Babismo

mugimendu erlijiosoa

Babismoa (persieraz: بابیه‎‎Babiyye) edo Bayání Fedea[1] (persieraz: بيانى‎Bayání). Iranen, Siyyid Alí Muhammad-ek, Báb-ek, 1844an sorturiko erlijio monoteista abrahamikoa da. Sinesmen horren arabera, gorputzik gabeko Jainko transzendente eta ezagutezina da[2][3], eta Jainkoaren Agerpen (arabieraz: ظهور الله‎) deritzon teofanien bitartez parte hartzen du gizateriaren historian.

Xeikh Tabarsi, 2008. Santutegi honetan kokatutako gotorlekuan bábí-en sarraskia izan zen 1847-8 urteetan (Mazandaran, Iran)

Etimologia aldatu

Babismo hitza mendebaleko orientalistek sortutako terminoa da, ez fedekideek. Bab izenetik eratorria da (arabieraz: باب‎ , euskaraz: atea). Bestalde, Bayání terminoa B-Y-N hiru errotiko kontsonantez osatzen da. Arabierazko hitzak errotiko kontsonanteen inguruan osatzen dira, bokalak eta errotikoak ez diren beste kontsonanteak gehituta. Azken hauen arabera, errotiko kontsonante horiek aditza, izena edo adjektibo bihurtzen dira.

Kasu honetan B-Y-N hirukoteak argitasuna edo bereiztea adierazten dute. Bayan hitza, zehazki, metaforak eta interpretazioak lantzen dituen arabierazko erretorikaren adarraren eremuko azalpena edo iruzkina da.[4]

Sinismenak eta ikasbideak aldatu

Babismoa apaiz xiiten tiraniaren aurka altxatu eta Islamaren xaria abolitzen saiatu zen. Emakumea askatu beharra eta gizon guztiak, arraza eta gizarte-klase ororen gainetik, anaiak direla aldarrikatu zuen; eta orobat, erlijioen artean ongi konpondu beharra. Besteak beste, Korana eta xariaren garaia amaitua zela, eta aro berri baten aurrean zeudela sinesten zuten. Báb-en idazlanetan Jainkoak agerraraziko zuenaren iragarpena nagusitzen da.

Imam ezkutua aldatu

Hamabitar xiitek sinesten dutenaren arabera, hamabi imam izan dira; horietatik azkena, Imam Mahdi bezala ezagutzen dena, zenbait ordezkariren bitartez komunikatzen zen fededunekin.[5] Hamabigarrentarren arabera, Imamaren azken ordezkaria hil zenean, Imama oraindik ere bizirik zegoela, Ezkutatze egoeran sartu zen eta fededunek ez zuten harengana heltzerik. [5] Musulman xiien tradizioak dioenaren arabera, munduan zapalkuntza hedatuko zenean Imam Mahdia ezkutatzeari utzi eta benetako erlijioa berrezarriko zuen lurrean, munduaren amaierako kataklismoa eta azken judizioa gertatu baino lehen.[5][6]

Bábí-en sinesmenean, Báb Imam Mahdiaren itzulera da, nahiz eta Ezkutatzearen doktrina ez duten onartzen; Imamaren etorrera sinbolikoa da Bab, eta ez ehunka urte lehenago desagertutako Imam Mahdiaren berragertze fisikoa.[5] Babí-en ustez, Imam Mahdi delakoari buruzko aurreko agerkundeek egindako adierazpenak guztiz sinbolikoak dira.[5] Báb-ek aitortu zuenez, Qa'imarengandik itxaroten zutena betetzeaz gain, emanaldi profetiko berri baten hasiera zen bera.[6]

Pizkundea, judizioaren eguna eta errebelazio ziklikoa aldatu

Báb-ek irakatsi zuenez, bere errebelazioa prozesu apokaliptiko baten hasiera zen, bilakabide horretan islamiar erlijioaren zikloa amaitu eta beste aro erlijioso bat hasiko zen.[6] Irakatsi zuen ere, garaien amaierako profezia xiitetan agertzen ziren "berpizkunde", "judizio egun", "paradisu" eta infernu" hitzek sinbolikoak zirela. [7] "Berpizkunde" hitzak agerkunde berri baten sorrera adierazten du, eta "hildakoen pizkundea" (arabieraz: يوم القيامة‎Yawm al-qiyāmah) egiazko erlijiotik urrundu direnen iratzartze espirituala dela.[7] Era berean, "Judizioaren eguna" gertatzen da errebelazio berri hori (Jainkoaren Agerpena, ikus Bahá'í fedea) agertzen delarik lurrean, garaikideek onartzen edo errefusatzen dutenean. [7] Horrela, Báb-ek azaldu zuen bere errebelazioarekin batera garai baten amaiera eta berri baten hasiera gauzatzen zela, eta, beraz, garaien amaierak ziklo profetiko baten amaiera sinbolizatzen zuela. [6] Báb-ek honela idatzi zuen: "Zinez, mundu hau eta gerokoa bi egoera espiritual dira. Jainkoarengana jotzen baduzu, goratua izan bedi, paradisuan zaude eta zeure buruaz arduratzen bazara, infernuan eta munduan zaude. Horregatik, ongi bereiztu behar dituzue aipamen horiek ".[8]

