Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Dike (geologia)»

Dikea uraren igarotzea ekiditen duen lubeta da, eta naturala edo artifiziala izan daiteke; normalean, lurrezkoa izaten da eta ibai baten edo itsasertzaren paraleloa da.

Dike artifizialak aldatu

Dike artifizialen funtzioak honakoak izan daitezke:

  • Ibai eta itsasoen inguruko eremuak uholdeetatik saihestea; horretaz gain, ibaien fluxuak bideratzeko ere erabiltzen dira, fluxua azkartzeko helburuarekin. Hauei euste-dike deritze.
  • Eremu zehatz batzuk olatuen erasoetatik babestea.
  • Bideak eratzea.

Euste-dikeak aldatu

Dike hauek lurra ibai ertzean pilatuz eraikitzen dira tradizionalki. Oinarri zabala eta gailur zorrotzagoa izaten dute, eta gailur honetan harea-poltsak ezarri ohi dira.

Andeetako goi-lautadan, bereziki Peruko eskualdean, antzina champa izenez ezagunak diren lur begetalezko 30 × 30 cm-ko zati karratuz eraikitzen ziren, eta 15 cm inguruko lodiera zuten. Champa hauek, begetazioa kendu gabe eta alderantzikatuta ezartzen ziren, begetazioa haztearekin batera egitura sendotzeko helburuarekin, batez ere ertz libreetan. Zoritxarrez, ziurtatua dago prozedura hau ez dela oso eraginkorra, eta pixkanaka, teknikoki eraikitako egiturez ordezkatuak izaten ari dira. Gaur egun, lurrezko egiturentzako irizpide tekniko modernoak erabiliz eraikitzen dira ibai ertzak babesteko dikeak. Kasu askotan, hauen egitura konplexua izaten da: sostengu zati bat dute, nukleo iragazgaitz bat, eta haustura-arriskua txikiagotzeko oineko drainak.

Estatu Batuetako Mississippi eta Sacramento ibaietan eta Europako Po eta Danubio ibaietan zehar dike-sistema moderno aipagarriak daude.

Uholdeen aurkako euste-dikeen zatiak aldatu

 
Ainažiko dikea (Letonia).

Aurreko irudian ikus daitekeen zeharkako sekzioa lurreko euste-dike iragazgaitzarena da. Ondorengo zatiak ditu:

  • Gailurra.
  • Ertz askea.
  • Proiektuaren uraren maila.
  • Ur mailatik gorako ezponda (kasu honetan, urak dikearen artetik iragazteko joera duela kontuan hartuta, ur mailatik gorako ezponda, ibaiaren ibilguaren barnean kokatuta dagoena izango da).
  • Ur mailatik gorako lurzoruaren maila.
  • Koroa.
  • Ur mailatik gorako euste-gorputza. Dikearen zati honetan erabilitako materiala granularra eta ez oso iragazkorra izan daiteke.
  • Nukleo iragazgaitza.
  • Ur mailatik beherako euste-gorputza. Materiala iragazkorra izan behar da.

Olatu-horma aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Olatu horma»

Material eta granulometria ezberdina duten elementuek osatutako geruzen gainezarpenaz sorturiko estruktura artifiziala da. Helburua, babestu nahi den leku batera sartzen diren olatuetatik datorren energia kantitatea gutxitzea da, adibidez, portu batera. Ez dute euste-dikeek duten iragazgaiztasun-funtzio bera.

Hainbat dike-tipologia daude, kai-mutur ere deritzenak:

  • ezpondakoak
  • bertikalak
  • flotatzaileak
  • ...

Ezponda-dikeak betidanik zagorrezko nukleoarekin eraiki dira. Nukleoaren gainean tamaina handituz doazen elementuez osatutako geruzak gainjartzen dira eta geruza iragazgaitzez bereizten dira . Gaur egun, kanpoko mantua osatzen duten elementuak masa-hormigoiz osatutako kuboak, doluak, tetrapodoak... dira. Elementu horiek harri-lubeta ordezkatzen dute. Ezponda-dikeek olatuak apurtzen dituzte eta horrela egiten diete kontra.

Dike bertikalak hormigoi armatuzko kaxez osatuta daude. Kaxa horiek flotatzen eramaten dira behar den lekuraino, hondoratu egiten dira eta azkenik, agregakinez betetzen dira egitura zurruna sortu arte. Dike bertikalen abantaila nagusia da sakontasun berdinerako ezponda-dikeak baino material gutxiago behar dutela eta gainera aurrefabrikatuak izan daitezkeela. Bestalde, hainbat desabantaila ditu ezponda-dikeekin konparatuz. Batetik, dikearen pisua gainazal txikiagoan kontzentratzen du eta horren ondorioz kokatu ahal izateko lurzoruaren erresistentzia handiagoa izan behar da. Bestetik, olatuen energia islatu egiten dute eta ondorioz, egituraren esfortzuak oso altuak dira eta dikearen gertuko nabigazioa zailtzen da. Gainera, ez dute olatuaren haustura graduala eragiten ezponda-dikeetan gertatzen den bezala, eta, ondorioz, altuera handiagoko olatuetarako dimentsionatu behar dira.

Dike naturalak aldatu

Dike naturala ibaiak arrastaka eramandako material metaketak sortzen du uholde garaian. Metaketa ibaiaren ertzetan gertatu ohi da. Horren ondorioz, ibaiertza goratu egiten da modu mailakatuan, eta horregatik uholde gehiago eragiten ditu.

Kanpo estekak aldatu