Bartzelonako Aste Tragikoa

Bartzelonako Aste Tragikoa matxinada soziala izan zen, 1909ko uztailaren 26tik abuztuaren 2ra arte Bartzelonan eta Kataluniako zenbait herritan gertatutakoa. Antonio Mauraren gobernuak Marokora tropa berriak bidaltzean sortutako protestak izan ziren eragile nagusia.[1] Protestetan parte hartu zuten gehienak langile familiatako gizonak izan ziren; sindikatuek greba orokorra deitu zuten.

Bartzelonako Aste Tragikoa
Irudia
Motagizarte mugimendu
Greba orokor
Denbora-tarte1909ko uztailaren 26a - 1909ko abuztuaren 2a
Data1909
KokalekuBartzelona
HerrialdeaEspainia
Pertsona hilak87
110
Pertsona zaurituak192
441

Testuingurua eta aurrekariak aldatu

Alfontso XIII.a errege zelarik, gobernuan bi alderdi politikoren arteko alternantzia sistema bat zegoen. Gobernuan Alderdi Kontserbadorea eta Alderdi Liberala txandatzen ziren. Jauntxokeriari esker (Espainian caciquismo deitua) iruzurra egiten zen sufragioen zenbatzean, hauteskundeen emaitza ere sarritan aldez aurretik jakiten zelarik. 1909an Antonio Maura kontserbadorea zen gobernuko presidentea, 1907ko hauteskundeetan irabazle atera zena.

Kataluniako kontzientzia erregionalistak sustrai historiko sendoak zituen eta indartsu zegoen hiriko eta industriako burgesian. Renaixença mugimendu kulturala eta Kataluniako pertsonalitatearen baieztapena zituen ardatz nagusi, bide intelektualetik Valenti Almirallek bultzatua. Kontzientzia hartze horrek bere agerrera politikoa izan zuen 1885ean Alfontso XIII.ari Memorial de Greuges aurkeztu zitzaionean, geroago 1892ko Bases de Manresa agirian kontzentratuko zena, Gobernuari Kataluniarentzako erregimen espezial baten eske. Enric Prat de la Ribaren irudia oso garrantzizkoa izan zen. Indar autonomistak estrukturatu zituen alderdi homogeneo batean Lliga Regionalista sortzean, katalanismo tradizionalaren baloreen aldekoa. Industrializazioaren zamaren azpian, alderdia politikoki liberala egin zen eta sozio-ekonomikoki kontserbadorea. 1903ko hauteskundeetan gobernuak erantzun egin zion Lligak lortutako nagusigoari.

Alejandro Lerrouxek alderdi errepublikazale, zentralista eta antiklerikala sortu zuen Bartzelonan. Aldekoak erdi-mailako klaseetan eta langileen artean bilatzen zituen. 1900 inguruan proletarioak anarkosindikalismo formetara hurbildu ziren, bere interesak greba orokorra bezalako baliabideekin defendatuko zituen erakunde baten bila. 1902ko otsailean, Bartzelonan metalurgiako beharginek hasitako greba lan-etenaldi erabatekoa bihurtu zen. Gatazka hark industriako burgesiaren eta proletalgoaren arteko tirabirak agerrarazi zituen. Bartzelonan klase-antagonismoa nabariagoa zen estatuko beste lurraldeekin konparatuta, bere lantegien garapenagatik eta hiriaren masagatik. 1903 eta 1905eko hauteskundeek Lerrouxen arrakasta gorena adierazi zuten. 1905eko azaroko gertakizunek, La Veu de Catalunya eta Cu-Cut astekarien erredakzioak suntsitu zituztenean, erakutsi zuten armadak XX. mendean egindako lehen esku sartzea. Geroago, gertaera hau baliatua izango zen 1909ko istiluetan.

Gobernuaren pasibotasunaren aurrean, Solidaridad Catalana izeneko mugimenduan batu ziren joera politiko gehienak, Francesc Cambó buru zutela. Mugimendu hari, ordea, presentzia falta zitzaion langile klaseetan. Sozialistek, anarkistek eta zenbait errepublikarrek indarrak batuko zituzten erakunde bakar batean; horrela jaio zen Solidaridad Obrera (Langile-Elkartasuna). Haren prentsa organoa, Solidaridad Obrera ere deitua, Francesc Ferrer i Guardia pedagogo ospetsuak bultzatu zuen.

Marokoko protektoratuan, Melilla inguruko biztanle matxinatuekin hasitako borrokak zirela eta, Marokotik Penintsulari laguntza eskatu behar izan zioten. Gerrako ministroak, kasu horietarako bereziki prestatuak zeuden Andaluziako unitate militarrak erabili ordez, hirugarren brigada mobilizatzea erabaki zuen; honen barruan Kataluniako erreserbistak zeuden, bere kargura familia zuen langile jendeaz osatua.[2] 6.000 erreal ordainduz gero erreklutatzetik libratzea zegoen, garai hartako langile normal batek egunean 10 erreal irabazten zituenean. Kazetari liberal batek Maurari aholkatu zionez, Espainian iraultzaren ondorioak jasatearen sinonimoa izango zen Marokora joatea. Neurri horien aurkako protesta aho batekoa izan zen Katalunian. Gobernu zentralari bere asmoak bertan behera uzteko eskatu zioten Kataluniako indar politiko nagusiek.

Desadostasun honi haserre antiklerikala batu zitzaion: Uztailaren 18an erreserbistak kaian ontziratzen ari zirela, goi-klaseetako emakumez osatutako elkarte bat eskapularioak, kutunak eta tabakoa oparitzen ibili zen gizonen artean, jendearen aldetik haserreak piztuz. Gainera, Marokotik zetozen berrien arabera, borroka-guneetan hildako anitz omen ziren.[3] Herri-erantzuna Bartzelonako kale-agerraldietan azaleratu zen, tropen ontziratzearen kontra.

Aste Tragikoa aldatu

 
Tranbia iraulia protestetan Bartzelonako kaleetan.
 
Manifestazioa Bartzelonako garaipeneko arkuaren aurrean.

Laster, herritarren haserre hura mugimendu gidatu batean batu zen greba-batzorde bati esker, non ezkerreko alderdi politikoek parte hartzen baitzuten; hala ere, protestak maizago izan ziren zirkunstantzien berezko produktua, antolatutako zerbait baino.

1909ko uztailaren 26 aldatu

 
Bartzelonaren ikuspegia Aste Tragikoan. Istiluetan eragindako suteak agerikoak dira hirian.

Bartzelonan greba kanpoaldeko auzoetan hasi zen, fabrika gehienak aurkitzen ziren tokian. Bertan, kontsumo-zerga kobratzen ziren txabolak erre zituzten. Ondoren, langileak hiriko erdialdera joan ziren eta hainbat gatazka izan ziren tranbiak geratzen eta kafetegi eta dendak ixten saiatu zirenean. Soldaridad Obrera (Langile-Elkartasuna) erakundeak greba orokorrerako deia egin zuen gerraren kontra, hasiera batean baketsua eta aho batekoa izan zena.

Kataluiniako Kapitain Generalak, Luis de Santiagok, “gerra egoera” aldarrikatu zuen, baina Ángel Ossorio Gallardo gobernadore zibilak dimisioa eman behar izan zuen uko egin ziolako Bartzelonan gerra-egoera deklaratzeari, eta Evaristo Crespo Azorín abokatu valentziarrak hartu zuen haren kargua. De la Ciervak, berriz, jakinaren gainean gezurra esan zuen, alegia, gertakari haiek mugimendu nazionalista baten emaitza zirela. Bai botere zibilaren ahuleziak, bai Madrildik iritsitako interpretazio okerrek, oso ondorio txarrak ekarri zituzten; noraez hark petardo-sorta bat bezala zabaldu zuen protesta, eta bonba bat bezala leherrarazi. Agintariek tropen irteera agindu zuten 26ko arratsaldean. Hauen agerraldia oihuka hartu zuen jendeak: Gora Armada! Behera gerra!. Protestan ari zirenek askotan txaloka hartzen zituzten beraien kontra bidalitako soldaduak.[4]

Bartzelona paralizatuta geratu zen, gasik, argirik eta egunkaririk gabe, eta kanpoaldearekin telefonoz, telegrafoz edo trenez komunikatu ezinik. Emakumeak eta umeak buru zituen manifestazio bat tiroka sakabanatu zuten Kolon pasealekuan. Handik aurrera, errebolta matxinada bilakatu zen. Gauerdian lehenengo eraikin erlijiosoa hasi zen sutan. Greba eta errebolta Katalunian zehar hedatu ziren, bereziki Bartzelona eta Gironan. Sabadell, Mataró eta Granollersen altxamendu gogorraren itxura hartu zuen, eta junta iraultzaileak bildu ziren errepublika ezartzeko helburuarekin. Sabadellgo gatazkak izan ziren okerrenak.

1909ko uztailaren 27 aldatu

Bartzelonak paralizatua jarraitzen zuen, egunkaririk gabe eta Penintsularekin guztiz inkomunikatuta. Jakin zenean Marokon 200-300 erreserbista hil zirela Otsoaren Amildegiko guduan, haietako gehienak Bartzelonatik uztailaren 18an irtendakoak, Bartzelonan matxinada hasi eta kalean barrikadak jartzen hasi ziren. Lehen istiluak egun horretan hasi ziren. Armategi asko erasoak izan ziren pistolak eta fusilak lortzeko. Hiriko langile-auzoetako komentu batzuk sutan agertu ziren. Matxinatuek burgesiaren babesle gisa ikusten zuten Eliza, honek sindikatu horiak babesten baitzituen, anarkosindikalismoaren aurka. El Poblenouko apaiza asfixiatuta hil zen bere elizako sotoan ezkutaturik zegoela. Hilerri batzuk ere profanatu zituzten eta 23 eraikin erlijioso eta kanpoaldeko 8 komentu erre ziren guztira. Bestalde, erlijioso askok mehatxuak eta irainak pairatu zituzten. Armadak bere jarrera jasankorra alde batera utzi eta lehen tiroak hasi ziren herritar eta militarren artean. Hasieran indarkeriarik gabeko greba zena matxinada bilakatu zen.

1909ko uztailaren 28 aldatu

Bartzelona erlijio eraikinetatik zetorren keaz estalia argitu zen. Egunean zehar jarraitu zuten tiroteoek eta erlijiosoen aurkako indarkeriak. Egoera okerrena San Andres de Palomar auzoan zegoen; bertan fusilekin armatutako errebeldeek kontsumo-zergen txaboletako guardak harrapatu, barrikadak egin eta elizari su eman zioten. Solidaridad Obrerako partaideek, ikustean matxinada eskuetatik ihes egiten ari zitzaiela, laguntza eskatu zieten Solidaritat Catalana eta Alderdi Erradikalari. Ez batak ez besteak ezin zituzten beren militanteak kontrolatu. Matxinadak gainezka egin zuen eta gogorki borrokatu zen. Hirian ez omen zen tropa nahikorik haiei aurre egiteko, eta garnizio batzuek uko egin zioten matxinatuen kontra tiro egiteari. Artilleriak matxinoen guneari eraso egin zion Paralelo kalean eta Kolon pasealekuan.

1909ko uztailaren 29 aldatu

Rambletatik eta portu aldetik hasita, 10.000 soldadu inguruk Bartzelona okupatzeari ekin zioten. Matxinadaren beheraldia hasi zen. Matxinatuen esperantza bakarra liskarra Espainia osora hedatzea zen, baina hori ezin izan zen gertatu, Bartzelona guztiz inkomunikaturik baitzegoen. Bien bitartean, Bartzelonako gertakizunek izaera separatista zutelako bertsioa zabaldu zuen gobernuak Espainia osoan.

1909ko uztailaren 31 aldatu

Lasaitasuna itzuli zen hirira, San Andres eta Hortako auzoetara izan ezik, non tiroteoek, suteek eta arpilaketek jarraitu zuten. Biktimen balantze ofizialen arabera, tropen artean bost hildako izan ziren eta ehun zibilen artean. Hogeita hamar komentu inguru guztiz errausturik geratu ziren, oraindik hirurogeita hamabostek zutik zirauten bitartean. Hiriko berrogeita hemezortzi elizetatik hogeita bat erre ziren; batzuk karlisten defentsari esker salbatu ziren.

Igandean egunkariak berriro hasi ziren argitaratzen. Astelehenean patronalak zin egin zuen langileek asteko soldata ezer gertatu izan ez balitz bezala kobtratuok zutela, beraz, lanera itzuli ziren. Normaltasunera abuztuaren 5ean itzuli ziren beste leku batzuetako langileak.

Errepresioa aldatu

Bartzelonako gatazken azken balantzeak 78 hildako (75 zibil eta 3 militar), 500 zauritu eta erretako 112 eraikin (80 eraikin erlijioso barne) utzi zituen. Antonio Mauraren gobernuak, Juan de la Cierva Peñafiel ministroa bitartekari zuela, uztailaren 31n errepresio gogor eta arbitrarioa hasi zuen. Milaka pertsona atxilotu zituzten, eta haietako 2000 prozesatuak izan ziren: 175 erbestera zigortu zituzten, 59 bizi bitarteko espetxera eta 5 heriotzera. Gainera, sindikatuak eta eskola laikoak itxi ziren.

Bost heriotza zigor horiek honakoenak izan ziren: Josep Miquel Baro, 1909ko abuztuaren 17an, Montjuïcen hil zuten nazionalista errepublikarra; Antonio Malet Pujol, errepublikar lerrouxista, irailaren 13an hilarazia; Clemente Garcia, moja baten gorpuarekin Bartzelonako kaleetan zehar dantzan ibili zen gazte gaitasungabea, urriaren 4an hilarazia; Eugenio del Hoyo, guardia zibil ohia eta segurtasun goardia; eta denetan ezagunena, Francesc Ferrer Guardia, Eskola Modernoaren kofundatzailea zen pedagogo anarkista.

Ferrer Kasua aldatu

 
Francesc Ferrer i Guardia

Hasiera batean, “Aste Tragikoa” deitutako gertakariak eta ondorengo errepresio gogorrak ez zuen ondorio politikorik izan. Hala ere, erregearen ikuspegia aldatzen hasi zen irailean, gehienbat Francisco Ferrer Guardiaren heriotza zigorraren aurka protesta egiteko abiarazi zen kanpaina ikusi ondoren. Ferreri Aste Tragikoko eragile nagusia izatea egotzi zioten eta urriaren 13an hil zuten, zigorra kentzeko eskaera asko izan arren; aldiz, Antonio Maura gobernuko presidenteak ez zuen planteatu ere egin Ferrer zigorgabetzea. Ferreren alabak Alfontso XIII.a erregeari gutun bat idatzi zion propio, bere aitarekin errukitzeko erregutuz:

Errege oso kristaua, herri adeitsuarentzat eskuzabaltasuna eta guztiahaltasuna irudikatzen duena, ez errefusatu Ferrerren alabaren erregu umil eta sutsuak. Oh errege, Jainkoa bera bezala, bizitza edo heriotzaren artean erabaki dezakena, bihotz noble horrekin nire arimaren samina desagerrarazi bedi eta nire erreguak entzun.

 
Ferrerren exekuzioaren aurkako manifestazioa Parisen.

Javier Tusell eta Genoveva Garcia Queipo de Llanoren iritziz, Ferrerren aurka azaldutako probak “urriak eta eskasak ziren, bereziki anarkista espainiarren liderra bazen”. Historialari horien arabera, “hilabeteetan zehar, munduko prentsak atentzioa jarri zion Espainiari eta gehienetan herrialde atzeratua eta basatia erakusten zuten, inkisizio erlijioso eta monarkia atzerakoi batek gobernatzen zuena. Parisen bandera espainiarrak aurkitu zitezkeen krepe beltzekin edo sinbolo nazionalak erreta. Suitzan, manifestariek Espainiaren eta apaizen aurka oihu egiten zuten. Erroman manifestariek Gobernuko presidentearekin elkarrizketa bat ere izan zuten. Lisboan ere antzeko gertakariak izan ziren eta Buenos Airesen bonba batzuk jaurti ziren Espainiako kontsulatuan. Salonikan mitinak izan ziren eta Genovan portuko langileek barku espainiarrak deskargatzeari uko egin zioten. Petropolisen, Brasilgo hiri batean, erregearen irudi bat erre zen. Britainia Handian ugariak izan ziren Ferrerren erailketaren aurkako protestak…Kontinente zahar osoan zehar, diplomatiko espainiarrek hainbat eta hainbat informe bidali zituzten protestek “maila ulergaitz eta onartezinak” gainditu zituztela.

Ondorioak: Mauraren erorketa aldatu

Aste Tragikoaren ondorioak bere lehenengo usteetatik harago nabaritu ziren. Gobernuak Bartzelonan gertatuko gertakizunek izaera separatista zutela kontsideratu zuen. Autoritateek errugabeak atxilotu eta epaiketa sumarioak garatu zituzten. 1000 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten, 175 erbesteratze-zigor, 59 biziarteko kartzela-zigor eta 17 heriotza-zigor ezarri ziren, horietatik bost exekutatu zirelarik, 1910eko maiatzaren 19an amaitutako prozesuetan. Aske jarritakoak kontuan hartuta, 1700 inguru inplikatu zenbatu ziren milioi erdiko hiri batean. Eskola laikoak itxi eta sindikatuak debekatu ziren. Hala ere, gertaera guztien erruduntasuna gizon bakar bati leporatu zioten: Francesc Ferrer i Guardia pedagogo anarkistari.

Fusilamentuek protestak sorrarazi zituzten Espainiako eta Europako jende multzo zabalen aldetik. Prentsako gutunak, kale-

 
Antonio Maura, gobernuko presidentea Aste Tragikoan zehar.

agerraldiak eta, toki batzuetan, atzerriko enbaxadei eraso egitera ere iritsi ziren. Egoera hark larrituta, Alfontso XIII.a erregeak Maura presidentea kargutik kenarazi eta Segismundo Moret liberala izendatu zuen haren ordez.<ref> García Rodríguez, José Carlos. (2010). ¿Arde Barcelona? La Semana Trágica, la Prensa y la caída de Maura. Astorga: Editorial Akrón.

1909ko urriaren 18an, Ferrer exekutatu eta bost egunetara, Diputatuen Kongresuan eztabaida bat egon zen, non Maura eta Moret aurrez aurre jarri ziren. Moretek gobernuaren dimisioa eskatu zuen eta erregeari bere eskaera babesteko eskatu zion kontserbadoreak joan zitezen. Urriaren 20an, Juan de la Ciervak Moret erasotu zuen, hau gobernuan egon zen bitartean erregearengana atentatu bat zuzendu zuela argudiatuz. Korteetako eskandalua handiagoa egin zen Maurak Ciervaren salaketa onetsi zuenean. 22an Maurak Palaciorengana jo zuen gobernuaren jarraitasuna erregeari aurkezteko; erregeak gobernuaren dimisioa onartu zuen. Erregeak orduan, Moret izendatu zuen gobernuko buru. Nuntzioak, bere partetik, gobernu aldaketa hori garaipen bat bezala ikusi zuen Espainiaren, Monarkiaren eta Elizaren aurka.

Erreferentziak aldatu

  1. Juliá, Santos. (1999). Un siglo de España. Política y sociedad. Madril: Marcial Pons, 34 or. ISBN 84-9537903-1..
  2. Martín Corrales, Eloy (ed.). (2011). Semana Trágica. Entre las barricadas de Barcelona y el Barranco del Lobo. Bartzelona: Edicions Bellaterra, 121-182 or. ISBN 978-84-7290-528-3..
  3. Madariaga, María Rosa de. (2011). Eloy Martín Corrales ed. Semana Trágica. Entre las barricadas de Barcelona y el Barranco del Lobo. Bartzelona: Edicions Bellaterra, 89-90 or..
  4. Rubí Casals, Gemma. (2009). Antonio Moliner Prada ed. La Semana Trágica de Cataluña. Alella: Nabla ediciones, 92-96 or..

Kanpo estekak aldatu