Delphine de Vigan (Boulogne-Billancourt, 1966ko martxoaren 1a) frantses idazle bat da. Berak idatzitako eleberrien artean ezagunena No et moi da, 2007an argitaratua eta Frantziako liburu saltzaileen saria jaso zuena.

Delphine de Vigan

Bizitza
JaiotzaBoulogne-Billancourt1966ko martxoaren 1a (58 urte)
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
Familia
Ezkontidea(k)François Busnel
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, gidoilaria eta film-zuzendaria
Lantokia(k)Paris
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Izengoitia(k)Lou Delvig
Genero artistikoaeleberria
Gidoia

IMDB: nm3627727 Allocine: 268626 Allmovie: p762559
Musicbrainz: 294a9f38-f0b3-4cd0-8360-39c5ca5842b4 Discogs: 3344925 Edit the value on Wikidata

Biografia eta lanak aldatu

Iritzi galdeketen esparruan lan egin ostean, 2007az geroztik idazle lana da bere bizibidea.

Lehen eleberria, Jours sans faim (Goserik gabeko egunak, 2001, Éditions Grasset & Fasquelle), Lou Delvig goitizenaz kaleratu zuen. Neurri handi batean, istorio autobiografiko bat da, anorexiaren aurkako 19 urteko borroka eta sendabidea azaltzen dituena.

Geroztik, Delphine de Vigan-ek bere izenaz argitaratu ditu 2005ean Les Jolis Garçons (Mutiko ederrak) eleberri laburra, eta 2006an Un soir de décembre (Abenduko arratsalde bat), maitasunaren eta oroimenaren zailtasunez.

No et moi (No eta biok, 2007) eleberrian eremu berriak aztertzera sartu zen: nerabe bizkor bat, emakume etxegabe gazte bat laguntzera dator. Hizkuntza askotara itzulia izan den arren, euskarakorik ez argitaratu orain arte. Zinemara egokitua izan zen, 2001ean, Zabou Breitman zuzendariaren aginduetara[1].

Les heures souterraines (Lurrazpiko orduak) 2009an argitaratu zuen eleberriak «enpresa eleberriaren» saria jaso zuen, aholkularitza enpresek emana, Frantziako Lan Ministerioaren laguntzaz. Baita ere, Korsikako irakurleen saria jaso zuen.

Rien ne s'oppose à la nuit (Ezer ez da gauaren aurka, 2011) eleberria bere amaren bizitzaren kontakizun bat da, familia osoaren bizipenen bitartez. Sari asko jaso zituen Frantzian[2][3][4][5][6].

D'après une histoire vraie (Benetako istorio baten arabera, 2015) eleberrian emakume idazle antzu baten papera hartzen du. Azken eleberria argitaratu zenez geroztik, lehen pertsonan hitz egiten digun narratzaileak ez du deus argitaratzeko irudimenik izan. Egoera horrek sortzen dion barne asaldura gutxi balitz bezala, gutun izengabeak jasotzen hasten da, leporatuz aurreko eleberriarekin beraren familiari kalte izugarria egin diola. Halako batean, L. izeneko emakume bat sartzen da bere bizitzan, berak irakurri nahi lukeen eleberria idaztera bultzatzen du, gozo eta estu hartzen du, lagunengandik eta irakurleengandik bakartzen du... Haren lekua hartzen duen arte. Eleberrian oinarrituta, Roman Polanski zinema zuzendariak film bat egin zuen, 2017ko Cannesko zinemaldian estreinatu zena lehiaketaz kanpo[7].

Les loyautés[8] (Leialtasunak, 2018) eleberriarekin itzuli zen frantses literaturaren agertokira, ia hiru urteko isilaldi baten ostean. Argitaratu orduko, Frantziako literatur kritikaren sektore batzuetan eztabaida piztu zen, eleberri txiki bat ote zen[9], egileak aurrez kaleratutako lanen aldean. Bi gaztetxo neraberen arteko harremana da eleberriaren muina. Théo eta Mathis, institutu bereko ikasleak, adiskidetasun tinko batez gelditzen dira loturik, elkar ezagutzen duten orduko; elkarren zaurgarritasuna ezagutu eta isilean partekatzea dute, hain zuzen, estekarik sendoena. Narrazio psikologikotzat jo daitekeen istorioan barrena, mendebaldeko mundu garaikidearen gaiak gailentzen dira: heldutasunera iritsi gabeko helduak, haurtzaroa galtzen ari diren haurrak, hezkuntza erakundearen barruko tentsioak, irakasleen ezinegon desorekatzailea... Haur eta gazteen babesgabetasuna, hitz batera. Eleberriak, baina, erakutsi egiten du, ez du gertakarien arrazoietan sakontzen, gutxiago epairik ematen. Idazleak elkarrizketa batean azaldu zuenez[10],«moralik ez dago nire liburuan; nire interes bakarra da gauzak irauli ditzakeen une hori».

France Inter irrati kateak 2018ko irailean hasitako Oli[11] izeneko proiektuan parte hartu zuen, beste frantses idazle batzuekin batera. 5-7 urte bitarteko haurrentzako audio ipuinen proiektu bat da, idazlearen beraren ahotsaz podcast moduan grabatuak. Bere audio ipuinen aurkezpenean aitortzen du lehen aldiz idazten duela haurrentzat: «Horrek dena aldatzen du. Hasieran ikaratuta nengoen (...) Hitz egokiak hautatzen jakin behar da, baina haurrek aise ulertzen dituzte bigarren zentzuak eta txantxak (...) Haurrentzako istorio bat izanda ere, erronka bat da»[12].

Les gratitudes[13] (Eskertzak, 2019) eleberriak zahardadearen gainbehera, zalantzak eta larritasuna aztertzen ditu; gai sakon eta munta handikoa, baina, tarteka, umore zoli batez emana. Urteetan aurrera doan eran, Michka (Michèle) Seld ohartzen da ez bakarrik bere autonomia galtzen ari dela, baizik hitzak aurkitu ezinik ikusten duela bere burua, hitzak nahasi egiten zaizkiola, gero eta maizago; benetako tragedia bat, hitza bere lanbide izan zuen emakume batentzat. Zaharrentzako egoitza batera (Frantzian, EHPAD[14]) bizitzera doa, bere buruaz baliatzeko gaitasuna galtzen hasten denean. Michkaren etxeko beheko solairuan bizi den Marie emakume gazteak laguntzen dio urrats hori egiten. Familia desegituratu batetik ihesi, Michkaren etxean hartu zuen aterpe, gaztetxo zelarik; geroztik, amatzat dauka. Zaharren egoitzan, Jerôme ortofonistak lagunduko dio Michkari hitzen ahanztura arintzen eta oroimenaren beste alderdi batzuk ere berreskuratzen. Hitzaren garrantzia azpimarratu zuen idazleak, eleberria kaleratu osteko elkarrizketa batean[15]: «Hizkuntza galtzea aztertu nahi nuen, ez bakarrik izenburu baten bila. Lehenik, eleberria garatzeko aukera ematen zidalako, dramaturgia bat sortzeko aukera. Emakumea hitzak galtzen ari dela ohartzen den eran, konturatzen da esker bat esan gabe utzi zuela, berak noizbait eman nahi izan zuena».

Les enfants sont rois[16] (Haurrak dira errege, 2021) eleberrian sare sozialetan murgilduta bizi diren haur-nerabeen gorabeheren erretratu sakon eta gordin bat egiten du. Éditions Gallimard etxean argitaratutako lehen eleberria izan zuen.

Lanak aldatu

  • Jours sans faim (Goserik gabeko egunak), 2001, Lou Delvig goitizenaz
  • Les Jolis Garçons (Mutiko ederrak), 2005
  • Un soir de décembre (Abenduko arratsalde bat), 2005
  • No et moi (No eta biok), 2007
  • Les Heures souterraines (Lurrazpiko orduak), 2009
  • Rien ne s'oppose à la nuit (Ezer ez da gauaren aurka), 2011
  • D'après une histoire vraie (Benetako istorio baten arabera), 2015
  • Les loyautés (Leialtasunak), 2018
  • Nadine et Robert les poissons rouges (Nadine eta Robert arrain gorriak), 2018, bere ahotsez grabatutako audio ipuina.
  • Les gratitudes (Eskertzak), 2019
  • Les enfants sont rois (Haurrak dira errege), 2021

Itzulpenak euskaraz aldatu

Delphine de Viganen lanik ez dago argitaratuta euskaraz.

