Charles Messier

astronomo frantziarra

Charles Messier (Badonviller, Lorrena, 1730eko ekainaren 26a - Paris, 1817ko apirilaren 12a) Messier sistema edo M sistema deritzon katalogoa sortu zuen astronomo frantsesa izan zen. Katalogo horretan, bere izena daramaten espazioko 110 objektu sartu zituen eta 1774an eman zen argitara lehenengoz. Messier objektuak M1etik M110era arte daude zenbakituta eta gaur egungo zaleek ere horrela ezagutzen dituzte.

Charles Messier

Bizitza
JaiotzaBadonviller1730eko ekainaren 26a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParis1817ko apirilaren 12a (86 urte)
Hobiratze lekuaPère Lachaise hilerria
Familia
Ezkontidea(k)Mrs Charles Messier (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Irakaslea(k)Joseph-Nicolas Delisle (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakastronomoa
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaRoyal Society
Suediako Zientzien Errege Akademia
Frantziako Zientzien Akademia
Zientzien Errusiar Akademia
Prusiako Zientzien Akademia

Find a Grave: 40488820 Edit the value on Wikidata

Biografia aldatu

 
Badonvillerren, Messierren omenez ezarritako plaka

Charles Messier 1730eko ekainaren 26an jaio zen, Badonvillerren (Lorrena), Frantzian. Aita Nicolas Messier Gorteko administratzailea izan zuen eta, ama, berriz, Françoise B.. Bikoteak 12 seme-alaba izan zituen eta Charles haietako hamargarrena izan zen. Senideetako 6 anaia-arreba gaztaroan edo lehenago hil ziren eta, 1741ean, aita bera ere bai.

1744an agertu zen kometa handia eta 1748ko uztailaren 25eko eguzki eklipsea ikusteko aukera izan zuen eta horrek astronomiarako zaletasuna piztu zion.

1751n, frantses itsas armadako astronomoa zen Joseph Nicolas Delisleren pean hasi zen lanean eta honek eman zion bere behaketen erregistro zehatza eramateko ardura. 1753ekoa da Messierren lehen behaketa dokumentatua, maiatzaren 6ko Merkurioren trantsitua.

Urte askoz aritu zen laguntzaile lanetan Parisko Cluni Hotelean kokatuta zegoen Itsas Behatokian, bere aurkikuntzak burutu zituen lekua, alegia.

Delisleren zuzendaritzapean, Messierrek Edmund Halleyk 1682an ikertu zuen kometaren balizko ibilbidea marraztu zuen. Delisleren kalkuluetan oinarrituz, 18 hilabetez aritu zen kometa ospetsu haren bila, baina Delisleren kalkuluak ez zeuden ondo eta ezin izan zuen Halley kometa aurkitu. Hala ere, bai aurkitu zuen 1758ko abuztuaren 14an, C/1758 K1 De la Nux. 1759ko urtarrilaren 21ean aurkitu zuen, azkenean, Halley kometa, baina, esan bezala, ez Delislek kalkulatutako eremuan eta honek ez zion bere ikasleari aurkikuntza argitara ematen utzi. Johann Georg Palitzsch astronomo alemaniarrak hartu zion aurrea eta 1758ko abenduaren 25ean ikustatuko zuen Saxonian (Alemania), Frantziara 2 hilabete geroago iritsiko zelarik[1].

Katalogoan dauden objektu guztiak ez zituen Messierrek deskubritu, horietako batzuk Pierre Méchain frantsesak aurkituta baitzituen, jada, eta, urte batzuk lehenago, Edmond Halley bezalako astronomoek ere bai. Esaten dutenez, Messier kometak ehizatzen zalea zen eta, 1758ko abuztuaren 28an, M1ekin (Karramarroaren nebulosa) eman zion hasiera bere katalogoari, astronomo ingelesak aurreikusitako datan, zeruan, 1P/Halley kometaren bila ari zen bitartean[2].

1764an, Royal Societyren kide egin zuten eta, 1769an, Suediako Errege Akademiko Zientzia arloan atzerriko kide egin zuten eta, 1770eko ekainaren 30ean, Frantziako Zientzietako Akademiako kide egin zuten.

Aurkikuntzak aldatu

Messierren lehenengo aurkikuntza esanguratsua M3 kumulu globularra izan zen, 1764an. Egia esan, astronomo hau kometak ez direnen katalogoagatik ospe handiagoa du aurkitutako kometengatik baino, baina batak bestera eraman zuen. Katalogoa argitaratu zenean, William Herschelel proiektu handi batean sartzeko grina izan zuen, 1783an hasi eta 28 urtez ikerketan arituko zena, ipar hemisferioko nebulosa eta kumulu pila katalogatzen lagundu ziona[3].

Messierrek 13 kometa deskubritu zituen:

  • C/1760 B1 (Messier)
  • C/1763 S1 (Messier)
  • C/1764 A1 (Messier)
  • C/1766 E1 (Messier)
  • C/1769 P1 (Messier)
  • D/1770 L1 (Lexell)
  • C/1771 G1 (Messier)
  • C/1773 T1 (Messier)
  • C/1780 U2 (Messier)
  • C/1788 W1 (Messier)
  • C/1793 S2 (Messier)
  • C/1798 G1 (Messier)
  • C/1785 A1 (Messier-Pierre Méchain)

Heriotza eta legatua aldatu

Charles Messier 1817ko apirilaren 12an hil zen, Parisen (Frantzia) 84 urte zituenean. Hiriko Père Lachaise hilerrian eman zioten lur, 11. sekzioan. Hilobi xumea du eta ez dago gehiegi nabarmenduta. Frédéric Chopinen hilobitik gertu deskantsatzen du, mendebalderantz eta iparralderantz, Abraham-Louis Breguet bitxigilearen mausoleoaren atzean.

Ilargiko Messier kraterra eta 7359 Messier asteroidea bee omenez izendatu zituzten horrela.

Erreferentziak aldatu