Egiptoko Inperio Berria

Antzinako Egipto
Dinastiak eta faraoiak
Aro aurredinastikoa
Aro protodinastikoa
Aro Goiztiarra

I.a - II.a

Inperio Zaharra

III.a IV.a V.a VI.a

Tarteko Lehen Aroa

VII.a VIII.a IX.a X.a XI.a

Inperio Ertaina

XI.a XII.a

Tarteko Bigarren Aroa

XIII.a XIV.a XV.a XVI.a XVII.a

Inperio Berria

XVIII.a XIX.a XX.a

Tarteko Hirugarren Aroa

XXI.a XXII.a XXIII.a XXIV.a XXV.a

Aro Berantiarra

XXVI.a XXVII.a XXVIII.a XXIX.a XXX.a XXXI.a

Aro Helenistikoa

Mazedoniarra . Ptolomeotarra

Erromatar Aroa

Egiptoko Inperio Berria (K.a. 1550-K.a. 1070), Antzinako Egiptoren historia dinastikoaren zazpigarren zatia da. Aro honetan XVIII., XIX. eta XX. leinuek gobernatu zuten.

Amosis I.ak Egiptoko Tarteko Bigarren Aroa bukatu eta libiar faraoiak ezarri zituen tronuan. Ramsesiar aroa ere izena du, orduko hamaika faraoik izen hori zutelako. Antzinako Egiptoren urrezko aroa izan zen, hititak egungo Sirian borrokatuz.

Historia aldatu

 
Inperioaren hedapena (K.a. 1450)

Inperio Berriko faraoiak konkistatzaileak izan ziren batez ere, eta haien mendeko lurren antolatzaile trebeak. Guda ekinaldietan beretu zituzten hurrenez hurren Siriako eta Palestinako zati handi bat, behartu zituzten beren aurkari handi batzuk beren nagusitasuna onartzera (Mitani, Babilonia, Asiria, Hati), eta hitzarmenen eta merkataritzazko harremanen bidez eratu zuten sare bizi bat Ekialde Hurbil osoan barrena. Orobat hartu zuten mendean Sudanen zati handi bat, eta mertzenarioen eta balio handiko gaien (urrea batez ere) erreserba ezin agortuzko bihurtu zuten, era hartara eutsi ahal izan ziotelarik beren kanpo politikari. Hala ere, Siria mendean nork hartuko hititen inperioarekin izan zituzten borrokek gerra luze eta nekagarri bat jarri zuen abian, eta ez zen gerra hura bukatu harik eta zein bere eraginpeko eremutan lurralde hura banatu ez zuten arte, eta Asiriaren goraldi mehatxuzkoa gelditu nahirik elkarri laguntzeko hitzarmen bat sinatu ez zuten arte.

Inperioaren barnean tenpluak ziren erregeen ekonomia gune nagusiak. Tenplu bakoitzak lur, artalde, langile eta ibai-ontzidi ugari zituen, eta oro har haien esku zegoen herrialde osoko aberastasunen zati handiena. Erregeez gainera, bazen gizarte talde berezi bat, nemehu, jabetza handiak zituena eta aberastasun iturria administraziotik kanpo zuena. Herritarren bizi baldintzak, aitzitik, gero eta okerragoak ziren, eta estatuarentzat gatibu lanak egitera behartuta zeudenen ihesak sarritan agertzen dira garai hartako dokumentuetan. Aldi berean, tenpluak faraoiengandik gero eta burujabeagoak ziren, metatuak zituzten aberastasun handiei eta beren merkataritza harreman sareari esker. Horrek guztiak, eta gainera monarkiak bizi zuen krisiak ?aldi hartan faraon asko egon baitzen aginpidean, denbora laburrean ordea? estatua ahuldu zuen, kanpoaldean eginiko konkisten galera ekarri zuen, eta bi aginpide eremutan banatu zuen Egipto: bata, hegoaldean, Karnakeko tenpluak kontrolatua, eta bestea iparraldean, faraoi dinastia ahul baten agintepean.

K.a. 1000 urtetik 650era estatua deseginez joan zen gero eta gehiago, Libiako gizaldeak infiltratu baitziren eta estatu txikiak sortu baitzituzten Deltan eta Egipto erdialdean. Sudaneko herritarrak, bestalde, faraoiek utzitako aginte hutsuneaz baliatu ziren Egiptoko gobernuaren mendetasunetik askatzeko, nubiar estatu bat sortzeko (Kush) eta Egipto zatitu eta ahuldu hartan esku hartzeko. Gerora Kusheko erregeek Egipto mendean hartu zuten, eta gogor lehiatu ziren Siria eta Palestina konkistatzen.

Nubiarren hedatze aldi hari Asiriak, hura baitzen eremu hartako potentzia nagusia, indarrez erantzun zion, eta horrenbestez Egipto konkistatu zuen, nubiarrak beren sorlekuraino atzerarazi zituen, eta egiptoar gobernadoreak jarri zituen han asiriarren aginpidearen ordezkari gisa eta nubiarren aurka kontra-aginte moduko bat era zezaten.

Gobernadore horietako batek, Psametiko I.ak, Saiseko gobernadoreak, Egiptoko aginpidea hartzea lortu zuen urraska-urraska, faraoi izendatu zuen gero bere burua asiriar inperioa desagertua zela baliaturik, eta itzuli zion azkenik Egiptori duela mende asko galdua zuen batasuna eta Mediterraneo ekialdean izan zuen eragina. Ahalegin handiak egin bazituen ere Saisen dinastiak Egiptoren burujabetzari eusteko, handik mende betera persiar inperio ahaltsuak Egipto azpiratu zuen. Tarteka independentzia aldi laburrak izan zituen arren, azkenerako Egipto akemenestarren inperioko probintzia soil bat izan zen.

Artea aldatu

Inperio Berriaren garaiko Egiptoren baliabide aberastasunak funtsezko eragina izan zuen sasoi hartako artean. Inperio Zaharraren garairako ere Egiptoko eraikinak oso handiak ziren arren, Inperio Berrian areagotu egin zen kolosalismorako joera. Tronura iristen zen faraoi bakoitzak aurreko guztiak gailenduko zituen eraikin eskergaren bat altxa nahi izaten zuen. Hiru arrazoi daude erraldoikeria eta aberastasun erakustaldi horien atzean: lehenik, Nubia eta Asiako lurralde berrietatik etorritako baliabide oparoak; bigarren, langile ugaritasuna, armadako soldaduak, gerra kanpainarik ez zenean, eta gerran harrapatutako preso elemenia; eta hirugarren, Gebel el Silsileh-ko harrobiak, kalitate oneko harria emateaz gainera, Nilo ibaiaren ertzean zeudenez, garraioa askoz errazagoa gertatzen baitzen.

Errege estatuagintza aldatu

Inperio Berriaren garaian nabarmen ugaldu ziren tenpluetako errege-estatuak. Ohikoa izaten zen tenpluaren sarreran faraoia irudikatzen zuten estatua eseri erraldoiak jartzea. Esfingeak eta Osirisen irudiko zutabeak prozesio bideen alde banatan ere jartzen ziren, bide horietatik igarotzen baitziren jainkoa eta bere segizioa ospakizun handietan. Aipatutako estatuak ez ezik, faraoia irudikatzen zuten zeremonia estatuak ere egin zituzten. Deir el-Bahariko tenplutik aldendu gabe, Hatshepsut erregina irudikatzen duten 28 estatuen hondakinak, Osirisen irudiko beste 40renak, eta 100 esfinge baino gehiago aurkitu dira, esfinge horietatik sei, lau metro baino luzeagoak eta 7,5 tona pisatzen dituztenak. Hatshepsuten estatua guztiek faraoi gizonezko bat bezala antzezten dute erregina, baina hazpegi leunagoekin. Hatshepsuten iloba eta oinordeko izan zen Tutmosis III.aren estatuek badute erreginaren antza aurpegian, baina faraoiaren hazpegiak gizaseme batenak dira, zalantzarik gabe, eta gorputza gihartsuagoa. Tutmosis III.aren aurpegierak eragin handia izan zuen ondorengo faraoien erretratuetan, hartaraino, non Inperio Berriko hiru dinastietako errege gehienek -eta baita geroagokoek ere- hura izan baitzuten eredu.

Amenhotep III.aren erregealdiak markatu zuen XVIII. dinastiako arte ekoizpenaren puntu gorena. Garai honetakoak dira lehoi eme burua zuen Sekhmet jainkosaren 600 irudi eseri, dioritan zizelatuak. Memnongo erraldoiak deitzen zaien eskultura eskergak ere Amenhotep III.aren irudiak dira, eta jarri zirenean, haren hileta tenpluaren alde banatan zeuden.

 
Nefertitiren soingain polikromatua, Amarna garai amaierakoa (Berlin)

Akhenaton faraoiaren erlijio iraultza etorri zenean, eskultoreek ahalegin handia egin behar izan zuten segur aski faraoiak berak definitutako arte eredu berrietara egokitzeko. Amarnako estilorako joera Amenhotep III.aren erregealdiaren azkenaldirako ere nabaritzen hasita zegoen. Amarnaren aldiko estatua garrantzizkoenak Karnakeko tenpluaren ekialdean aurkitutako faraoiaren estatua erraldoiak dira. Estatua batzuek ia ukigabe iraun dute, baina gehienetatik zati batzuk besterik ez dira geratzen. Hona estatua horien ezaugarri nagusiak: faraoiaren aurpegia ohi baino luzeagoa da, ezpain lodiak ditu, begiak eslaian eta kokots luze eta zorrotza. Gorputzak, berriz, emakumezkoen ezaugarriak gogorarazten ditu: bularralde nabarmena eta aldaka biribilduak. Espezialista batzuen ustez jaiotzatiko eritasunen zuen faraoiak. Beste batzuk faraoia gizonez jantzitako emakume bat zela esateraino iritsi dira. Segur aski, irudi horien asmoa artasuna eta emetasuna faraoiaren irudian batzea zen, hala Aton jainkoa bera irudikatzeko. Aipatu diren estatua erraldoi horiek ez ezik, Amarnaren garaiko eskultura gailena, zalantzarik gabe, Nefertiti erreginaren soingain margotua da, zeina, Tutmes eskultorearen lantegiko hondakinen artean aurkitu baitzen, gaur egun, Berlingo Egiptoko Museoan baldin badago ere. Kareharrizkoa da, igeltsuzko eranskin batzuekin, eta segur aski, Amarnaren garaiaren azken aldekoa. Begi bat amaiturik du -kolorezko orez begi zuloa bete eta harrizko kristalez estalia, zeinak guztiz itxura errealista ematen baitio- ; beste begi zuloa, aldiz, hutsik dago, osatzen bukatu gabe utzita, segur aski. Erreginaren aurpegia arrosa kolorekoa da eta ezpainak gorrilunez pintatuak ditu. Koroa urdin bat du buruan. Nahiz eta bustoak inolako idazkunik ez duen, erraz ezagutzen da nor den erliebeetako beste irudi batzuekin duen antzagatik.

Amarnako iraultza aldia amaitu ondoren, Tutankhamon erlijio ortodoxiara itzuli zen berriro. Garai honetako errege eskulturagintza ongi ezagutzen da, esandako faraoiaren hilobia eta hileta horniak ia ukigabe aurkitu baitziren. Faraoia eta Egiptoko jainkoak irudikatzen dituzten irudi asko daude. Zur pintatuzko edo urreztatuzko estatua horiez gainera, badira zenbait estatua multzo erregea Amon jainkoarekin irudikatzen dutenak, erlijio ortodoxiara itzultzea nabarmendu nahirik bezala. Estatua hauen ezaugarri nagusia jainkoaren eta faraoiaren arteko antz handia da, Egiptoko erregearen eta jainko horren gurtzaren arteko lotura estua azpimarratzeko.

