Baga, biga, higa

Mikel Laboaren kanta

Baga, biga, higa jatorriz euskal haur-kanta herrikoi bat da. Mikel Laboa musikariaren bertsioan egin zen ospetsu. 1969an plazaratu zuen bere "lekeitio" estilo propioan, eta 1974an Bat-hiru diskoan zabaldu zuen.[1] Tartean, 1970eko abuztuan, Ez Dok Amairu taldeak "Baga, biga, higa... sentikaria" estreinatu zuen, kanta, poesia, dantza, antzerkia eta txalaparta batzen zituen ikuskizuna.[2]

Baga, biga, higa
Mikel Laboaren musika-lana
Egilea(k)Mikel Laboa
Ezaugarriak
Genero artistikoaEuskal Kantagintza Berria
Hizkuntzaeuskara
Deskribapena
Honen parte daBat-Hiru (albuma)
Baga, biga, higa,,, sentikaria
Argumentu nagusiahaur kanta eta Akelarrea

Abestia oso ezaguna da, 'Euskal abesti herrikoien' artean 6. bisitatuena izan da Wikipedian (2015-2023).[3]

Kantuaren hitzak aldatu

Baga, biga, higa,
laga, boga, sega,
Zai, zoi, bele,
harma, tiro, pun!
Xirristi-mirristi.
gerrena plat,
Olio zopa,
Kikili salda,
Urrup edan edo klik ...
ikimilikiliklik ...

Elementu hauek aurkitu daitezke hitz horietan:

  • Lehen hamar hitzak euskarazko lehen hamar zenbakien forma bereziak dira (baga, biga, higa, laga, boga, sega, zai, zoi, bele, harma), Baztan inguruan edo erabiltzen direnak.
  • Hamar hitz horietako bakoitzaren lehen bi letrak beti bat datoz zenbakiek euskara batuan hartzen duten ohiko formarekin (bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi, hamar).
  • Azken bi hitzek, zenbakia izateaz gain, beste esanahi bat ere badute: bederatziari dagokion hitza belea da (erroia), eta hamarrari dagokiona, harma (arma). 'Arma' esanahi hori ondo lotzen da hurrengo hitzekin, o (arma, tiro, pun!). Horrela, zenbakien sekuentzia fonetikoa hiru hitzeko beste sekuentzia batekin lotzen du harma/arma hitz horrek.
  • Azkenik, ohartxo batzuk ohiko ez diren hitzei buruz:
    • gerrena (okela su gainean erretzeko erabiltzen den burdinazko ziria), plat (platera).
    • kikili (berez oiloa da, baina koldar esanahia ere badu eta hori ondo dator testuinguru horretan).
    • urrup edan edo klik (xurgatu edo irentsi). Klik onomatopeia euskaraz irenstearekin erabiltzen da).
    • ikimilikiliklik (aho-korapilo hutsa da hori), baina aldi berean aurreko bi hitzen (kikili eta klik) transformazio bat dela dirudi.

Kantuaren grabazioak eta erabilerak aldatu

Lehenengo grabazioa 1974koa izan zen, Bat-Hiru diskoan sartu zuen Mikel Laboak.

Mikel Laboak 1974an kaleratutako Bat-hiru disko bikoitzeko 12. abestia izan zen. Bertan, euskarazko hitzak imitatzen omen dituzten fonema kateatuen segmentu ulertezinak gehitu zituen. Jatorriz hiru disko prestatu ziren album horretarako, baina garaiko zentsurak disko oso bat zentsuratu zuen; hortik dator lanaren izenburua, falta zen zenbakia zentsuratua izan zela adierazteko. Disko honek euskal musikari bide berriak ireki zizkion, baina polemikoa izan zen jende askok ulertu ez zuelako. Besteak beste, abesti ezagun hauek zeuden disko hartan: Gure Bazterrak, Txoria txori, Baga, biga, higa, Haika mutil, Bereterretxen khantoria, Haize hegoa, Xori erresiñula, Oies errondan dabil, Zaude lasai, eta Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak.

Geroago, orkestra sinfoniko eta korurako bertsioak ere egin ziren. Orkestrarako bertsio hori Julio Médem-ek erabili zuen 2003an Euskal pilota: larrua harriaren kontra dokumentalaren soinu-banda gisa. filmean ere erabiltzen da, Álex de la Iglesiak 2013an zuzendu zuen Las brujas de Zugarramurdi filmean ere azaltzen da, akelarre bat deskribatzen duen sekuentzian.

Niko Etxart zuberotar kantautorearen Baga, biga, klik abestiaren euskal haur kanta herrikoi bera du jatorri. Laboak kanta herrikoiari sorginen giroko kutsu ilun edo beldurgarria eman zion; aldiz, Nikok jai giro kutsu rockeroa.

Koma talde nafarrak kantuaren beste bertsio bertsio bat sartu zuen 2004ko Sinónimo de Ofender diskoan.

"Baga Biga Higa..." ikuskizuna (1970) aldatu

Ez Dok Amairuk 1970eko abuztuan estreinatu zuen "Baga, biga, higa... sentikaria" ikuskizuna. Euskal kultur mugimendu abangoardistak lortu zuen bere talde izaera bururaino eramatea, kanta, poesia, dantza eta antzerkia, txalapartaren doinuz uztartzen zituen ikuskizun honekin. Geroago Mikel Laboak grabatuko zuen abestiaren atarikoak izan ziren haiek.[2]

"Baga Biga Higa..." bideoa (2015) aldatu

Juan Gorostidik ekoiztu eta Irati Gorostidik zuzendutako bideoak 2015ean bi osagai uztartu zituen: Laboaren lehen lekeitioa izan zen 1969ko Baga, biga, higa hura eta Manuela Carretta italiar flamenko dantzariaren urratsak.[1][4][5]

Artean aldatu

 

Usurbilen Juan José Aranguren eskultoreak egindako ikimilikiliklik eskultura dago Mikel Laboa plazan.

Erreferentziak aldatu

  1. a b Zabala, Juan Luis. «Irati Gorostidiren 'Baga, Biga, Higa' bideoa aurkeztu du Mikel Laboa Katedrak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).
  2. a b «Taldearen hasiera eta amaiera» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).
  3. «Euskal abesti herrikoi bisitatuenak Wikipedian (Massviews Analysis)» pageviews.wmcloud.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-10).
  4. «'Baga biga higa'-ri buruzko bideo bat babestu du Mikel Laboa katedrak» El Diario Vasco 2015-01-15 (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).
  5. Gorostidi, Juan. «Txoriaren garrasia urrezko kaiolatik» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu