Batolito

Arroka plutonikozko masa handia, lurrazalean inguruko harriak bultzatuz barneratu dena. Gehienetan granitozkoa izaten da, eta batzuetan, higaduraren ondorioz azalera daiteke. Euskal Herrian, Aiako Harria batolitoa da

Batolitoak lurrazalaren barnean hoztu zen magma intrusio bat da, hortik plutoi ere deituak izatea. Kupula edo domo handi forma dute. Sakonera handian dauden harkaitz intrusibo abisalak dira. Euren tamaina geroz eta handiagoa da zenbat eta sakonago egon, eta euren oinarria edo hondoa ez dago zehazterik. Etimologikoki "harri sakona" esan nahi du (grezierazko bathos, sakona, eta lithos, harria, hitzetatik datorrena). Ehun kilometro karratu baino gehiagoko hedadura hartzen dute, eta 100 kilometro karratu horiek baino hedadura txikiagoa hartzen badute enbor deritze. Fusio egoeran egon zirenean sumendi aktiboak elikatuko zituzten solidotutako magmazko edukiontziak dira. Euren konposaketa nahiko homogeneoa da, orokorrean granitoz edo granodioritaz (granito eta dioritaren konbinaketa) osatuta daude.

Half Dome, granitozko monolito bat Yosemite Parke Nazionalean.

Gerriko orogenikoetan barne eremu kristalinoaren gehiengoa osa dezakete, nahiz eta batolito granitiko gutxiko orogenoak (Alpeak, Pirinioak) ere arruntak izan.

Batolito granitikoek diorita-granito bitarteko konposizioa izan ohi dute eta ehundaka plutoiz osatuta daude, plutoien artean aldakortasun handia izan daitekeelarik bai konposizioan bai deformazio-graduan edota intrusioaren sakoneran.

Kokapen geologikoa aldatu

Orogenoetako barne eremu kristalinoan ohikoak dira batolito granitiko egitura hauek.

Adibideak aldatu

Kanpo estekak aldatu

  • Apraiz. A. (2005): Plaka tektonika: Lurraren funtzionamendua ulertzeko teoria. UEU, 428 or.
  • Middlemost, Eric A.K. (1985): Magmas and Magmatic Rocks: An introduction to igneous petrology. Longman Higher Education, 266 or.
  • Barker, D.S. (1983): Igneous rocks. Pearson College Div, 417 or.