Bon Jovi 1983an Sayrevillen (New Jersey) sortutako rock musika talde estatubatuarra da. Taldearen partaideak gaur egun Jon Bon Jovi abeslaria, Richie Sambora gitarrista, David Bryan teklatua eta Tico Torres bateria dira. Hugh McDonald baxuak ere taldearekin jotzen du 1994an modu ez ofizialean Alec John Such ordezkatzera sartu zenetik.[2] Taldea rock ereserkiak idazteagatik ezagun egin zen eta mundu mailako ospea 1986an heldu zitzaion Slippery When Wet albumarekin hain zuzen ere. Bon Joviren abesti ezagunenen artean Livin' on a Prayer, You Give Love a Bad Name, Wanted Dead or Alive, Bad Medicine, Keep the Faith, Bed of Roses, Always, It´s My Life, Everyday, Have a Nice Day eta We Weren´t Born To Follow daude. Hauetako bat gainera, Livin' on a Prayer, 80. Hamarkadako abesti onena bezala izendatua izan da VH1 telebista kate estatubatuarraren arabera.[3]

Bon Jovi
Datuak
JatorriaSayreville, New Jersey (AEB)
Musika motaHard rock, glam metal, pop-rock[1]
Urteak1983 - gaur egun
Produkzioa
Diskoetxea(k)Mercury Records
Island Records
Taldekideak
Jon Bon Jovi
Richie Sambora
David Bryan
Tico Torres
Lehengo taldekideak
Alec John Such
Sariak
Jasotako sariak
Informazio gehigarria
www.bonjovi.com
IMDB: nm1654945 TCM: 354254 Metacritic: person/bon-jovi TV.com: people/bon-jovi
Facebook: BonJovi Twitter: BonJovi Instagram: bonjovi VK: bonjoviofficial MySpace: bonjovi Youtube: UCkBwnm7GOfYHsacwUjriC-w TikTok: bonjovi Souncloud: bonjovi Spotify: 58lV9VcRSjABbAbfWS6skp iTunes: 122782 Last fm: Bon Jovi Musicbrainz: 5dcdb5eb-cb72-4e6e-9e63-b7bace604965 Songkick: 263609 Discogs: 124541 Allmusic: mn0000069534 Deezer: 637 Edit the value on Wikidata

80. hamarkadako grabaketa eta itzulien ondoren, 1990 eta 1992 urteen artean taldeak atsedenaldi bat hartu zuen. Denbora tarte horretan bai Jon Bon Jovi eta baita Richie Samborak ere disko bana atera zuten bakarlari moduan. Atsedenaldiaren ostean, 1992an Keep the Faith albumarekin itzuli zen taldea indarberriturik. Hala ere, hiru urteko beste atsedenaldi bat hartu zuen aurrerago eta 2000. urtean Crush albuma eta It´s My Life abestiarekin berragertu zen taldea. Abesti honek arrakasta handia lortu zuen jende gaztearen artean eta taldeak garai berrietara egoki zitekeela erakutsi zuen. Geroztik, taldeak hainbat album argitaratu ditu, azkena 2009an The Circle izenekoa.

Bere ibilbidean zehar Bon Jovik estudioko hamabi album, hiru bilduma album eta zuzeneko album bat argitaratu ditu eta 130 milioi disko baino gehiago saldu ditu mundu guztian zehar.[4] Gainera, 2.600 kontzertutik gora eskaini ditu 50 herrialde baino gehiagotan[5] eta UK Hall of Famen (Erresuma Batuko Famaren Aretoa) sartu ziren 2006an.[6]

Historia aldatu

Taldearen sorrera (1983) aldatu

Jon Bon Jovi hamahiru urterekin hasi zen gitarra eta pianoa jotzen Raze bere lehen musika taldearekin. Hamasei urterekin David Bryan ezagutu zuen eta adin txikikoak izanik ere, elkarrekin jotzen hasi ziren New Jerseyko taberna desberdinetan. Gerora hainbat musika taldetatik pasa zen arren, inon ez zen gustura sentitu eta bere gisara aurrera jarraitu zuen talde horiek atzean utzita.

1982 urtearen erdialdera Jon Bon Jovik eskola bukatuta zuenean eta emakumezkoan oinetakoak saltzen ziren zapata-denda batean lan egiten zuenean, Power Station Studiosen lortu zuen lana, bere lehengusu Tony Bongiovi jabeetako bat zuen Manhattango grabazio estudio batean. Hainbat grabazio egin zituen bertan eta baita diskoetxeetara bidali ere, baina inon ez zuen behar adinako eraginik sortu.

       
Jon Bon Jovi Richie Sambora Tico Torres David Bryan

1983an New Yorkeko WAPP 103.5FM "The Apple" irratira joan eta John Lassman promozio zuzendariarekin hitz egin zuen zuzenean. Honek Runaway abestia artista berrien abestiak biltzen zituen bilduma batean sartzeko aukeratu zuen. Hasieran Jon Bon Jovik bere zalantzak izan zituen arren, abestia bertan argitaratzeko bere onarpena eman zuen azkenean. Estudio batean grabatu zuten eta bertan ondoko musikariek parte hartu zuten: Tim Pierce gitarrista, Roy Bittan teklatua, Frankie LaRocka bateria eta Hugh McDonald baxua.

Abestia irrati bidez entzuten hasi zen, hasieran New York inguruan eta aurrerago hedatzen joan zen inguruko hirietara. Arrakasta hori zela eta kontzertu bat egiteko eskatu zioten eta horrela taldea osatzeari ekin zion Jon Bon Jovik. 1983ko martxoan David Bryani deitu zion eta honek halaber, Alec John Such baxuari eta Tico Torres bateriari. Gitarra jotzeko hasiera batean Dave Saborengan pentsatu bazuten ere, azkenean Richie Samborak hartu zuen postua.

Lehen urteak (1984-1985) aldatu

Taldea jotzen hasi zenean Derek Shulman musika munduko exekutiboaren arreta eskuratu zuten eta honek Mercury Recordsekin lotu zituen. Taldeari izena ematerako orduan Bon Jovi izen egokia litzatekeela proposatu zieten, bi hitzez osaturiko izenak zituzten talde ezagun asko zeudela eta. Hasieran ideia hau ez zuten begi onez ikusi, "Johny Electric" jartzeko asmotan baitzebiltzan baina azkenean, izen horrekin gelditu ziren.

Doc McGhee manager berriaren laguntzarekin beraien lehen albuma grabatu zuten, Bon Jovi izenekoa. Hau 1984ko urtarrilaren 21ean kaleratu zuten bertan Runaway abestia zekarrelarik. Beste abesti batzuk She Don't Know Me, Love Lies eta Roulette izan ziren.

1985ean taldearen bigarren albuma agertu zen, 7800º Fahrenheit. Diskoak ez zuen esperotako arrakastarik izan salmentei zegokienez, baina taldek Estatu Batuak, Europa eta Japonian barrena egin zuen bira kontzertuak emanez. Bertako abestien artean In and Out of Love, Silent Night eta Only Lonely daude.

Arrakasta urteak (1986-1989) aldatu

1986ko apirilean Bon Joviko kideak Vancouverrera joan ziren beren hirugarren albuma grabatzera[7] eta sei hilabete beranduago Slippery When Wet diskoa kaleratu zuten. Oso harrera ona izan zuen eta ospea eta arrakasta ekarri zizkion taldeari. You Give Love a Bad Name eta Livin´ on a Prayer abestiak lehen postuan jarri ziren Estatu Batuetan eta azken hau gainera lau astez mantendu zen bertan. Bien sorreran Desmond Child konpositoreak hartu zuen parte eta orduan sortu zen Jon Bon Jovi/Richie Sambora/Desmond Child elkarteak gaur egunera arte iraun du. Albumeko beste abesti bat Wanted Dead or Alive taldearen ereserki bihurtu zen.

Disko honek mundu guztian zehar lortu zuen arrakasta zela eta taldekideak, eurek amestu bezala, izar bihurtu ziren. Slippery When Wet lehenengo postuan jarri zen Australian, Kanadan eta Estatu Batuetan eta ez zen bertatik mugitu hurrengo zortzi asteetan. 1987ko diskorik salduena izan zen eta gaur arte 28 milioi ale baino gehiago saldu dira mundu guztian.

1988ko irailean aurreko diskoaren arrakasta ez zela kasualitatea izan erakutsi asmoz, Bon Jovik laugarren albuma kaleratu zuen New Jersey izenarekin. Honek ere arrakasta komertziala lortu zuen eta lehen postuan kokatu zen. Bertako bost abestik gainera "Top 10"-ean sartzea lortu zuten, lehenengo biak lehen posturaino sartuz: Bad Medicine, I´ll Be There for You, Born to Be My Baby, Lay Your Hands on Me eta Living in Sin.

MTV-k Living in Sin bideoklipa zentsuratu egin zuen bertan agertzen ziren sexu eszenengatik eta azkenean telebista kateak horrela eskatuta irudiak ordezkatu egin behar izan zituzten.

Taldeak bira izugarri batekin jarraitu zuen 1989 eta 1990 urteetan. 22 herrialde baino gehiagotan izan ziren eta 232 emanaldi baino gehiago eskaini zituzten. Aitzitik, erritmo bizi honek bere ondorioak izan zituen. Birak 16 hilabete iraun zituen eta honek taldekideak lehertzera eraman zituen bai fisikoki, bai psikologikoki eta baita emozionalki ere.

Lehen atsedenaldia (1990-1991) aldatu

1990 eta 1991 artean taldeko partaideek bide desberdinak hartu zituzten. Slippery When Wet eta New Jersey diskoen grabazioak eta ondorengo mundu mailako birek erreta utzi zituzten eta bakoitzak bere bideari ekin zion taldetik urrun.

Jon Bon Jovik Blaze of Glory bakarkako albuma grabatu zuen Young Guns II filmaren musika gisa. Hasiera batean filmaren produktoreek Wanted Dead of Alive erabili nahi zuten baina azkenean, Jon Bon Jovik abesti berriak egin zituen eta horrekin bakarkako diskoa atera zuen. 1990ean argitaratu zen eta bertan Elton John, Little Richard eta Jeff Beck agertzen dira gonbidatu moduan. Ondo saldu zen eta gainera, kritika onak jaso zituen. Abesti nagusiak, diskoaren izen berekoa, Blaze of Glory k urrezko globo bat irabazi zuen eta Oscarretarako eta Grammy sarietarako izendatua izan zen abesti onena bezala.

Richie Samborak ere bakarkako album bat atera zuen 1991ean Stranger in This Town izenekoa. Hala ere, ez zuen nahi bezainbesteko arrakastarik izan. David Bryanek The Netherworld beldurrezko filmearentzat musika grabatu zuen eta Alec John Such eskuko lesio batetik sendatu eta baxua eusteko eta jotzeko modu berri bat garatzen aritu zen motor istripu batean bertan min hartu ondoren.

1991ko urrian taldea berriro elkartu eta etorkizunari buruz hitz egiten aritu zen. Bilera hartan euren artean sortutako arazoak konpondu eta hurrengoa diskoan lanean hastekotan geratu ziren.

Musika arloko berrikuntzak (1992-1993) aldatu

 
Jon Bon Jovi 2007ko emanaldi batean.

1992ko azaroan Bon Joviren bosgarren albuma Keep the Faith argitaratu zen. Bertan taldearen musikan eman zen aldaketa nabaria zen, 80. hamarkadako heavy metala atzean utzi eta rock and roll klasikoaren soinua berreskuratu zuten ukitu moderno batekin.

Musika arloan eman ziren aldaketez gain, taldekideek ere beren itxuran berrikuntzak egin zituzten. Horrela, ile luzea moztu eta janzkera ere aldatu zuten komunikabideen ikusmiran geratuz. Jon Bon Joviren orrazkera berria CNNn albistea izan zen eta Billboard aldizkariaren esanetan rockaren historiako momenturik txarrena izan zen ile mozketa hori.

Bestalde, askok diskoak porrot egingo zuela eta taldearen azkena zela uste izan bazuten ere, honek arrakasta lortu zuen eta 10 milioi aletik gora saldu ziren. Gehien nabarmendu ziren abestiak Keep the Faith, In These Arms, I´ll Sleep When I´m Dead eta Bed of Roses izan ziren. Disko berriarekin nazioarteko bira hasi zuten, 38 herrialde bisitatu eta 177 emanaldi emanez.

Cross Road eta These Days (1994-1996) aldatu

1994ko urrian Cross Road diskoa atera zuten ordura arte arrakasta handiena izan zuten abestien bildumarekin eta beste bi abesti berrirekin Always eta Someday I´ll Be Saturday Night. Oso harrera ona izan zuen Always abestiak eta diskoaren salmentak gora egin zuen mundu guztian.

Urte horretan bertan Alec John Such baxuak taldea utzi zuen Jon Bon Jovirekin zituen desadostasunengatik eta orduz geroztik bere postua Hugh McDonaldek betetzen du modu ez ofizialean, Runaway abestiaren grabazioan parte hartu zuen berak.

Bon Joviren seigarren albuma, These Days, 1995eko ekainean kaleratu zen. Hau izan zen Alec John Suchek taldea utzi ondoren atera zuten lehen diskoa. Bertan gai sakonak eta ilunak tratatzen dituzten abestiak daude, hala nola, Hey God eta Something to Believe in. Beste abesti batzuk These Days, Something for the Pain eta This Ain´t a Love Song izan ziren.

Diskoak onarpen ona izan zuen Estatu Batuetan baina ez Europan bezain ona. Japonian ere arrakasta handia izan zuen. Taldearen birak Asia, Europa, Australia, Hegoamerika eta Hegoafrika bisitatu zituen 35 herrialde eta 126 emanaldirekin. 1995ko ekainean Londongo Wembley estadioan hiru gauez jarraian jo zuten eta azken gau hau grabatu eta DVDan kaleratu zuten Live From London izenarekin.

Bigarren atsedenaldia (1997-1999) aldatu

These Days diskoaren bira arrakastatsuaren ondoren taldeko kideek bide desberdinak hartu zituzten. Baina kasu honetan ez zen aurreko banaketan egon zen ziurgabetasunik izan, bi urte sabatiko horiek hartzea taldearen erabakia izan baitzen.

1997an Jon Bon Jovik hainbat filmetan hartu zuen parte eta bere denbora librean idatzitako abestiekin bakarkako bere bigarren diskoa kaleratu zuen, Destination Anywhere. Bertako abesti eta albumaren argitalpenaren inguruan Demi Moore, Kevin Bacon eta Whoopi Goldberg ateratzen ziren laburmetraia bat ere grabatu zuen.

Beste taldekideei dagokienez, Tico Torres bere margolanetan murgildu zen, Richie Samborak bakarkako beste disko bat atera zuen Undiscovered Soul izenekoa eta David Bryanek hainbat musikal idatzi zituen.

1999an taldea Real Life abestia eta bideoa grabatzeko elkartu zen. Bertan David Bryan izan ezik taldekide guztiak agertzen ziren, honek istripu bat izan baitzuen eta han ia eskuko hatz bat galdu baitzuen. Bideo honen bitartez euren itzulera aldarrikatu nahi zuten.

Itzulera arrakastatsua (2000-2002) aldatu

Taldekide bakoitza bere bidea egiten aritu zen atsedenaldi honen ondoren, 1999an guztiak elkartu eta hurrengo diskoa prestatzeko lanean hasi ziren.

2000ko ekainean Crush Bon Joviren zazpigarren albuma kaleratu zuten. It´s My Life abestia oso ezagun egin zen eta taldearen bizitza luzearen sinbolo bilakatu zen, hainbeste aldaketen ondoren taldeak bizirik eta indartsu jarraitzen zuelako. Beste abesti batzuk Say Isn't So, Thank You For Loving Me eta One Wild Night ziren. Disko honi esker taldeak jarraitzaile gazteagoak erakarri zituen gainera. Urte hartan Grammy Sarietarako bi izendapen eta It´s My Lifen bideoarengatik sari bat jaso zituzten.

