ARIA 2023an Donostian sortutako musika taldea da. Euskarazko pop kantak egiten ditu giro intimista bati ukitu elektronikoa gehituz. Proiektuaren atzean Marina Landa kantautorea dago. Bere abestiei doinu eta forma berriak eman nahian, teklatuetan Iñaki Ortego Lauroba taldeko pianista ohia, baterian Ion Larrañaga, gitarra elektrikoan Iñaki Olaskoaga (Badmintones, Aphaxia) eta baxuan Maialen Urretabizkaia (Alargun Beltzak) batu zaizkio.

Italierazko hitza da ARIA, aire euskaraz. Naturarekin harremana, lasaitasuna eta beste dimentsio batean murgiltzeko aukera aldarrikatzen ditu taldeak pop melodia atseginen bidez. Airean hegan egin eta kezkak alde batera utzita, abestea nolabait badelako barnea askatu eta besterik gabe flotatzea bezalakoa.

Bakarlari nahiz talde gisa, Ormaiztegin, Hondarribian, Ordizian, Donostian, Tolosako Haragi Fest-en eta Errenteriako Atlantikaldian ibiliak dira, besteak beste.

2023ko abenduan kaleratuko du taldeak bere lehenengo diskoa, Urdin izenekoa. Aurrerapen bezala, "Anime perdute" kanta aurkeztu dute, Mediterraneoko krisiaz mintzo dena.