Barkoxeko altxorra

Burdin Aro amaierako txanpon multzoa

Barkoxeko altxorra edo altxortxoa[oh 1], XIX. mendean, Barkoxeko Larraja auzoko Espelia baserrian aurkitutako txanponen multzoa da. Ebro arroko txanponen multzo garrantzitsuenetakoa da, eta gertu ditu protohistoriako hainbat gazteluzar.[1]

Barkoxeko altxorra
Map
Motaaurkikuntza arkeologikoa
altxor
treasure trove (en) Itzuli
Aurkikuntza-data1879ko martxoaren 1a

Altxorrak 1.700 eta 1.800 pieza bitarte zituen.[2][3]

Aurkikuntzaren historia aldatu

 
Barkoxeko herriren ikuspegi orokorra.

1879ko martxoan, Augustin Barneixen emazteak, Barkoxeko Larraja auzoko Espelia baserriko aurreko patioko lurrean, metalezko disko txiki batzuk aurkitu zituen, baserri atzeko errekastoan behiei edaten ematen ari zela, eta botoitzat hartu. Jaso ondoren, senarrari erakutsi zizkion. Hark lekua aztertu eta zeramika iluneko ontzi txiki bat aurkitu zuen, ttipia eta konkorduna, agian helduleku batekin, 10 cm-ko sakoneran. Ateratzean, pitzatu eta puskatan desegin zen, baina ez zituen zatiak jaso, piezak nahi zituelako. Zilarrezkoak zirela jakin gabe, kobre karbonatozko geruza lodi batez estalita zeudelako, aurkikuntzari ez zion baliorik eman eta batzuk oparitu zituen. Eskiulako makila-fabrikatzaile bati ere kopuru handia saldu zion, 10 zentimoan pieza bakoitzeko. Azken horrek, garbitu ondoren, makiletan jarri nahi zituela esan zion.

Maiatzean, Émile Tailleboisi albistea iritsi zitzaion. Taillebois Numismatikako Elkarte Frantseseko kide fundatzaileak eta Akizeko Société de Bordako eta historia- eta zaharkin-elkarte batzuetako kideak, (baita Espainiako Historiaren Errege Akademiakoa ere) eta txanponen berri izan zuenean inguruko pertsona ospetsuekin harremanetan jarri zen (adibidez, Touan jauna, Barkoxeko maisua), datuak eta laginak eskatzeko. Azkenean, Barkoxera gerturatu zen altxorretik geratzen zena bertatik bertara aztertzeko. berak idatzi zuen altxor honen inguruko lehen argitalpena: «Le Trésor de Barcus, découverte de 1750 deniers celtibériens en argent»[4][oh 2], Bulletin de la Société de Borda aldizkarian, 1879ko 3. hiruhilekoa, 243-267, Akizen 1879ko abuztuaren 20an argitaratua.

Taillebosen arabera, txanponak agertu ziren lekua Barkoxetik kilometro batera dago, harana menderatzen duen muino batean; toki ezin hobea da herri harresitua kokatzeko. Lurra buztin-geruzaz osatuta zegoen, eskistoko beste kapa perpendikular batzuekin txandakatuta. Hain zuzen ere, 30 bat cm-ko lodierako buztin-geruza batean, bi eskistoren artean paratu zuten ezkutalekua. Hasieran, ezkutalekua aurkitu zen 10 cm baino sakonago egongo zen, nekazaritzako lanek nabarmen beheratu baitzuten kanpoko lurrazala. Altxorra isolatuta zegoen, eta ezin izan zuen ontziaren hondarrik aurkitu.

Aurkikuntza oso interesgarria zen ikuspegi arkeologikotik, Euskal Herriko probintzietan, zehazki Zuberoan, horrelako zerbait aurkitzen zen lehen aldia baitzen. Oraindik ere, Iberiar Penintsulatik kanpo aurkitu dira denario iberiko bakarrak dira Barkoxekoak.

Barkoxen bertako biztanleen artean sakabanatuta zeuden piezak ikusi eta aztertu ahal izan zituen Taillebosek, baita Maulen eta Nabarrengosen zeudenak ere.

Nafengoseko ile-apaintzaile batek, Masse abizena zuena eta numismatika maite zuenak, makiletako bat ikusi eta jatorriaren berri izan ondoren, Augustin Barneixen harremanetan jarri zen (baserriko jabea), eta mila bat erosi zizkion prezio baxuan. Geroago, jabea, ondo informatuta, piezak hobeto saltzen joan zen, eta Thaillebois iritsi zenean, 400 bakarrik geratzen zitzaizkion; horietatik erdiak Barkoxeko apaizak, Hegiagarai jaunak, gordailuan zituen, eta beste erdia William Waddington-i bidali zizkion, numismatikan aditua baitzen eta, une horretan, Ministroen Kontseiluko presidentea. Waddingtonek Cabinet de Médailles-ek txanponak azter zitzan nahi zuen.

Tailleboisek zerrenda bat egin zuen erosle guztien izenekin eta erosi zituzten aleen kopuruarekin. Guztira 1.724 denario zenbatu zituen, eta horiei, oparitu edo galdu ziren 50 bat edo gehiago gehi dakizkieke, hau da, 1.774. Kopuru horretatik 1.080 pertsonalki aztertu zituen. Bestalde, W. Waddingtonek eman zizkioten 216 denarioen zerrenda bidali zion. Gainera, beste pertsona askok eman zioten haien gaineko informazioa; beraz, guztira 1.375 aleren deskribapen zehatza egin ahal izan zuen.

Ezaugarriak aldatu

Metala aztertu zuen metala eta purutasun handia lortu:% 95 zilarra eta% 5 kobrea. Hortik ondorioztatzen da ez zutela inongo alerik forratu.[5] Pisu tarte ohikoena 3,50 – 3,90 gr-koa izan zen (muturrak 2,80 gr-koak eta 4,70 gr-koak). Higadura-maila apalak zirkulazio eskasa zutela erakusten du, egin berria kasuren batean.

Erabili zuten garbiketa sistemak, sutan jarrita, ale batzuk partzialki edo erabat hondatu zituen.

Kobrezko geruza lodi batek estaltzen zituen denario batzuk eta horri dagokionez, Taillebosek uste zuen zeramikazko ontziak beste txanpon, besoko edo kobrezko lingote batzuk ere edukiko zituela, eta metala nahastuko zela.

Beste argitalpen batzuk aldatu

1880an, «Étude sur les monnaies celtibériennes découvertes a Barcus en 1879an» argitaratu zuen Paueko "Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau", 1880ko maiatzaren 12ko bilkuran. Han azaltzen du sozietate horrek "duela gutxi" 8 zeltiberiar denario eskuratu dituela Barkoxen aurkitutako altxorretik.

Ia aldi berean, Jean Pierre Duvoisinek «Antigüedades ibéricas. Cuestiones de numismática, de historia y de filología»[oh 3] 1880koan Euskara III. aldizkarian, hiru zatitan. Tailleboseren testuaren laburpena da ia-ia.

1907an, J. B. Daranatzek aurkikuntza horren berri eman zuen Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkarian (RIEV), Euskal Herriko erromatar txanponen aurkikuntza garrantzitsuen atalean, 263-264 orrietan.

1957an, Jean Babelonek «Le tresor de Barcus» argitaratu zuen Numario Hispanico aldiakriko 12. zenbakian (157-162 or.). Sakabanaturik zegoen altxorraren ale gehienak aurkitzen saiatu zen, eta aurkitu zituenei buruzko informazioa eman zuen. 16 denarioa aztertu ahal izan zituen eta horien marrazki argitaratu zituen. Jean Babelonek, txanponen ezaugarriei begiratuta, Sertorioren gerran datatu zituen.

1997an, Pere Pau Ripollès-ek (Valentziako Unibertsitatea) eta Manuel Gozalbes-ek (Valentziako Historiaurreko Museoa) altxor horren bibliografiaren berrikuspen osoa egin zuten, eta 5 ale berri aurkeztu zituzten Antiquités Nationales aldizkariko «Nouvelles pièces ibériques provant du trésor de Bariqués (Pyrénées-Atlantiques)» artikuluan [6]. Denario horiek Musée des Antiquités Nationales de Saint-Germain-en-Laye (gaur egun Musée d´Archéologie Nationale et Domaine National) museoan daude, Saint-Germain-en-Layen, Paristik gertu.

Ripollès eta Gozalbesek uste dute denario erromatarrik ez egoteak altxorra ezkutatzeko unea zehazki datatzea eragozten duela, baina, haren osaera ikusita eta beste gordailu batzuekin konparatuta, Sertorioren gerren garaian (K.a. 80-72) gertatu zela, nahiz eta, hasiera batean, ez dirudien gatazka horrek eragin zuenik. Era berean, adierazten dute iparraldeko mesetako antzeko altxor batzuen testuinguru estratigrafikoek adierazten dutela ezkutatu ziren uneak ez zuela loturarik Sertorioren gerrekin. Beraz, azken batean, nahiz eta bere ezaugarriengatik garaiko altxor tipikoa izan, ezinezkoa da segurtasunez datatzea, jabeak berak ere gorde ahal baitzituen, eta handik urte gutxira ezkutatu.

Azken argitalpena Gonzalbesena izan da. «La ceca de Turiazu» (2009) monografian[oh 4], Gozalbesek altxorraren laburpen zehatza eskaintzen du, eta aurkitu diren ale berriak kontuan hartuta, informazioa eguneratu du.

Txanponen etxeak aldatu

Txanponen etxea, idatzita duten legendaren arabera identifikatzen da. Arazo gehiago daude txanpon-etxe hori egungo toki zehatz batekin edo iturri historikoetan aipatzen den herri edo hiri batekin lotzeko. Aztertu ahal izan ziren 1.375 txanponak, txanpon-etxe hauetakoak dira:

Arsaos, Bentian eta Baskunes, baskoien txanponen artean sailkatzen ditu UNED unibertsitateko Tesorillos datu Baseak. Arekorata beroien edo etnia ezezagunekoen artean. Turiazu eta Sekobirikes zeltiberoak lirateke, lehenengoa lusoiena eta bigarrena arebakoena. [7]

Non esan da daudela txanponak aldatu

  • Espelia baserriko etxekoandreak, gutxienez, Turiazu txanpon bat zuen.
  • Eskiulako makilagileak multzo bat eskuratu zuen.
  • Masse jauna, Nabarrengoseko ile-apaintzaileak mila inguru eskuratu zituen.
  • Hegiagarai jaunak, Barkoxeko apaizak, 200 zituen.
  • William Henry Waddingtonek, Frantziako lehen ministroa izandakoa eta epigrafia eta numismatikan aditua, 216 lortu zituen.
  • Bordako museoan (Akizen) 4 utzi zituen E. Tailleboisek: Baskunes 1, Turiazu 1, Arsaos 1 eta Sekobirikes 1. Gozalbes, bestalde, Turizuko 4 denario[oh 5] argitaratu zituen «Turiazuko txanpon-etxea» laminetan argazkietan agertzen direnak.
  • A. de Bordenave d´Aberek dio Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau-ko museoan 8 zeudela: 4 Turiazuko, 2 Sekobirikes, Baskunes 1 eta Arsaos 1.
  • Mauleko Alzuieta andereak, besoko batean hainbat txanpon zituen sartuta, eta beste batzuk koadro batean, J. Babelonen esanetan.
  • Etxeberri jaunak, "Aeztia" gaztelukoa[oh 6] (Mauletik gertu omen dago) ale batzuk zituen, J. Babelonen esanetan.
  • Baionako Euskal Museoa: J. Babelonek aipatzen du bere ikerketan, baina ez dago argi ba ote dagoen alerik museoan.
  • "Paueko museoan": Babelonek aipatzen du eta, agian, Bordenave d´Aberek aipatutako bera da.
  • La Place Jauretxe jaunak Babeloni koaderno bat eman zion Oloronen, eskualdean saldutako denarioen zerrendarekin, baina horrek ez zuen argitaratu.
  • Saint-Germain-en-Layen dagoen Frantziako Musée d'Archéologie Nationale-an, Ripollès eta Gonzalbes irakasleek 5 denario aurkitu zituen: 2 Turiazu, 2 Sekobirikes, Baskunes 1.

Txanpon askoren kokagunea ez da ezagutzen gaur egun, eta txanpon eta jabeen zerrendak ere galdu dira. Ez dakigu Baionako museoan altxor honetako txanponik egongo den, edo Akize edo Paueko museoan. Ez dakigu makilarik existituko denik txanpon horietakoren bat erabiltzen duena, ez eta Nabarrengoseko Messe jaunak eskuratu zituen 1.000 pieza non dauden.

Oharrak aldatu

  1. Altxorra edo altxortxoa, aurkitzen den txanpon historikoen talde bat izendatzeko erabiltzen da.
  2. Euskal Museoan kopia bat gordetzen dute. 8http://pmb.musee-basque.fr/opac_css/index.php?lvl=publisher_see&id=951)
  3. Txosten horren formatu digitala Euskomediak eskegi zuen: http://hedatuz.euskomedia.org/view/year/1880.html
  4. Datu osoak: Manuel Gozalbes Fernández de Palencia (2009): La ceca de Turiazumonedas celtibéricas en la Hispania republicana. Serie de trabajos varios, 110. : 978-84-7795-545-0. Testu osoa Dialneten eskura daiteke.
  5. Ez da guztiz aproposa denario hitza erabiltzea testuinguru honetan, Turiazukoa eta besteak, ez direlako erromatar txanponak, baina zilarrezko txanpon indigena horiek, denarioen nahiko antzekoak direlako, konbentzioz, horrela esaten zaie literatura zientifikoan.
  6. Artikulu hau idazterakoan, ezin izan dugu egiaztatu etxe hori, izen horrekin, existitzen denik.

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Gaztelaniaz) Suárez, F.. (2017). «Tesorillo de Barcus.» Denarios Ibéricos (Noiz kontsultatua: 2023-02-14).
  2. (Gaztelaniaz) Blanco Arcos, Francisco José. (2022). «Economía de guerra. La financiación de Sertorio durante el conflicto. Una nueva perspectiva» Itálica: Revista para la Difusión de Jóvenes Investigadores del Mundo Antiguo 4: 1-54..
  3. (Frantsesez) Ripollès Alegre, Pere Pau; Gozalbes, Manuel. (1997). Nouvelles pièces provenant du trésor de Barcus (Pyrénées-Atlantiques). , 93-98 or. (Noiz kontsultatua: 2023-02-14).
  4. (Frantsesez) «Photo 57246001.jpg - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-03).
  5. Txanpon batzuei, metal pobre asko zuten aleazioez eginak zirenean, benetan zutena baino balio altuagoaren itxura emateko, metalezko estalki bat (forru) bat jartzen zieten.
  6. (Frantsesez) Alegre, Pere Pau Ripollès; Gozalbes, Manuel. (1997). Nouvelles pièces provenant du trésor de Barcus (Pyrénées-Atlantiques). , 93-98 or. (Noiz kontsultatua: 2023-03-03).
  7. a b «Cecas vasconas» www.tesorillo.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-03).
  8. «Cecas | Moneda Ibérica» monedaiberica.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-03).

Kanpo estekak aldatu