Udara hartan Japonia eta Europako hainbat estadiotan eman zituzten emanaldiak eta Londongo Wembley estadioa eraitsi aurretik eman zituzten bi kontzertuetarako sarrera guztiak agortu ziren. Emanaldi horietako batzuetan milioi bat ikusle baino gehiago izan zituzten. Estatu Batzuetara itzulitakoan bertan jarraitu zuten bira arrakastatsu harekin.

Bira horretako hainbat zuzeneko agerraldi One Wild Night Live 1985-2001 albumean argitaratu zituzten. Bon Joviren historiako lehen zuzeneko albuma izan zen hau.

Crush eta One Wild Nighten birak amaitu ondoren taldeak oporraldi bat hartzea pentsatuta zeukan hurrengo diskoarekin lanean hasi aurretik, baina orduan 2001eko irailaren 11ko atentatuak gertatu ziren. Taldeak dirua bildu eta kaltetuei laguntzeko egin ziren hainbat ekitalditan parte hartu zuen ondorioz.

2002an New Yorkeko atentatuetan inspiratuta zortzigarren diskoa atera zuten, Bounce. Nabarmendutako abestiak Everyday, Misunderstood, Undivided eta All About Lovin' You izan ziren. Album honek taldearen sustraietara itzulera suposatu zuen, Richie Samboraren gitarraren distortsioa, Jon Bon Joviren ahots erlatsa, David Bryanen teklatu eta pianoaren efektuak eta Tico Torresen bateriaren gorakadarekin.

 
Jon Bon Jovi eta Richie Sambora Dublinen Have a Nice Dayren biran 2006an.

Disko honen biran herrialde asko bisitatu zituzten eta gainera, Filadelfiako Veterans estadioan emanaldi bat eman zuen azken taldea izan zen Bon Jovi.

Taldearen 20. urteurrena (2003-2004) aldatu

Bounce diskoaren bira bukatutakoan, 2003ko azaroan This Left Feels Right disko akustikoa atera zuten euren hamabi abesti arrakastatsuenen eraldaketekin. Bon Joviren zaleei ez zitzaien gustatu eta porrot ikaragarria izan zen.

2004an taldearen 20 urteak ospatu eta jarraitzaileei esker ona adierazteko 100,000,000 Bon Jovi Fans Can't Be Wrong atera zuten. Lau CD eta DVD batez osatutako zegoen eta 50 abesti berri zituen. Horien artean Why Aren't You Dead? , The Radio Save My Life Tonight, Good Guys Don't Always Wear White eta Edge Of A Broken Heart.

Have a Nice Day (2005-2006) aldatu

Have a Nice Day, Bon Joviren bederatzigarren diskoa, 2005eko irailean argitaratu zen. Bertako abestiak ziren Have a Nice Day, Who Says You Can´t Go Home, Welcome to Wherever You Are eta Complicated'.

Who Says You Can´t Go Homen bertsio bat Sugarland country taldeko Jennifer Nettlesekin batera abestu zuten eta arrakasta handia lortu zuen Estatu Batuetan. 2006an gainera, country musikako zerrendaren lehen postuan abesti bat izan zuen lehen rock taldea bilakatu zen Bon Jovi.

Disko honen bira ohikoa baino laburragoa izan zen 75 emanaldirekin bakarrik, baina arrakasta izan zuen bi milioi ikusle baino gehiagoren aurrean jo baitzuten musika. 2006ko azaroaren 14an James Brown eta Led Zeppelinekin batera UK Hall of Famen (Erresuma Batuko Famaren Aretoa) sartu zen Bon Jovi.

Lost Highway (2007-2008) aldatu

2007ko ekainean taldeak bere hamargarren albuma atera zuen, Lost Highway. Disko honetan rock eta countryaren arteko nahasketa bat egin zuten soinu berri bat aurkitu asmoz Who Says You Can´t Go Homek aurreko diskoan eman zien emaitza ona ikusita. Diskoko abesti batzuk Lost Highway, (You Want) to Make a Memory, Whole Lot Of Leavin' eta Till We Ain´t Strangers Anymore izan ziren. Azken hau gainera LeAnn Rimesekin batera abestua.

Urrian diskoaren bira hasi zuten hurrengo urteko udara arte luzatu zena, bertan Estatu Batuak, Kanada, Europa, Japonia, Australia eta Zeelanda Berria bisitatu zituzten eta 2008ko birarik arrakastatsuena izan zen. [8] Bira honi amaiera emateko bi gauez jarraian New Yorkeko Madison Square Gardenen bi kontzertu eman zituzten, grabatu eta bideo batean editatuak izan zirenak.

The Circle (2009-2010) aldatu

2009ko apirilean Phil Griffinek When We Were Beautiful (Ederrak Ginean) izeneko dokumental bat estreinatu zuen Tribecako zinemaldian Bon Jovi taldearen azken 25 urteetako gorabehera eta azken birari buruzkoa.

Urte bereko azaroaren 10ean, taldeak bere azken diskoa kaleratu zuen, The Circle, Barack Obama Estatu Batuetako presidente ateratzean inspiratua izan zena. Hasieran azken hamarkadako abesti arrakastatsuenekin bilduma bat egiteko asmoa zuten, baina abesti berri asko zituztenez The Circle egin zuten. Bertan rock and rollerako itzulera ematen da azken urteetako countrya alde batera utziz. Abesti nabarmenenak We Weren´t Bon to Follow, Superman Tonight eta When We Were Beautiful dira.

2010eko otsailean disko berriaren bira hasi zuten. 2011ra arte ez da bukatu eta ordurako 135 emanaldi emanak izango dituzte 30 herrialdetan. Bestalde, iazko pentsatuta zuten abesti arrakastatsuen bilduma 2010.ko azaroaren 9an aterako dela ziurtatu zuen Richie Samborak eta hainbat abesti berri izango dituela ere bai. Ondoren sei hilabeteko bira bat egingo dute 2011ko otsailean hasita. [9]

Greatest hits (2010-gaur egun) aldatu

2010eko azaroaren 9an Greatest Hits bilduma diskoa argitaratu zuten. Bertan berain karrerako abesti onenez gain lau kanta berri ere sartu zituzten. Disko honen promoziorako What do you got? abestia erabili zuten eta jarraian 2011ko udan amaituko den birari eman zioten hasiera. Bira honek gainera, Donostiako Anoeta estadioan izango du geldialdi bat uztailaren 29an. Bira amaitu ondoren, taldeak bere hirugarren atsedenaldia hartuko du hamaika urtez jarraian eszenatokien gainean ibili ondotik.

Taldekideak aldatu

Gaur egungo taldekideak
Biretako musikariak
Taldekide ohiak
  • Alec John Such (1951-2022) – baxua eta koroak (1983-1994). 2001ean New Jerseyn Wanted Dead or Alive jo zuen taldearekin.

Diskografia aldatu

Albuma Urtea Mota
Lehen etapa (1984-1988)
Bon Jovi 1984 Estudio albuma
7800º Fahrenheit 1985 Estudio albuma
Slippery When Wet 1986 Estudio albuma
New Jersey 1988 Estudio albuma
Bigarren etapa (1992-1995)
Keep the Faith 1992 Estudio albuma
Cross Road 1994 Abesti onenen bilduma (1984-1994)
These Days 1995 Estudio albuma
Hirugarren etapa (2000-gaur egun)
Crush 2000 Estudio albuma
One Wild Night Live 1985-2001 2001 Zuzeneko bilduma
Bounce 2002 Estudio albuma
This Left Feels Right 2003 Bertsionatutako abestien bilduma
100,000,000 Bon Jovi Fans Can't Be Wrong 2004 Lau CD eta DVD batez osatutako kaxa, 50 abesti berrirekin
Have a Nice Day 2005 Estudio albuma
Lost Highway 2007 Estudio albuma
The Circle 2009 Estudio albuma
Greatest Hits[10] 2010 Abesti onenen bilduma II" (1995-2010)

Birak aldatu

Bideografia aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu