Bisigodoak[1] (behe-latinezko visigothu izenetik; eta hori, gotikozko west «sartalde» eta gothus «godo» hitzetatik) etnia bat izan ziren, godoen bi adar nagusietako bat. Ostrogodoek osatzen zuten beste adar nagusia. Migrazio garaian, bisigodoak izan ziren Erromatar Inperioari eraso zioten germaniar herrietako bat. Erroma arpilatu zuten lehenengoak izan ziren. Horren ostean, Proventzan eta Iberiar penintsulan kokatu ziren. Erromatar Inperioaren gainbeheraren ondorengo bi mende eta erdian, bisigodoek paper garrantzitsua jokatu zuten Europako politikan.

Bisigodoen erresuma V. mendean,
hiriburua Tolosa Okzitaniakoa zela.

Historia aldatu

 
Bisigodoen migrazioa, 376-418. urteen bitartean.

Bisigodoek, hunoek bultzatuta, Karpato aldetik eta Transilvaniatik ihes egin, Danubio ibaia zeharkatu (375. urte inguruan) eta Valente erromatar enperadorea Hadrianopolisen garaitu zuten (378, mendebaldeko godoak).

Teodosio I.a enperadoreak Trazia eta Mesiako lurraldeetara (egungo Bulgaria) bultzatu zituen (382), eta, Arkadio enperadorearen garaian, Italia aldera abiatu eta Erroma hartu eta birrindu zuten.

Honorio mendebaldeko erromatar enperadorearen garaian, Galia (412) eta Hispania (415) aldera eraman zituen Ataulfo buruzagiak, eta azken horretan sueboak, alanoak eta bandaloak uxatu zituzten sartaldera eta Ipar Afrika aldera. Erromatar Inperioaren babesarekin, bisigodoak Galia eta Hispania bitartean egokitu ziren, egungo Proventza eta Katalunian nagusiki, baina porrota izan zuten Akitaniaz eta Euskal Herriaz jabetzen saiatu zirenean.

Frankoen errege Klovisek menderatu zituen Vouilléko guduan (507). Orduan, iparralderako zerabiltzaten asmo guztiak utzi, eta Septimania nahiz Kataluniari eutsiz, Hispania barnera jo zuten, eta hiriburua Bartzelonatik Meridara eraman zuten.

Justiniano I.aren garaian, bizantziarren erasoari ezin aurre eginik, Atanagildo errege bisigodoak Andaluzia eman zien bizantziarrei (554), eta hiriburua Toledon jarri zuen (555).

 
Arrano-itxurako fibula, bisigodoek egina.

Euskaldunentzat lehen zailtasun handiak Arrioren aldeko azken errege Leovigildorekin etorri ziren, 574. eta 581. urte bitartean erromatarren garaiko Hispania osoa bere mendean hartu nahi baitzuen. Galizian babesturiko sueboak garaitu zituen 585. urtean, eta bizantziarrak egotzi zituen Andaluziatik. 589an Rekaredo haren seme eta oinordeko zena katolizismora aldatu zen, eta era horretan amaiera eman zien erlijio-gatazkei.

Rezeswinto erregearen garaian (653-672), godoen eta hispano-erromatarren arteko legezko batasuna gauzatu zen, eta handik aurrera errege godo guztiak euskaldunen aurka borrokatu ziren. Pirinioez haraindiko euskaldunei esker, bisigodoek ez zuten behin ere euskaldunak beren mende edukitzea lortu, dirudienez.

Musulmanen konkista aldatu

711. urtean, Tarikek zuzenduta, berbereen armaak Gibraltarko itsasartea igaro zuen, oinordetza-arazoengandik bisigodoen artean sortutako gerra zibiliean esku hartzeko. Beraz, VIII. mendearen hasieran musulmanak Espainia hegoaldean sartu ziren; musulmanei aurre egin ezinik, Rodrigo erregeak Guadaleteko gudua galdu zuen (711), eta urte bereko urrian Tarik ibn Ziyad arabiar buruzagia Toledon sartu zen jaun eta jabe. Lau urte geroago, arabiarrek Zaragoza hartu zuten, eta hala galdu zen betiko Hispaniako erresuma bisigodoa.

Musulmen garaipena urte gutxitan eman zen. Guadaleteko gudua eta gero, zenbait kannpaina militar egin zituen Tarikek penintsulako hegoaldean. Bertan ez zuen aurkari askorik aurkitu. Hori ikusita, Tarikek pentsatu zuen erraz konkistatuko zuela penintsula, et Afrikako iparraldetik iritsitako errefortsuak erabiliz -arabiar gudariz osatutako errefortsuak-, armada handiago sortu zuen; Tarikek berak zuzendu zuen, Afrikako iparraldeko arabiar gobernadorearekin -Musarekin- batera.

Armada hori Toledora joan zen, monarkia bisigodoaren hiriburura, eta erraz konkistatu zuen hiria, ez baitzioten gogor aurre egin. Arrazoi asko egon izan zuten zerikusia musulmanen konkista azkarrean. Hainbat eskualde gobernatzen zituzten aristokrata bisigodoek -Teodomiro (penintsulako hego-ekialdea), Casius (Zaragoza) eta abar -ituna egin zuten musulmanekin, eta haien agintepean jarri eta zergak ordaintzen hasi ziren, jauntasuna ez galtzeko et lehenengo erlijioari eusteko. Gauza bera egin zuten juduek. Horrez gain, herritar batzuek ez zuten atsegin monarkia bisigodoa, eta inbaditzaile musulmanen alde egin zuten.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu