Antonio Canova (Possagno, Venezia, Italia, 1757ko azaroaren 1a - Venezia, Italia, 1822ko urriaren 13a) italiar eskultorea izan zen.

Antonio Canova
Autoerretratua, 1792. Irudi gehiago
Bizitza
JaiotzaPossagno1757ko azaroaren 1a
Herrialdea Veneziako Errepublika
Talde etnikoaItaliarra
HeriotzaVenezia1822ko urriaren 13a (64 urte)
Hobiratze lekuaTempio Canoviano (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)ezkongabea
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaAccademia di Belle Arti di Venezia (en) Itzuli
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Giuseppe Bernardi (en) Itzuli
Giovanni Ferrari (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakeskultorea, arkitektoa, margolaria eta marrazkilaria
Lantokia(k)Erroma
Viena
Napoli eta Venezia
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakFidias
KidetzaArteen eta Zientzien Herbehereetako Errege Akademia
Accademia di San Luca
Mugimenduaneoklasizismoa
Genero artistikoaArte figuratiboa
biluzia
Eskulturagintza
allegory (en) Itzuli
figure (en) Itzuli
margolaritza mitologikoa
erretratua
arte sakroa
animal art (en) Itzuli

Discogs: 2234980 Find a Grave: 19909 Edit the value on Wikidata

Eskultura neoklasikoko artista bikaina izan zen.

Biografia aldatu

 
Teseo, Minotauro garaituta, Antonio Canova

Possagnon jaio zen, Treviso inguruan, Italian. Umetan hil zitzaion aita, eta aitona Pasino, lanbidez harri-leuntzailea, izan zuen lehenengo maisua. Haren bidez lortu zuen Giovanni Falier veneziar senatariaren babesa. Gero, Giuseppe Bernardi (izengoitiz, Torretto) izan zuen maisu, eta harekin ezagutu zituen XVIII. mendeko molde eta tankera barrokoak. 1769an, Veneziara joan zen, Bernardirekin batera.

1776koak ditu lehen estatuak, Euridize eta Orfeo, adibidez. Mugimendua eta jarrera konplexuak irudikatzeko nahia adierazten zuen ordurako, eta horren adierazgarri da geroxeago egindako Dedalo eta Ikaro eskultura-multzoa ere. Garai hartako bustoek eta erretratu pintatuek garbi erakusten dute artista gazte hark Veneziako arte tradizioari zion atxikimendua.

Arteen Akademian onartu baitzuten, Erroman hartu zuen Canovak bizilekua 1779ko udazkenaz geroztik. Garai hartan, Canova axolagabetua zen Antzinateko arteaz, arte barrokoak zeharo liluraturik baitzeukan. Hala ere, estetika neoklasikoaren zale ziren adiskide zenbaitek, Gavin Hamilton pintore eta gauza zaharren salerosleak eta Volpato grabatzaileak, besteak beste, gero eta eragin handiagoa izan zuten Canovarengan.

Aurrerantzean, Canovak Erroman egin zuen arte-ibilbide osoa, eta bai arrakasta handiz egin ere. Antzinako Greziako eta Erromako ereduak imitatzeko ahaleginean margolariak izandako bilakaera argi ikusten da Apolo bere burua koroatzen eta Teseo, Minotauro garaituta eskulturetan. 1783an, Quatremere de Quincyrekin hasi zen Canova harremanetan, eta, harrezkero, aholkulari izan zuen Antzinateko artera itzuli beharra zorrotz aldezten zuen teoriko hura. Garai hartan egin zituen Klemente XIV.aren (1783-1787) eta Klemente XIII.aren (1787-1792) hilobiak. Eskultura horietan, ordura arte egina zuen bidearen eta helenismoaren bide berriaren arteko tirabira sumatzen da.

Garai hartako eskultore gehienak bezala, neoklasizismora lerratu zen Canova, greziar artearen bikaintasuna miresten zuen korrontera, baina oso kontuan hartu zuen arau klasikozale haiek zorrotzegi hartzeak zekarren arriskua. Eredu horren baitan, bere bidea urratu zuen Canovak: Antzinatearen moldearekin lotu zituen bere ideiak, eta forma berriak sortu zituen hala. Marmol leuna landu zuen bereziki. Erlijio gaiez kanpoko lan guztiak antzinako eskulturetan zeuden oinarrituak, baina askatasun handiz interpretatzen zuen molde hura, Psike, maitasunaren musuak berpiztua obran nabari duen bezala.

Bien bitartean, Ponpeiako eta Erromako estatuen eredutik urrunduz joan zen bere kabuz eta ohartuki. Hilarrien estetika bere-berezko bat tankeratu zuen, Atikako hilobietan oinarriturik. Bide berriak bilatze hartan, aipagarriak dira Herkules eta Likas eta Kreugas eta Damoxeno estatua-multzoak.

Harrezkero, Canovak lehen maila erdietsi zuen garaiko eskulturagintzan, ez bakarrik Italian, baita Europa osoan ere. Hauek ditu garai hartako eskultura nagusiak : Pertseo, Hektor eta Paris (antzinako ereduetan oinarritutako aldaerak), Teseo zentauroarekin borrokan, Hiru neska dantzariak eta Hiru Graziak.

Aldi berean, garrantzi handikoa da haren bilakaeran haria Maria Kristina Austriakoaren hileta-oroitarria (1798-1805, Viena), piramide-itxurako hilobiaren atera doan segizio bat irudikatzen duena.

Napoleonek begiz jo zuen Canova, eta, hark deituta, Parisa joan zen Canova 1802an. Bonaparte familiako zenbait kideren buruak eta eskulturak egin zituen. Oso modu idealizatuan eta mitologiako heroien tankeran egin zituen erretratu haiek, neurriz gaineko mirespenaz: Napoleonen busto bat eta estatua handi-handi bat, Marte jainkoaren aipuan, Napoleon, Marte jainko bakegile; Letizia andrea, Agripinaren tankeran, Paulina Borghese, Venus garailearen itxuran...

San Lucako Akademiako printze izendatu zuten Canova, eta Erromako museoen zuzendari. Ospe handia iritsia zuen, eta, Napoleonen Inperioak gainbehera eginagatik, ez zen haren ospea txikitu. 1815ean, Londresera abiatu zen. Han, Partenongo marmolezko erliebeak ikusi zituen, bai zeharo liluratu ere haien edertasunaz. Haatik, ez zuen bere estiloa aldatu, funtsean behintzat, baina errealismo handiagoz egin zituen azken estatuak erliebe haien eraginez: Madalena etzanik, Ninfa ohean.

Irudi galeria aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antonio Canova  

Erreferentziak aldatu