Boko II.a Mauritaniako Erresumako erregea izan zen K.a. I. mendean, Boko I.aren seme eta oinordekoa.

Bizitza aldatu

Bere aita hiltzean, K.a. 49an, bere erresuma bere bi semeen artean banatu zen. Boko II.ak Mauritaniako ekialdeko zatia gobernatzen zuen, Muluya ibaiaren ekialdeko zatia, eta mendebaldeko zatia bere anaia Bogud Ben Bokok gobernatzen zuen.

Erromatar Senatuko alderdirik kontserbadoreenak etsaitzat jo zituen. Julio Zesarrek euren tituluak errekonozitu zituen K.a. 49an. Horren eta kontserbadoreekin zuen etsaitasunaren ondorioz, Erromatar Errepublikako Bigarren Gerra Zibilean bi anaiak Zesarren alderdian sartu ziren, Numidia erresuma inbaditu eta Zirta konkistatuz, kontserbadoreen aliatua zen Juba I.aren erresumako hiriburua zena. Juba I.a bere hiriburuari laguntzera behartua izan zen, eta Kinto Zezilio Metelo Eszipioni Zesarren aurka laguntzeko ideia baztertu behar izan zuen. Gerra amaituta, Zesarrek Bokori Hiponatik mendebaldera zeuden lurraldeak eman zizkion, Numidiari zegozkionak, Numidiaren gainontzeko lurraldea denbora laburrez Afrika prokontsularra erromatar probintziara gehitua izan zen.

Erromatar Errepublikako Hirugarren Gerra Zibilean, K.a. 32 eta K.a. 30 bitartean, Boko II.a Oktavioren aldekoa izan zen, bere anaia Bogud Marko Antonioren alde jarri zen bitartean. Gerra Zibila amaitu ondoren Bokok bere anaiaren aurka borrokatu zuen, Augustoren laguntza militarrarekin, bere leialtasunagatik sari bezala haren lurrak bere lurraldera erantsiz eta Mauritania berbateratuz.

K.a. 33an hil ondoren, seme-alabarik edo oinordekorik ez zuenez, erresuma zuzenean Erromak administratu zuen, kostaldean beteranoen koloniak ezarri zituelarik.

K.a. 25ean Numidiako jatorrizko herritarren matxinadak gertatu ziren, Juba II.ak hartutako erromatartze biziaren ondorioz. Matxinadek Juba II.a tronutik kentzea lortu zuten, eta ondorioz Oktaviok Mauritaniako erresuma eman zion, non bere hiriburu berria, Iol, Zesarea izenarekin berbataiatu zuen, enperadorearen omenez.