Persierazko Bayán-ean, Báb-ek idatzi zuen erlijio emanaldiak ziklikoki agertzen direla, urtaroak bezala, "erlijioaren araztasuna" berritzeko xedez, gizateriaren onurarako.[6] Jarraikortasunaren nozio honekin etorkizunean ere errebelazio profetiko berriak agertuko direla aurrikusi zuen Báb-ek. [6]

Jainkoak agerraraziko zuena aldatu

Báb-ek errebelazio berri bat zekarrela aldarrikatu zuen, baita bere errebelazioak ez zuela helbururik ere.[5] Zaila da hori ulertzen jakin gabe Bab-en irakaspen nagusietako bat Agindutakoari buruzkoa dela, Bab-en hitzetan Jainkoak Agerraraziko Duena, aurreko erlijio guztietako idazteunetan aipatua, eta laster Lurrean Jainkoaren Erreinua ezarriko zuena.[9] Báb-ek idatziriko liburu guztietan etengabe eskatzen die bere jarraitzaileei adi egoteko, eta laster agertuko zen Jainkoak Agerraraziko Zuenari jarraitzeko, eta ez egiteko musulmanek berarekin egin zutena bere errebelazioari uko egin ziotenean. [5]

Arau erlijiosoak aldatu

Báb-ek Islamaren legea indargabetu zuen, eta persierazko Bayán-ean lege sistema berri bat azaldu zuen, eta horrela, Islametik berezitako erlijio bat ezarri zuen.[10][11]

Historia aldatu

Persian sortu zen XIX. mendeko bigarren erdian Siyyid Alí Muhammad-i-Shirazík, Bab-ek irakatsita. Báb-ek xiitek itxaron zuten Imam ezkutuaren itzulera zela aldarrikatu zuen, eta berrikuntza gisa sorturiko mugimendu honen doktrina bi liburuetan bildu zuen: persierazko Baian-a eta arabierazko Baian-a («Agerpidea edo Azalpena»). Horietan azaldutakoak eragindako iraultza zela eta, Siyyid Alí Muhammad preso hartu eta fusilatu egin zuten Tabrizen 1850ean, eta haren 20.000 jarraitzaile ere (babiak) hil zituzten hurrengo urteetan. Aipatzekoak dira Xeikh Tabarsí, Zanján, Nayríz eta Teheranen pairatutako sarraskiak. Mugimenduak klandestinitatean eta Otomandar Inperioan iraun zuen.

Adarrak aldatu

Báb zendu ondorengo 20 urteetan, 25 bat lagunek aldarrikatu zuten Hark iragarritako "Jainkoak agerraraziko zuen" hori zirela. Horietatik bik egin zuten aurrera: Mirza Yahya, Subh-i-Azal (Ziprera erbesteratua) eta bere anaia Mirza Husain Alí, Bahá'u'lláh (Haifara erbesteratua).

Mirzá Yahya Azal-en ehunka jarraitzaile, azaliak, Islam-era itzuli ziren, eta Xiah-ren adar bat izaten jarraitzen dute egun Iranen.

Bahá'í-ek, Mirzá Husain Alí Bahá'u'lláh-ren jarraitzaileek, aldiz, Islametik aparteko erlijio berri bat osatzen dute: bahá'í fedea. Zazpi milioitik gora fededunek osatzen dute bahá'í komunitatea mundu osoan. Nazio-komunitaterik handiena Indian da, bi milioitik gora jarraitzaileekin, eta Irango bigarren komunitate erlijiosoa da, jarraitzaileen kopuruari dagokionez.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Varnava, Andrekos et al.. (2009). The Minorities of Cyprus: Development patterns and the identity of the internal-exclusion. Cambridge Scholars Publishing, 362 or..
  2. (Ingelesez) Bab, Sayyid `Ali Muhammad Shirazi. (1848). Persian bayan. Exordium.
  3. Browne, E.G.. Kitab-i-Nuqtatu'l-Kaf. , 15 or..
  4. (Ingelesez) Espito, John L.. (2003). The Dictionary of Islam. , 39 or. ISBN 0-19-512558-4..
  5. a b c d e f g Browne, Edward G.. (1889). Bábism. .
  6. a b c d e f Amanat, Abbas. (2000). «The Resurgence of Apocalyptic in Modern Islam» The Encyclopedia of Apocalypticism (Stephen J. Stein) III: 230–254..
  7. a b c Esslemont 1980.
  8. Lawson, T. (2005). The Bab’s Epistle on the Spiritual Journey towards God.”. In The Baha’i Faith and the World Religions: Papers presented at the Irfan Colloquia (pp. 231–247)
  9. Farah, Caesar E.. (1970). Islam: Beliefs and Observances. Woodbury, NY: Barron's Educational Series.
  10. Hutter, Manfred. (2005). «Babis» in Lindsay Jones Encyclopedia of Religion. II (2. argitaraldia) Detroit: Macmillan Reference USA, 727–729 or..
  11. Walbridge, John. (2002). Essays and Notes on Bábí and Baháʼí History. East Lansing, Michigan: H-Bahai Liburutegi Digitala.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu