Codex Calixtinus (euskaraz Kalistoren Kodexa) edota Liber Sancti Iacobi (Jakueren Liburu Santua) XII. mendearen erdialdean idatzi eskuizkribu argiztatu bat da. Latinez idatzia dago. Garai hartako erromesek Santiago de Compostela hirira iristeko asmoz jarraitzen zuten Done Jakue bidearen bidaia gida bat da, bertan aholkuak, ibilbidearen deskribapenak, bai eta artelanen eta Done Jakue bideak igarotzen dituen lurraldeetako herriena ere (euskaldunak barne). Done Jakue apostoluaren loturiko sermoiak, mirariak eta testu elizkoiak ere baditu.[1]

Codex Calixtinus
Codex Calixtinus, 4. orr., Done Jakue apostolua.
Datuak
Idazlea (XII. mendea)
GeneroaBidaia Gida
Jatorrizko izenburuaCodex Calixtinus
HizkuntzaLatina
HerrialdeaDone Jakue bidea
Euskaraz
IzenburuaKalistoren Kodea

Bertan ageri da, V. liburuan, euskarazko lehenengo hiztegitxoa. Ez da euskarazko idatzizko lehen agerpena (zaharragoak dira emilianotar glosak edo erromatar garaiko izen bereziak), baina bai lehen hitz zerrenda, ordainekin emandako hiztegitxo txiki bat; bidaietarako gaur egunean egiten direnen antzekoa. Izan ere, nolabait funtzio hori du testuak, ustez idazleek eginiko bidea, Donejakue bidearen deskribapen batean datorrena (Iter pro peregrinis ad Compostellam). Azken aldian, zenbait adituk Compostelako Katedralaren Eskolan talde lanean ondu zela azaldu dute, baztertuz halaber Aymeric Picaud batek bidaia hori egingo zuenik.

Santiago de Compostelako katedralean gordeta dago nahiz eta 2011ko uztailaren 5ean lapurtua izan.[2][3] 2012ko uda hasieran poliziak eskuizkribua Milladoiro herrian errekuperatu zuen.[4]

Egitura aldatu

Codex Calixtinus idazlana bost liburuz osatua dago, eta denera bi aldeetatik idatziak dauden eta 295 x 214 mm-ko neurria duten 225 eskuizkribu orri ditu. Salbuespenak salbuespen, testua beti zutabe batean eta orrialdeko 34 lerrotan banaturik doa.

Kodearen egitura honako hau da:

Orrialdea Antzinako zenbaketa Liburua Latinezko izenburua Deskribapena
1 - 2. orr. Kalixto II.a aita santuaren gutuna
2 - 139. orr. I. Liburua Anthologia liturgica Liturgien Liburua
139 - 155. orr. II. Liburua De miraculi sancti Jacobi Mirarien Liburua
156 - 162. orr. III. Liburua Liber de translatione corporis sancti Jacobi ad Compostellam Done Jakueren gorpuaren translazioa
163 - 191. orr. 1 - 29. orr.
(bilduma banandua)
IV. Liburua L'Historia Karoli Magni et Rotholandi Karlomagno eta Errolanen Historia
192 - 213. orr. 163 - 184. orr. V. Liburua Iter pro peregrinis ad Compostellam Erromesaren Gida
214 - 219. orr. 185 - 190. orr. I. Eranskina Polifonia idazlanak dauzka
220. orr. 191. orr. (desagertua)
221 - 225. orr. 192 - 196. orr. II. Eranskina Jatorrizko eskuizkribua baino beranduago idatzitakoa da

Lehenbiziko liburuak liturgia izaera du, bigarrenak hagiografia izaera, hirugarrena eta laugarrenak historia izaera, eta bosgarrena, Erromesaren Gida moduko bat da eta liburu guztietan ospe handia bereganatu zuen.

Iruditegia aldatu


Euskararen eta euskaldunen berri aldatu

Erromesak ez zuen euskaldunei ez euskarari buruz oso iritzi ona, inondik ere. Hona hemen euskal hitzak dakartzaten esaldiak:[5]

« Nauarri et Bascli unius similitudinis et quali-

tatis in cibis sellicet et uestibus et lingua haben-
tur, sed Bascli facie candidiores Nauarris appro-
bantur. Nauarri pannis nigris et curtis usque ad
genua tantummodo, Scotorum more, induuntur et
sotularibus, quos lauarcas uocant, de piloso corio
scilicet non confecto factas, corrigiis circa pedem
alligatas, plantis pedum solummodo inuolutis, ba-
sibus nudis, utuntur. Palliolis uero laneis, scili-
cet atris, longis usque ad cubitos, in effigie pe-
nule fimbriatis, quos uocant saias, utuntur... Si
illos comedere uideres, canibus edentibus uel por-
cis eos computares. Sique illos loqui audires, ca-
num latrancium memorares. Barbara enim lingua
penitus habentur. Deum uocant Urcia, Dei geni-
tricem Andrea Maria, panem ogui, uinum ardum,
carnem aragui, piscem araign, domum echea ,
dominum domus iaona, dominam andrea, eccle-
siam elicera, presbiterum belaterra, quod inter-
pretatur pulcra terra, tricticum gari, aquam uric,
regem ereguia, sanctum Iacobum Iaona domne
Iacue. [...] Ubicumque Nauarrus aut Basclus per-
git, cornu ut uenator collo suspendit et duo iacu-
la aut tria, que auconas uocat, ex more manibus
tulit.