Eskultura gutxi dago XIX. dinastiaren hasierakoa, baina Ramses II.aren erregealdi luzea (K.a. 1279-1213) izan zen denetan emankorrena faraoi irudien kopuruari dagokionez. Gainera, kontuan izan behar da, Ramses II.ak XVIII. dinastiako eta Inperio Ertaineko erregeen estatua asko erabilarazi zituela bereak egiteko. Ramses II.aren estatuagintza era askotakoa da, nahiz eta faraoiaren irudi erraldoiak diren nagusi, batez ere, Menfiseko errege estatua ikaragarria.

Giza tamainan egindako faraoiaren estatuek Tutmosis III.aren estiloa berreskuratzen dute, eta argi ikusten da XVIII. dinastiaren hasierako arte tradiziora itzultzen ahalegindu zirela. Estatuetan ez ezik, Ramesseumeko eta Abu Simbeleko tenpluko Osirisen irudiko zutabeetan ere irudikaturik dago Ramses II.a.

Geratzen diren XX. dinastiako errege estatua urriek erakusten dute aurreko bi dinastietakoak baino eskasagoak zirela kalitatez.

Estatuagintza pribatua aldatu

XVIII. dinastiaren hasierako estatuagintza pribatuak Inperio Ertaineko tradizioari eusten dio. Tenpluetan jartzeko edota hilobietan hildakoa irudikatzeko elementuak ziren estatuak. Asia aldeko konkisten ondoren Egiptoko goi klaseak asko aberastu zirenez, estatua pribatuen kalitatea ere nabarmen hobetu zen. Ugariak dira, Inperio Ertainean bezala, kubo tankerako estatuak, baina beste batzuetan zutik edo eserita ere irudikatzen zen hildakoa, magalean papiro bilkari bat zuela. Handiki garrantzizkoenen estatuak kalitate handikoak dira.

Amarnaren garaian asko urritu zen estatuagintza pribatua, baina tradiziozko gurtza berrezartzearekin batera, berriro hildakoen estatuak jarri zituzten Saqqarako hilobi aberatsetan. Han aurkitu dira Egiptoko estatuagintza pribatuko adibiderik ederrenak, hala nola Maia eta Aleriten estatua eseriak edota Horemebena. Asko dira, orobat, Ramsesen garaiko estatua pribatuak, mota askotakoak eta kalitate handikoak gehienak.

Erliebea aldatu

Inperio Berriaren garaian, tenplu eta hilobietako hormak apaintzeko erabili zen erliebea, batik bat, baina gainalde txikiagoetan ere zizelatu zituzten, sarkofagoetan eta hilarrietan, esate baterako. Ia gauza ziurra da erliebe guztiak pintaturik zeudela jatorrian, baina gehienek, gaur egun, galduta dute kolorea, edota oso toki babestuetan zeudenek baizik ez dute gorde.

 
Hatshepsuten tenpluko erliebe polikromatuak.

Lehenengo erliebeak Deir el-Bahariko Hatshepsuten tenplukoak dira. Arkitekturaren arloan monumentu hura berrikuntza handia izan zen bezala, erliebeak ere iraultzaileak izan ziren apaingarrien alorrean. Espezialista batzuek diotenez, apaingarriek baldintzatu bide zuten monumentuaren egitura.

Beheko eta erdiko zutabedietako lau horma luzeetatik hirutan, erreginak erabat gai berriak zizelarazi zituen, Hatshepsutek Karnaken agindutako lanak kontatzen eta laudatzen baitira. Hegoaldeko atarian, erreginak Punt herrira (Somalian?) bidalitako espedizioaren herri eman zen erliebeen bidez. Xehetasun osoz irudikatu ziren erliebeetan salerosgaiak, animalia exotikoak eta itsasoko animaliak. Erdiko zutabediko erliebeetan Hatshepsuten jainkozko sorkuntza dago irudikaturik, eta berorietan, erregina faraoi kategoriara iritsi izana justifikatzen da, Amon-Ra jainkoaren izendapen zuzenez, hain zuzen ere. Erliebe guztiak kareharri finean landuta daude, irudiak erliebean, eta atzeko planoa hustuta. Denak margoturik zeuden, baina batez ere pigmentu gorria eta horia gorde dira. Tutmosis III.aren garaian Karnakeko VIII. pilonoaren kanpoko aldea handik aurrera Inperio Berrian askotan errepikatuko zen gai batekin apaindu zen: faraoiak adatsetik oratzen ditu Egiptoren etsaiak eta borra edo aizkora batez mehatxatzen ditu, bertan akabatzera balihoa bezala. Tenpluen kanpoko murruetan Asiako gudu arrakastatsuak irudikatu zituzten.

Luxorreko tenpluko Amenhotep III.aren erliebeetan, aurrez Hatshepsutek erabilitako faraoiaren jainkozko sorkuntzaren gaia errepikatzen da. Ikonografia eta testuak erreginarenetik kopiatuta daude, eta faraoiaren izena baizik ez da aldatzen.

Artearen gainerako arloetan bezalatsu, Amarnako estiloa deitu zaiona nabarmentzen hasita zegoen erliebeetan ere, Amenhotep III.aren erregealdiaren azken alderako.

Hurrengo faraoiak (Amenhotep IV.a edo Akhenaton) Atoni kapera bat eraikitzeko agindu zuen Karnakeko tenpluan, gero, Horemeben garaian, suntsitu bazuten ere.

Azken faraoi honek eraitsitako kapera hartako materialak bere pilonoa eraikitzeko erabili zituen betegarritzat, eta horregatik berreskuratu ahal izan da kaperaren parte handiena. Hareharrizko 35.000 bloketxok osatzen zuten. Talatato deitzen zaie bloketxo horiei eta erliebeak dituzte zizelaturik.

850 talatatotan sed festa irudikatzen da, zeina erregealdiko laugarren eta bostgarren urtean ospatzen baitzen, eta baita Atonen omenezko ospakizun bat ere. Pasarte laburrak dira eta faraoiaren irudiak talatatoaren ia garaiera guztia hartzen du. Talatatoak ez ezik, Amarnako beste hilarri batzuk ere aurkitu ziren, eta berorietan, errege familiaren pasarteak irudikatzen dira, Atonen zaindaritzapean. Hilarri horietako gauzarik deigarriena Aton eguzki jainkoaren irudia da; izan ere, ordu arte bezala disko baten gisa irudikatu ordez, esfera bat zizelatu baitzuten hutsarte biribil batean. Faraoiaren familiaren gaia ere ordu arte ez bezala tratatu zen, lehenengo aldiz, familia pasarte arrunt bat bezala irudikatu baitzuten: errege-erreginak seme-alabez inguratuak ikusten dira, hauei musu ematen edota belaunetan dituztela.

Amarnako nekropoliko hilobiak erliebe pintatuz apainduak daude, baina kolorea galduta dute. Erliebeetako gai nagusia errege familia da, Amarnako eguneroko bizitzako pasarteak ikusten direla.

Tutankhamonen garaiko eta XIX. dinastiaren hasierako erliebeak perfekzio handikoak dira, eta gorde dute Amarnako estiloaren eragin pixka bat ere, Saqqarako Horemeben hilobian edota Abidoseko tenpluan antzematen den bezala.

Ramsesen aldiko erliebeetan XVIII. dinastiaren hasierako gaiak errepikatu ziren: faraoia bere gerra zalgurdian, eta Asiako hirien konkistak eta guduak. Bereziki esanguratsuak dira Rarneseumeko erliebeak eta Abu Simbeleko tenplukoak, zeinetan Ramses II.aren gerra kanpainak islatzen baitira.

Pintura aldatu

 
Snediemen hilobiko margolana, Deir el-Medina

Margolanak, batik bat, hilobi eta jauretxeetako apaingarritzat erabili ziren, baina tenpluetako horma eta zutabeetan erliebeak baizik ez ziren erabili. Papiro eta ostraketan ere egin zituzten pinturak.

XVIII. dinastiako lehen pinturak Erregeen Haraneko faraoien hilobietakoak dira.

Geroago, errege hipogeoetako hormak apaintzen zituzten irudiak erliebean zizelatu eta margotu egin zituzten, baina hilobi batzuk margolan soilez apaindu ziren gero ere. Era berean, kolore dirdaitsuetan margotutako pasarteez apaindu zituzten hilobi pribatuak. Marrazkilarien lanak garrantzi handia zuen erliebeak egiteko ere, zizelatzen hasi aurretik irudia marraztu behar izaten haitzen. Errege hilobietako gaiak erlijiozkoak dira, eta erlijio testuak berriz hieroglifoak, eta jainkoen eta faraoiaren irudiak tartekatzen dira. Hilobi pribatuetako margolanetan, aldiz, eguneroko bizitzako pasarte alaiak eta erlijio edo magia kutsuko beste batzuk islatzen dira, txandaka. Ramsesen garaiko margolan pribatuen artean aipatzekoak dira, duten kolore bizitasunagatik eta egoera onagatik, Deir el-Medinako nekropolian aurkitutako Snediemen hilobikoak, XIX. dinastiakoak, eta baita XII. dinastiako Inherkhauren hilobikoak ere.

Urregintza eta dekorazio arteak aldatu

 
Tutankhamonen hil mozorroa (Kairoko Egiptoar Museoa)

Gordetzen diren Inperio Berriko pieza gehienak Tutankhamonen hilobian aurkitutakoak dira. Urre, esmalte eta harri bitxizko bularreko, eskumuturreko, belarritako, eraztun eta kuttunez josia zegoen faraoi gaztearen momia. Piezarik harrigarriena faraoiaren aurpegiera duen hileta mozorro bat da, urrezko xafla lodi batez egina eta esmaltez koloreztatua. Momia zeukan sarkofagoa ere -azkenekoa- urrezkoa da, eta aurreko biak zurezkoak, urre xafla fin batez estalita.

Ramsesen garaitik gordetzen diren bitxi bakanek erakusten dute kalitateari bere hartan eutsi zitzaiola XIX. dinastiaren azkena arte.

Dekorazio arteen barruan sartzen dira egoera onean dauden eta hileta horniak osatzen zituzten gauzaki guztiak. Adibide gehienak Tutankhamonen hileta hornian aurkitutakoak dira, hau da, kutxak, aulkiak,flaskoak, oheak, eta faraoiak bizi zela erabilitako beste gauzaki batzuk, hala nola armak, oinetakoak eta baita jantziren bat ere.

Arkitektura aldatu

Tenpluak, jainkoen egoitzak aldatu

Inperio Berriaren garaian, tokian tokiko jainko gehienak Eguzkiak bereganatu zituen, Heliopolisko apaizen teologiaren eraginez. Orduan agertu ziren Amon-Ra, Sobek-Ra eta Montu-Raren gisako izenak. Eguzki jainkoa (Re edo Ra) patio zutabedun batean jarritako aldare batean gurtzen zen, estalperik gabe. Egitura horrekin bat eginda hipostiloa egoten zen, eta, hien aurretik, sarrerako pilono handi bat, zeina alde banatan bi dorre trinko zituen ate handi bat izaten baitzen. Eguzkia bi mendiren artetik jaikitzen zen tenpluari bizia ematera, eta, hain zuzen ere, bi mendi horien ikur ziren piloroko bi dorreak. Inperio Berriko tenpluak sinbolismoz zamatutako arkitektura elementu horiek guztiak uztartzen zituen, eta multzo guztia inguratzen zuela, temenos izeneko pezozko murru bat izaten zuen. Sarreran, alde banatan, esfingeak egoten ziren tenpluaren zaindari. Pilonoen kanpoko eta barruko hoanetan, faraoiaren irudia agertzen zen Egiptoren etsaiak porrokatzen. Pilonoen kanpoko aldetik lau zutiko luze egoten ziren estandarte bana haizetan zutela, historiaurreko tenpluetan bezala, toki sakratua eta tabua zen adierazgarri. Tenpluaren barren-harrenean santutegia egoten zen, oso harri gogorrezko bloke balearrean zulatuta. Santutegiko zorua urrez edo zilarrez estalia egoten zen.

Faraoien gurtzarako tenpluak aldatu

Gaur Deir el-Bahari deitzen zaion amildegiaren barrenean Mentuhotep I.aren hilobi tenplua zegoen hasieran. Hatshepsut erreginak (K.a. 1479-1457), toki horixe aukeratu zuen bere tenplua eraikitzeko, hain zuzen ere, Erregeen Haranaren beste aldean zegoelako. Senenmut arkitektoak zuzendu zituen obrak, tenpluaren alboko kapera batean irakurri ahal daitekeenez. Ez da ohikoa arkitektoaren izena bere obran azaltzea, baina heste iturri batzuetatik jakin da garrantzi handiko pertsonaia eta erregina oso hegikoa zela Senenmut hori. Eraikina, funtsean, hiru plataformaz dago osatua, eta euren artean aldapa batzuen bidez daude lotuak. Barrenekoa patio ireki bat da eta atari bat du atzean. Erdiko eta goreneko oinek harkaitzean zulatutako beste areto batzuk ere badituzte. Senenmutek, tenpluak inguruko paisaiarekin bat egitea ez ezik, lau angeluko eta poligono formako zutabeek argi/itzal joko ikusgarri bat eragitea ere lortu zuen, tokiko eguzki indartsuak efektua areagotzen zuela (ez da ahaztu behar Deir el-Bahari dela, mundu osoa hartuta, udan tenperatura handienetakoak izaten dituen tokietako bat).

 
Hatshepsuten tenplua

Hatshepsutek hasitako modari jarraiki -hilobia Erregeen Haranean eginaraztea eta, harekin inolako loturarik gabe, hileta tenplua beste nonbait altxatzea-, Ramses II.ak Nilo ibaiaren sartaldeko ertzean eraikiarazi zuen berea, "Rameseum" izenekoa, Tebasen parean, Abd el Gurna mendiaren oinean. Tenplu hori oso hondatua dago gaur egun, harrobitzat erabili baitzuten beste eraikin batzuk egiteko. Santutegiak, hipostiloak eta bi pilonok osatzen zuten eraikina, eta pilono bakoitzak bere patioa zuen, estali gabea. Tenpluaren atzealdean, biltegitarako erabiltzen ziren ganbarak zeuden. Pezozkoak dira eta egoera onean daude oraindik. Ganga formako sabaiak dituzte, eta horrek hankaz gora botatzen du egiptoarrek ez zutela gangarik eraikitzen zioen teoria. Tenpluaren ekonomia jardueretan eskuratutako laboreak eta jakiak gordetzen ziren ganbara horietan, tenplua, izan ere, lurren eta azienden jabe izaten baitzen. Hasieran, aintzira sakratu bat eta faraoiarentzako jauretxe txiki bat ere izan zituen. Tenpluaren kanpoaldean, 17 metro altu zen faraoiaren estatua erraldoi baten hondakinak aurkitu dira.

Nubiako Abu Simbeleko tenpluak ez dira, izatez, arkitekturako obrak, barruan arkitektura espazioak dituzten eskultura eskergak baizik. Tenplu hauetako elementuak, Inperio Berriko hileta hipogeoen antzera, materiala erauziz egin ziren, harkaitza zulatuz, alegia. Ez dago arrazoi garbirik esandako tenpluak Egiptoko tradiziozko erlijio zentroetatik hain urruti kokatzeko.

Eraikuntza nagusiak aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu


Aurrekoa
Egiptoko Tarteko Bigarren Aroa
Egiptoko Inperio Berria
Ondorengoa
Egiptoko Tarteko Hirugarren Aroa