Durdo handia edo durdoia[1] (Labrus bergylta) Labridae familiako ur gaziko arraina da, ekialdeko Ozeano Atlantikoan bizi dena[2].

Durdo handi
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPerciformes
FamiliaLabridae
GeneroaLabrus
Espeziea Labrus bergylta
Ascanius, 1767
Genomaren kokapenaensembl.org…

Jateko ona den arren ez da asko arrantzatzen. Europa iparraldeko izokin haztegietarako ekoizten da, arrainak garbitzen baititu.

Taxonomia aldatu

Peter Ascanius zoologo norvegiarrak deskribatu zuen 1767. urtean. Labrus generoak 180 espezie inguru izan zituen barnean[3] baina 2021ean guztiak lau espezie soiletan biltzea erabaki zen[4].

Euskal izendegia aldatu

Durdo handia izendatzeko hainbat izen daude Euskal Herrian[5]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
durdo handia
durdoia Santurtzi, Bermeo
peskita Biarritz
zapatero Santurtzi

Deskribapena aldatu

 
Durdoi handiaren burua.

Tamaina ertaineko arraina da, 50 cm inguruko luzera duena. Aurkitu den handienak 65,9 cm neurtzen zituen eta 4'4 kilogramo pisatzen zituen. 29 urtez bizi daiteke[6].

Gorputza lodia eta trinkoa da, eta ezkata handiek estaltzen dute. Kolore desberdineko aleak aurkitzen dira, adinak, bizi den sakonerak, urte sasoiak edo habitatak baldintzatzen baitu. Arrain gazteak inguruko algen artean kamuflatzeko kolore berdea izaten dute, ale batzuek esmeralda kolorea ere bai[7]. Helduek kolore berde iluna edo gehienetan kolore marroi, gorri edo laranja izaten dute, beti ere puntu zuri ugarik estaltzen dute gorputza[8]. Bizkarraldeko hegats luzea du, aurrealdean 18-21 arantza dituena eta atzean 9-13 erradio bigun.

Buru handia du eta mutur pikoa. Ahoa txikia den arren ezpain lodiak ditu, 7-9 tolestura dituztenak[9]. Hortzen ilara bakarra du, eta indartsuak eta zorrotzak dira. Arrain gazteek puntadun hortzak dituzte, helduek ordea gastaturik izaten dute punta hori.

Banaketa aldatu

Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean bizi da, Norvegia eta Britainiar uharteetatik Marokoraino. Azoreetan, Madeiran eta Kanarietan ere aurkitzen da. Mediterraneoan zehar ale batzuk identifikatu dira, baina dudazkoak dira, ziurrenik Labrus merula espezieari dagozkio[6].

Itsaso hondo arrokatsuetan aurkitzen da, gehienez ere 50 metrotako sakoneran. Ohikoena 2-30 metro arteko sakoneran ikustea izaten da[6]. Durdo gazteak marearteko eremuan aurkitzea ohikoa izaten da[6].

Biologia aldatu

 
Durdoi gazteak berdeak izaten dira inguruko alga artean kamuflatzeko.

Koral eta kelp alga artean ezkutatzen da[9]. Arrain bakartia da eta lasaia bada ere oso lurraldekoia da eta lurraldekoiak diren beste espeziekin istiluak izaten ditu[4].

Elikadura aldatu

Durdoaren hortzak arroketan itsatsita aurkitzen dituen molusku bibalbioak erauzteko prestaturik daude, esate baterako muskuiluak, horretarako ur azalekoagoetara inguratzen dira. Krustazeoak ere jaten ditu, oskol gogorreko karramarroak eta otarrain txikiak[10]. Itsas trikuak ere hautsi eta jaten dituzte[8].

Ugalketa aldatu

Errunaldia ekaina eta abuztua artean izaten da[5]. Arrak arroken arteko zirrikitu batean habia eraikitzen du algak eta belarrak erabiliz[11]. Eme batek edo gehiagok bertan uzten dituzte arrautzak. Arrak ernaldu eta zaindu egingo ditu, astebetera edo bi astetara larbak jaiotzen diren artean. Larbak pelagikoak direnez ur azalera igo eta zooplanktona osatzen dute[6].

Durdoak hermafrodita protoginoak dira. Guztiak eme jaiotzen dira eta 2 urte betetzen dituztenean sexu heldutasuna lortzen dute[9]. 4-14 urte arteko adinean ar bihurtzen dira. Durdo handienak arrak dira beraz[6].

Arrantza eta akuikultura aldatu

 
Durdoi handi arra.

Jateko ona da, baina ez da oso aintzat hartzen. Eskoziako Orkada uharteetan eta Irlandako Galway hirian plater ezaguna da[12], Galizian ere caldeiradak egiten dituzten durdoarekin[8], baina gainerakoan ez da asko kontsumitzen. Azken urteetan arrantza kiroleak "harrapatu eta askatu" lehiaketetan ohiko arraina bihurtu da[10].

Norvegiako eta Eskoziako izokin haztegietan arrain horiek izaten dituzten zorriak garbitzeko erabiltzen den bost espezietako bat da durdoa. Ziklopteroarekin batera funtzio hori betetzeko helburuaz ekoizten da. Larbak eskuratzen dira eta errotiferoz, kopepodoz, balano larbaz edo Artemiaz elikatzen dira[13]. Akuariumen arteko merkataritza ere badago durdoaren inguruan[6].

Erreferentziak aldatu

  1. Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode1137-439X..
  2. David Erwin, Bernard Picton, "Guide to Inshore Marine Life" The Marine Conservation Society 1987 ISBN - 907151 345
  3. (Ingelesez) «WoRMS - World Register of Marine Species - Labrus bergylta Ascanius, 1767» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-18).
  4. a b (Gaztelaniaz) «Labrus bergylta • Lábrido • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-18).
  5. a b «durdo» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-18).
  6. a b c d e f g «Labrus bergylta, Ballan wrasse : fisheries, gamefish, aquarium» www.fishbase.de (Noiz kontsultatua: 2024-01-18).
  7. (Ingelesez) «Ballan wrasse (Labrus bergylta) - MarLIN - The Marine Life Information Network» www.marlin.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-01-18).
  8. a b c (Gaztelaniaz) «Pinto de Galicia» Mar da Morosa (Noiz kontsultatua: 2024-01-18).
  9. a b c (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Labrus bergylta Ascanius, 1767» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-01-18).
  10. a b (Ingelesez) Wrasse Species | British Sea Fishing. 2012-09-16 (Noiz kontsultatua: 2024-01-18).
  11. «Labrus bergylta, Ballan wrasse : fisheries, gamefish, aquarium» www.fishbase.de (Noiz kontsultatua: 2024-01-18).
  12. Alan Davidson. (1979). North Atlantic Seafood. ISBN 0-670-51524-8..
  13. journals.biologists.com (Noiz kontsultatua: 2024-01-18).

Kanpo estekak aldatu