Andagosteko gudua Erromatarren konkistaren garaian Kuartangoko haranean (Araba) gertatutako gudu bat izan zen; zehazki, K.a. 38. urtearen inguruan izan zen, gaur egun Andagoste izena duen tokian.[1]

Andagosteko gudua
Erromatarren konkista
DataK.a. 38
LekuaKuartango  Araba
Koordenatuak42°53′05″N 2°54′29″W / 42.8847°N 2.9081°W / 42.8847; -2.9081
EmaitzaBertoko Baskoien garaipena
Gudulariak
Erromatar Errepublika Baskoi tribuak
Indarra
Kohorte bi Ezezagunak

1997an, giza hornidurarako ura eramateko lanak egitean, hondakinak topatu zituzten, eta Jose Antonio Otxaranek eta Mikel Unzuetak zuzenduriko arkeologo talde batek Kuartangoko haraneko Andagoste izeneko tokian aztarnategi bat aurkitu zuten.[2] 1998 eta 2003 artean ikertu ondoren, erromatar kanpamentu eta gudu baten aztarnak eskuratu zituzten. Ikerlarien arabera, gudua K.a. 38. urtearen inguruan gertatu zen, hau da, Kantabriar Gerrak baino hamar bat urte lehenago.

Gudua aldatu

Jose Antonio Otxaranek honela azaldu zuen gudua:[2]

« Kristo aurreko 38. urtearen inguruan, 1.200 - 1.800 bitarte erromatar soldaduk osaturiko armada Kuartangoko haranean zegoen. Kastroren bat erasotzera zihoazela edo erasotzetik itzultzean, jenderik bizi ez zen muino batean bertoko gudariek setiatu zituzten. Erromatarrek castra aestiva bat eraikitzen saiatu ziren arren, ezin izan zuten amaitu, eta gudua kanpamentuaren barruan izan zen. Antza denez, bertokoak garaile atera ziren. »

Zalantzan dago ea zein ziren erasotzaileak: batzuek diote karistiarrak zirela.[3] Edonola ere, Andagosten gertatutakoa ondo azaltzea zaila da, interpretazio arazo handiak daudelako.[4]

Aztarnategiaren azterketa arkeologikoa aldatu

Erromatarren kanpamentutik egun hondo lauzko lubaki bat baino ez da geratzen, baita lubetaren zati batzuk ere. Aurkikuntza nagusia 1.000 txanpon eta pieza militar dira (tatxetak, belarriak, jaurtigaiak, eta abar), Euskal Herrian aurkitutako erromatarren aztarna zaharrenak. Ordu arte Euskal Herri osoan glande (habailako berunezko jaurtigaia) bakarra aurkitu bazen ere (Jose Migel Barandiaranek kausitua), Andagosten 114 aurkitu zituzten. Caligae motako sandalietako iltze zaharretatik (iltze handiak, K.a. 22. urtea baino lehenago erabiltzen zen motakoak), berriz, ordu arte Euskal Herrian bakarra ere ez zen aurkitu, eta 600 ale baino gehiago aurkitu zituzten Andagosten.[1][5] Glandeak erromatarrek kanpalekutik bertatik jaurti zituzten, eta haren banaketari esker jakin daiteke nondik gertatu zen erasoa, zein aldetatik.

Gudu hau erromatarren eta bertakoen artekoa izan zela interpretatu da, baina Antxoka Martínez arkeologoak uste du bi erromatar gudarosteen artean izan zela[6].

Gizarteratzea aldatu

2009an Urbina Basabeko dorretxean Andagosteko Guduaren Interpretazio Gunea ireki zuten, gudu hartako parte hartzaileen bizimodua eta borroka irudikatzeko.[5]

Digytal Audiovisuales izeneko produktoreak guduari buruzko dokumental bat prestatu zuen EiTBrako, Andagosteko Bataila izenekoa.[7][8]

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Gaztelaniaz) Otxaran Larrondo, José Antonio. (2006-02-03). «La Batalla de Andagoste (Cuartango, Alava)» Euskonews & Media 333.
  2. a b (Gaztelaniaz) Amestoy, Itziar. (2009-03-08). «Andagoste, de cuando los indígenas de Euskal Herria vencieron a los romanos» Gara.[Betiko hautsitako esteka]
  3. (Gaztelaniaz) «La batalla de Andagoste (Álava)» En el ángulo oscuro bloga 2007-11-25.
  4. (Gaztelaniaz) «La batalla de Andagoste: 2ª parte, los problemas de la interpretación» Recreoanacronista.
  5. a b Amenabar, Anakoz. (2009-03-26). «Andagosteko guduaren aztarnak» Berria.
  6. (Gaztelaniaz) Martínez Velasco, Antxoka. (2018). El final de la Protohistoria en el Cantábrico Oriental. Etnicidad, territorio y conquista militar romana. Estudio Arqueológico. Santiago de Compostela: Universidade de Santiago de Compostela, 23 or..
  7. Gutiérrez. (1998). Andagoste bataila p 4/1. Eitb kultura. Kuartangoko Udala eta EITB.
  8. Martin, Xabier. (2009-11-17). «Odol isurtzea Kuartangon» Berria.[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak aldatu