»
Codex Calixtinus (letra lodiz nabarmendu ditugu euskal hitzak)[6]


Itzulpena
« Nafarrek eta euskotarrek itxura eta ezaugarri berberak dituzte janariei, jantziei eta hizkuntzari dagokienez, baina begitartea zuriagoa dute euskotarrek nafarrek baino.

Nafarrak belaunetarainoko oihal beltz laburrekin janzten dira, eskoziarren erara, eta lauarcas 'abarkak' deitzen dituzten oinetakoak erabiltzen dituzte, ondu gabeko larru iletsuz eginak, oinetara lokarriz lotuak, oinazpiak soilik inguratu eta gainerakoa agerian uzten dutenak. Ilezko gainjantzi beltz batzuk erabiltzen dituzte ordea, luzeak, ukalondoetarainokoak, azpilduradunak longainen antzera, saias deitzen dituztenak.

Zinez itsusi janzten dira eta itsusi jan eta edaten dute. Nafar etxeko guzti-guztiek, hala jopuak nola ugazabak, hala neskameak nola ugazabandreak, jateko guztia lapiko bakarrean nahasita jan ohi dute, koilararekin barik bakoitzak bere eskuekin, eta edan edalontzi bakarretik edaten dute. Jaten ikusiko bazenitu, jaten ari diren txakur edo txerritzat hartuko zenituzke.

Berbetan entzungo bazenitu, adausika ari diren txakurrekin oroituko zinateke, hizkuntza erabat basatia baitute: Jainkoari Urtzia deitzen diote, Jainkoaren amari Andrea Maria, ogiari ogi, arrainari arraiñ, etxeari etxea, etxeko jaunari iaona, etxeko andreari andrea, elizari elizera, apaizari belaterra —esan nahi baita, pulcra terra 'lur ederra'—, gariari gari, urari urik, erregeari erregia, Done Jakueri Iaona domne Iakue.

[...]

Noranahi doala nafarra edo euskotarra, adarra eraman ohi du idunetik zintzilik ehiztariak bezala, eta auconas 'azkonak' deitzen dituen bi edo hiru jaurtigai eskuetan.

»
Gidor Bilbaoren itzulpenean oinarritua[7]

Aymeric Picaudek Basclus aipatzean (hemen euskotarrak izenarekin itzuli dena), gaurko Ipar Euskal Herriko euskal herritarrez ari da; Nauarrus aipatzean (hemen nafarrak itzulia), berriz, gaurko Hego Euskal Herriko euskal herritarrez.[7]

Lexikografiaren ikuspegitik, eta baita euskararen historiarako ere, Picauden zerrendak nabarmentzeko moduko datu batzuk ematen dizkigu. Esaterako, biltzen dituen euskarazko 18 hitzetatik, 7 mugagabean daude («panem ogui, uinum ardum, carnem aragui, piscem araign [...] tricticum gari») eta gainerakoak mugatuak, izen bereziak eta partitibo bat («aquam uric») dira. Horrek aditzera ematen digu XII. mendean, ziurrenik, euskaraz hitz bat aipatzerakoan (oraindik) mugagabea erabil zitekeela, nahiz eta ordurako mugatua ere baliatzen hasia zen.[5]

Picauden hiztegitxoa, hurrengo bidaiari gehienenak bezala, arlo semantiko jakin batzuetara mugatzen da, funtsean helburu praktikoa zutelako: ostatua, jan-edanak, jantziak eta, nola ez, erlijio kontuak. Izan ere, Europa guztian bezala, horrelako zerrenda asko, baita hurrengo mendeetan gaika antolatutako zenbait hiztegi ere, eskema teozentriko baten arabera antolatzen ziren, zerrendako lehenengo hitza Jaungoikoari dagokiona edo antzeko bat izanik: «Deum uocant Urcia».[5]

Hiztegi horretako baliokidetzen artean, zalantzazkoa da aipatu berri dugun hori, hala ere. Urtzi deitzen zioten benetan antzinako euskaldunek Jaungoikoari? Halaxe pentsatu dute ikertzaile batzuek; baina, gaur egungo hainbat euskalariren ustez —esaterako, Ricardo Gómezen ustez—, oso litekeena da hitz horrekin Picauden berriemaileak «zerua» esan nahi izatea. Izan ere, nola adierazi ahal zieten bidaiari hauek beren berriemaile euskaldunei zein hitz esatea nahi zuten? Euskaraz ez jakin, berriemaileak latinez ere ez, eta, ezinbestean, keinuka edota objektuak seinalatuz moldatu behar. Beraz, imajina dezagun Aymeric bere berriemaileari «Jaungoikoa» euskaraz nola deitzen zion esanarazi nahian; beharbada, beste ahalegin batzuen ondoren, atzamarraz zerua erakutsiko zion, eta berriemaileak «urtzia» esan, ‘zerua’ noski.[5]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu