. a b c d e «Paíño europeo» SEO/BirdLife.
  5. a b Peter Davis. «The breeding of the storm petrel (March 1957)» (PDF) British Birds..
  6. Linné, Carl von; Salvius, Lars. (1758). Caroli Linnaei...Systema naturae per regna tria naturae :secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis.. Impensis Direct. Laurentii Salvii, (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  7. Cottrell, G. W.; Greenway, James C.; Mayr, Ernst; Paynter, Raymond A.; Peters, James Lee; Traylor, Melvin A.; University, Harvard. (1979). Check-list of birds of the world.. Harvard University Press, (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  8. «βάτης, DGE Diccionario Griego-Español» dge.cchs.csic.es (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  9. www.worldbirdnames.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  10. (Ingelesez) Cagnon, C.; Lauga, B.; Hémery, G.; Mouchès, C.. (2004-11-01). «Phylogeographic differentiation of storm petrels (Hydrobates pelagicus) based on cytochrome b mitochondrial DNA variation» Marine Biology 145 (6): 1257–1264.  doi:10.1007/s00227-004-1407-6. ISSN 1432-1793. (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).