Sariak aldatu

Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak ematen duen Zilarrezko Euskadi Saria eman zioten Delphine de Vigani 2022an, Les gratitudes eleberriaren gaztelaniazko bertsioagatik (itzulpena: Pablo Martin Sánchez).[17] Saria jasotzeko ekitaldia azaroaren 9an egin zen, Donostiako liburudenda batean, eta idazlea bertan egon zen, saria jasotzen.[18]

Erreferentziak aldatu

  1. (Frantsesez) Culturebox. (2010-11-15). «Zabou Breitman adapte "No et moi" de Delphine de Vigan au cinéma» Franceinfo (Noiz kontsultatua: 2018-08-29).
  2. (Frantsesez) «Delphine de Vigan remporte le prix du roman Fnac» L'Express 2011-09-01 (Noiz kontsultatua: 2018-09-29).
  3. (Frantsesez) «Le Prix Roman France Télévisions 2011 à Delphine de Vigan» Le Parisien 2011-11-03 (Noiz kontsultatua: 2018-08-29).
  4. (Frantsesez) «Prix Renaudot des lycéens à Delphine de Vigan» Le Point 2011-11-08 (Noiz kontsultatua: 2018-08-29).
  5. (Frantsesez) «Distribution de prix littéraires: Delphine de Vigan s’impose à nouveau» Bibliobs 2012-06-01 (Noiz kontsultatua: 2018-08-29).
  6. (Frantsesez) «Delphine de Vigan reçoit le Goncourt des lycéens 2015 pour “D'après une histoire vraie”» Télérama 2015-12-01 (Noiz kontsultatua: 2018-08-29).
  7. Agote, Gontzal. (2017-10-28). «Thriller psikologikoarekin, hastapenetara buelta» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-08-29).
  8. (Frantsesez) «Les Loyautés» JC Lattès, Le Masque 2019-12-31 (Noiz kontsultatua: 2020-04-10).[Betiko hautsitako esteka]
  9. (Frantsesez) Inter, France. (2018). «"Les loyautés" de Delphine de Vigan est-il un livre mineur ?» www.franceinter.fr (Noiz kontsultatua: 2020-04-10).
  10. (Frantsesez) «Delphine de Vigan : "La loyauté nous porte, nous construit, mais parfois nous empêche"» Franceinfo 2018-01-30 (Noiz kontsultatua: 2020-04-10).
  11. (Frantsesez) «Oli : des histoires audio pour endormir les petits de 5 à 7 ans» France Inter 2918-09-05 (Noiz kontsultatua: 2018-09-05).
  12. (Frantsesez) «Delphine de Vigan : "Ecrire pour les enfants, ça change tout"» France Inter 2018-09-05 (Noiz kontsultatua: 2018-09-05).
  13. (Frantsesez) «Les gratitudes» JC Lattès, Le Masque 2019-12-31 (Noiz kontsultatua: 2020-04-10).[Betiko hautsitako esteka]
  14. (Frantsesez) «C'est quoi un EHPAD ? Définition de l'EHPAD pour tout comprendre» www.ehpad.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-10).
  15. (Frantsesez) Bornais, Marie-France. «Dire merci, en mots et en gestes» Le Journal de Québec (Noiz kontsultatua: 2020-04-10).
  16. (Frantsesez) «Les enfants sont rois, de Delphine de Vigan, un roman fascinant sur les enfants surexposés aux réseaux» LeMagduCine 2021-10-10 (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  17. «Las gratitudes - Vigan, Delphine de - 978-84-339-8083-0» Editorial Anagrama (Noiz kontsultatua: 2022-11-10).
  18. «Zilarrezko Euskadi Sariak jasoko dituzte Ana Malagonek eta Delphine de Viganek» www.kulturklik.euskadi.eus 2022-11-08 (Noiz kontsultatua: 2022-11-10).

Kanpo estekak aldatu