David Livingstone (Blantyre/Baile an t-Saoir, Hegoaldeko Lanarkshire, 1813ko martxoaren 19aZambia, 1873ko maiatzaren 1a) sendagile, misiolari kongregazionalista eta esploratzaile eskoziarra izan zen. Teologia ikasi zuen Glasgowko unibertsitatean, eta Royal Geographical Society elkarte prestigiotsuaren kidea izan zen. Afrikako erdialdean hainbat leku topatu zuen europar zientziarako, batez ere gaurko Zambia eta Zimbawen. Behaketa astronomikoez baliaturik kokapen zehatzak ezartzen lagundu zuen eta agiriak gauzatu zituen zoologia, botanika eta geologian. XIX. mendeko viktoriar gizartearen ikur nagusietakoa izan zen, eta inperioko interesak eta, kolonialismoa ahalbidetu bazituen ere, esklabismoaren aurka eta txiroen alde agertu izan zen.

David Livingstone

Bizitza
JaiotzaBlantyre (Hegoaldeko Lanarkshire)1813ko martxoaren 19a
Herrialdea Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
 Erresuma Batua
 Eskozia
HeriotzaIlala Hill (en) Itzuli1873ko maiatzaren 1a (60 urte)
Hobiratze lekuaWestminster abadia
Heriotza moduaberezko heriotza: malaria
Familia
Ezkontidea(k)Mary Moffat Livingstone
Seme-alabak
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
HeziketaGlasgowko Unibertsitatea
Imperial College School of Medicine (en) Itzuli
Charing Cross Hospital Medical School (en) Itzuli
Gilbertfield House School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea, mediku idazlea, geografoa, idazlea eta misiolaria
Jasotako sariak
KidetzaRoyal Geographical Society
London Missionary Society (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaEliza kongregazionala

Find a Grave: 1276 Edit the value on Wikidata

Biografia aldatu

 
David Livingstonen jaiolekua
 
David Livingstonen erretratua
 
Victoria Falls

David Livingstone Blantyren jaio zen Hegoaldeko Lanarkshire, 1813ko martxoaren 19an. Eskoziako gune horretan, Clyde ibaiaren ertzean, Bothwell zeharkatzen duen zubian, kotoi fabrikan lan egiten zuten langileentzako eraikin batean jaio zen. Aita Neil Livingstone (1788-1856) izan zuen eta ama, berriz, Agnes Hunter (1782-1865). Bere sendikoak bezalaxe, 10 urterako herriko kotoi fabrikan lanean hasita zegoen eta, anaia Johnek 12 orduko saioak egiten zituen iruteko makinan kotoi hariak lotzen.

Neil Livingstone pertsona erlijiosoa zen oso eta zientzia liburuek kristautasuna ahulduko ote zuten beldur zen. Semeak teologiako liburuak bakarrik irakurtzea nahi zuen, baina, David oso zaletua zen naturan eta zientzietan eta erlijioa eta zientzia uztartu beharra izan zuen.

Medikuntza ikasten aritu zen Londresen eta, bitartean, Ongarreko elizan sartu zen, Essexen[1]. Nortasun handiko gizona, predikatzaile xumea, ordea. Lanak izan zituen gaiak gainditzen.

Livingstonek Txinara joateko gogoa zuen, misiolari, baina 1839ko irailean, Opioaren Lehen Gerra hasi zen eta Mendebaldeko Indietara joatea aholkatu zioten. 1840an, Medikuntza ikasketekin jarraitzen zuen Londresen eta Livingstone Robert Moffat misiolariarekin bildu zen eta Hego Afrikako misiolari lan baten inguruan aritu ziren. 1841ean iritsi zen Hego Afrikara Londresko Elkarte Misiolariaren ministro paperean.

3 urte geroago, 1845ean, Mary Moffatekin ezkondu zen, Mary eta Robert Moffat misiolari eskoziarren alaba zaharrenarekin, alegia. Maria 4 urte zituenetik Afrikan bizitakoa zen, baina ez zuen senarraren esploratzeko grina konpartituko. 6 seme-alaba izan zituzten, baina Davidek ez zion denbora gehiegi eskaini familiari eta bere damua adieraziko zuen gero. Malariak hilko zuen Maria 1862an[2].

8 urtez aritu zen misiolari eta William Cotton Oswell eta biak Kalahari basamortuan sartu ziren, Ngami aintzira deskubrituz (1849) eta Zambezi ibaira iritsiz (1851).

1852 eta 1856 artean, Ozeano Atlantikotik Indiako ozeanoarako bidaiari ekin zion; 1855eko azaroaren 16an, Zambeziko ur-jauziak aurkitu zituen; Makololoek Ke zaratatsua izena ematen zien haiei eta Livingstonek, berriz, Victoria deitu zien, Erresuma Batuko erreginaren omenez. Livingstonek Afrikako bideak ireki nahi zituen misiolari eta merkatari lana errazteko xedean. Helburu horretan, Zambezi ibaia nabigagarria izatea garrantzi handikoa zen. Ingalaterrara itzuli zen proiekturako laguntza eskatzeko eta espedizioei buruzko liburua editatu ahal izateko.

Zanbezi ibairako espedizioa aldatu

 
David Livingstonen bidaia Afrikan zehar

1858 eta 1863 artean, Nyassa eta Zambezi arteko gunea aztertu zuen sakon eta Kabrabasako urlasterren ondoren (Cahora Bassako presa), ibaia nabigaezina egiten zen, katarata eta urlaster ugari baitzegoen. Espedizioak porrota jasan zuen eta Livingstonen lagun gehienak hil ziren, anaia eta emaztea, Charles eta Mary, disenteriak hilko zuena 1863ko apirilaren 29rako.

Kritika ugari jasan zuen egunkarietan eta, ondoren, Livingstonek zailtasun handiagoak izango zituen Afrikako esploraziorako fondoak lortzeko.

Nilo ibaiaren iturburua aldatu

1865ean, Royal Geographical Society elkarteak Nilo ibaiaren jaiotza bilatzeko izendatu zuen; 1862an aurkitu zuen Spekek, baina emaitza oso eztabaidatua izaten jarraitzen zuen.

1866ko martxoan, Afrikara itzuli zen esplorazioarekin jarraitzeko asmoz. Zanzibarren eman zion hasiera (gaurko Tanzanian) eta, Bangweulu eta Moero aintziraz gain, Lualaba ibaia ere aurkitu zuen. Livingstonek okerra egin zuen Nilo zela pentsatu baitzuen eta ez zen Kongo ibaia zelaz ohartu. Gero, Tanganika aintzira ertze aldera jarraitu zuen[3].

1871n, David Livingstone bost hilabetez egon zen Kongoko herrixka zen Nyangwen. Paperik gabe geratu zen eta tinta ere ahitzear zuen eta, egunerokoa The Standard egunkariaren ale zahar baten gainean idatzi behar izan zuen behin-behinekoz, bertako haziak tinta egiteko erabili zituelarik.

1871ko uztailaren 15ean, oraindik Nyangwen zegoen eta esklabo mekatariek egindako sarraski handi baten testigu izan zen. 400 edo 500 afrikar, emakumeak gehienak, hil ziren egun batean eta Livingstone izututa geratu zen[4].

Sarraski hark oso gorputz txarra utzi zion Livingstonei eta ezin izan zuen Nilo iturburuaren bila jarraitu. Nyangwetik 240 milia egin zituen, berriro Ujijira itzuliz, Tanganyika aintziraren ekialdeko ertzean zegoen arabiar asentamentu batera. Hantxe egin zuen topo Henry Morton Stanley kazetariarekin.

Livingstone eta Stanley aldatu

 
Stanley
 
David Livingston eta Stanley

Bitartean, urteak pasatu ziren eta Ingalaterran ez zen Livingstonen arrastorik. New York Herald egunkariak esploratzailearen bila joateko espedizioa antolatu zuen eta Henry Stanley izango zen buru.

1871n aurkitu zuen Stanleyk Livingstone Tanganika aintzira ondoan dagoen Ujiji hirian eta hantxe esan zion hain ospetsu egin zen esaldia:

« Livingstone doktorea, ezta?[4] »

Badirudi horrela erantzun ziola Livingstonek:

« Bai eta oso gustura nago zuri ongietorria ematen![5] »

Grina handiz esploratu zuten biek Tanganika aintziraren iparraldea, baina Livingstonek ez zuen Ingalaterrara itzultzerik nahi izan eta, 1872ko martxoan, banandu ziren Taboran, bakoitzak bere bidea jarraitu zuelarik[6].

Gaixotasuna eta heriotza aldatu

 
David Livingstonen memoriala Victoria Fallsen (Zimbabwe)

Livingstonek bere esplorazioekin jarraitu zuen, 1873ko maiatzaren 1ean hil zen arte. Zambian zegoen, Bangweulu aintzira ondoan zegoen herrixka txiki batean, malariak eta disenteriak eragindako odoljario batek hil zutenean. Gorpua gatzetan mantendu zuten eta Indiako ozeanoko kostan zegoen Bagamoyora eraman zuten. Handik Ingalaterrara eta Westminster Abadian eman zioten lur. Hala ere, bere sentimenduak bezalaxe, Livingstonen bihotza Afrikan geratu zen, hango biztanleek zuhaitz baten azpian gorde zutelako.

Kanpo loturak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: David Livingstone  

Erreferentziak aldatu