Arrano beltza (Aquila chrysaetos) Accipitridae subfamiliako hegazti harraparia da, Ipar Hemisferioan ezagunenetariko bat dena. Ar eta eme, bikoteka bizi ohi dira, Europako eskualde batzuetan, Asian eta Ipar Amerikan, batez ere. Iberiar penintsulan oso bikote gutxi geratzen da; eta Euskal Herrian bat edo bi besterik ez, Irunberri inguruan.

Arrano beltz
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaAccipitriformes
FamiliaAccipitridae
GeneroaAquila
Espeziea Aquila chrysaetos
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masaarra: 3,572 kg (helduen pisua)
emea: 5,194 kg (helduen pisua)
Zabalera2,03 m
Genomaren kokapenadnazoo.org…
Aquila chrysaetos

Euskal Herriko hegazti harrapari eder eta lirainenetako bat da; Euskal Herriko arranorik handiena den arren, ez dago oso hedatuta gure lurraldean eta Arabako Mendietan eta Pirinioetan bizi diren bikote gutxi batzuek osatzen dute gure inguruko populazioa.

Deskribapena aldatu

Hegazti harrapari handia, luma arreak, isats biribila, eta moko eta atzapar sendoak ditu. Beltza esaten zaion arren, marroi iluna da, buruan lepoan baina argiagoa. Arrano beltzaren hegoen luzera 2 metro baino gehiagokoa izan daiteke. Emearen pisua 6 kg da inoiz eta arra txikiagoa da, hegazti harrapari guztietan gertatzen den moduan.

Europa kontinentean tamaina aldetik bigarrena da, soilik itsas arrano buztanzuriaren atzetik dago. Burualde oso sendoa, hego handiak eta buztan nahiko luzea ditu. Helduak marroixkak izan ohi dira eta aurpegi eta kokote aldean urre-koloreko tonalitateak izaten dituzte. Buztana beltza da, muturrean apur bat argiagoa. Azpialdea marroia da, gune argiago batzuekin. Gazteak ilunagoak izaten dira. Hegoen erdialdean eta buztanaren behealdean orban zuri bereizgarriak beha daitezke. Orban horiek joaten dira, gaztea heldutan izango duen lumajea hartuz doan heinean.

Orokorrean, espezie isila da, baina batzuetan txistu apal bat egiten du, bai hegan, bai pausatuta dagoenean ere.

Abiadura aldatu

Oso arrano handia da (Europako bigarrena eta Euskal Herriko handiena) eta oso bizkorra ere bai. 250 km/h-ko abiadura hartzen du airetik amiltzen denean. Abiadura hori hegazti bakar batek gainditzen du: belatz handiak (350 km/h gaindi dezake), munduko animaliarik bizkorrena. Beraz, arrano beltza munduko bigarren animaliarik azkarrena da: meritu handiko gauza da, haren tamaina eta pisua kontuan hartuta.

Indarra aldatu

Europako bigarrena izanda ere, indarrari dagokionez, Europako arranorik indartsuena da. Erpe luze eta zorrotzak ditu, hanka lodiak eta trinkoak estutze ahalmen handia emanez. Azeri heldua eta basakatu heldua hiltzeko gai da, normalean haren dietan sartzen ez badira ere (oso arriskutsuak baitira, batez ere basakatua).

Haren harrapakinen artean, 15 kg-ko animaliak sartzen dira, orkatz kumeak barne. Animalia hain handiak hil eta airean eramateko gaitasunak haren indarra argi erakusten du.

Munduko hainbat inperio eta herritan arrano beltzaren irudia erabilia izan da indarra erakusteko, betidanik ezaguna izan da beraz arrano beltzaren indarra: besteak beste, Erromako inperioa eta Euskal Herria ditugu, Nafarroako armarrian zigilu propiotzat erabiltzen baitzuen Antso VII.ak.

Taxonomia aldatu

Banaketa eremua aldatu

Ia mundu guztian hedaturik dago. Ipar Amerikan, Eurasian eta iparraldeko Afrikan bizi da, baita Britainia Handia, Japonia eta Mediterraneoko uharteetan ere.

Erdialdeko Europako populazioa asko gutxitu da azken hamarkadetan gizakiaren eraginez eta garai batean ugari zeuden lekuan ez dago alerik. Egun, mendebaldeko Europan Eskozia, Norvegia, Alpeak, Italia eta Iberiar penintsulan soilik dira, nahiz eta 2001ean 35 ale askatu ziren Irlandan.

Euskal Herrian aldatu

Euskal Herrian Arabako mendietan eta Pirinioetan bizi da. Araban, Izki aldean eta Errioxa eta Nafarroarekin muga egiten duen inguruan ikus daitezke, eta Pirinioetan, Nafarroa, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Araban zortzi bikote daudela jotzen da eta Pirinioetan, hamahiru baino ez.

Habitata aldatu

Baso eta zelaiak ugari diren ingurune menditsuetan bizi ohi da hegazti hau. Kumeak gurasoengandik gertu gelditzen dira bizitzen, lurraldetik kanpora egin gabe.

Urtez urte txandakatzen dituzten hainbat habia eratzen dituzte beren lurraldean. Batez ere kareharrizko harkaitzetako kobazulo eta erlaitzetan eratzen dituzte habiak, baina badira zuhaitzen adaburuetan habia eraikitzen dutenak ere. Nahiko sinpleak izan ohi dira. Pinu eta arteen adarrekin eratzen dute oinarria eta pinu-hostoez estaltzen dute. Umatze-garai bakoitzeko pisu berriak gehitzen zaizkio eta ohikoa da hainbat urteren ostean metro bateko altuera eta bi metroko zabalera izatera iristea.

Elikadura aldatu

Tamaina ertain eta txikiko ugaztunez elikatzen dira, batez ere. Hegaztiak (usoak, usapalak, eskinosoak, basoilarrak) eta narrastiak ere ehizatzen dituzte eta noizbehinka sarraskiez ere elikatzen dira. Ehizarako behe-hegaldiak egiten ditu eta harrapakinarengandik gertu dagoenean, haren gainera amiltzen da, abiadura handiz. Gazteak gurasoek elikatzen dituzte independizatzen diren arte eta, normalean, ugaztunen ordez, hegaztiak ematen dizkiete, ziurrenik, gazteek hobeto digeritzen dituztelako.

Ugalketa eta ontogenia aldatu

Ugal garaia martxoa inguruan hasten da eta normalean, beren lurraldean bertan ugaltzen dira. Ugalketaren ostean, emeak 1 eta 3 arrautza bitartean erruten ditu eta 45 egunez txitatzen ditu. Zuriak izaten dira eta 77 x 59 mm-ko tamaina eta 140 g-ko pisua izaten dute. Kumeek lumajea guztiz zuria izaten dute. Txito bat baino gehiago jaiotzen badira, lehenengoak lehen hegalaldia 50 egun ingurura egiten du. Gainerakoak, normalean, hil egiten dira, gurasoek ez baitituzte zaintzen eta lehen kumeak, indar nahikoa duenean, habiatik botatzen baititu.

Bizimodua aldatu

Hegazti monogamoak dira. Ez dute harrapari naturalik. Beren ekosistemetako super-harrapariak dira, elikadura katean goian baitaude.

Kontserbazioa aldatu

Munduan mehatxurik gabe sailkatu du arrano beltza IUCN erakundeak, banaketa eremu zabala (20.000 km baino gehiago) duelako, batez ere. Halaber, populazioa oso handia da (10.000 heldu baino gehiago) eta azken hiru belaunaldietan kopurua ez da % 30 baino gehiago murriztu (populazioa egonkorra da, beraz).

Europan arrarotzat jotzen bada ere (hau da, mehatxurik gabea oraindik ere) Hegaztien Zuzentarauan eta CITES eta Bonn hitzarmenetan jasota dago. Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoak zaurgarritzat jotzen du.

Zenbait lekutan, elektrokuzioek eragina dute, eta beste batzuetan pozoiengatik edota tiroz ere hiltzen direla ikusi da. Bestalde, untxien beherakadak (pneumonia birikoagatik) elikagaiak murriztu dizkio. Gainera, habiatik gertu egiten diren kirolek (eskalada, xendazaletasuna, etab.) ere ez diote mesederik egiten.

Kulturan aldatu

Arranoetan handienetakoa eta sendoenetakoa da, elezahar askoren iturri, eta lurralde askotan indarraren iruditzat hartua.

Galeria aldatu

Erreferentziak aldatu