Alegia (literatura)

literatur generoa

Alegia helburu didaktikoa duen literatura idatziaren azpigeneroa da. Protagonistak hitz egiten duten animaliak izaten dira. Prosan idatziak egon daitezke, baita bertso sorta baten itxura hartu ere. Gehienetan ikaskizun batekin amaitzen dira. Ikaskizuna bertsotan egon ohi da buruz ikas dadin. Ikaskizun hori atsotitza izan daiteke edo atsotitz itxura izan dezake.

Dortoka eta bi ahateak alegiako irudia. Alegietako pertsonaiak animaliak dira maiz.

Ezaugarriak aldatu

Komeni da argi eta garbi bereiztea alegia eta antzeko helburua --jokaera etiko jakin bat sustatzea-- duten beste testu-tipo batzuk: ipuina, parabola, sermoia. Alegiak, ipuinak bezala, ahozko literaturan daude erroturik. Bertsotan zein prosan idatzita egon daitezke. Haur eta gazte literaturatzat hartu izan da maiz, prosa didaktikoa edo bertso didaktikoak. Prosa eta bertsoak nahastea ere gertatu izan da.

Alegietan protagonista nagusiak bi animalia izan ohi dira. Biek ala biek kontrako ezaugarriak izan ohi dituzte. Normalean ez dira bi pertsonaiak maila beretik abiatzen, batak prestigioa du eta besteak fama txarra baina haien jokabidearen ondorioz ipuinaren amaieran prestigio aldaketak gertatuko dira. Alegiaren helburu nagusietako bat zenbait jokabideren ondorioak, ondorio txarrak normalean, erakustea da. Helburu didaktiko nagusia, beraz. Amaieran, modu labur eta eraginkor batez laburbildu ohi da irakatsi nahi zena. Amaiera horri alegiaren erakutsia edo ikaskizuna deitu izan zaio.

Testu-tipo bezala literatura testuen artean koka daiteke, helburu didaktikoarekin bereziki.

Ezaugarri nabarmenenak hauek dira:

  • Zenbait jokabide etiko sustatzen ditu, zenbait jokabide etiko salatzen ditu.
  • Normalean testuaren bukaeran fabularen tesi etikoa laburbildu ohi da: alegiaren erakutsia. Esaldi bat, bi esaldi, bertso labur batean laburbiltzen da alegia osoaren erakutsia.
  • Gehienetan testu laburrak izaten dira eta pertsonaia gutxi. Kontrako joera duten bi pertsonaia nagusi askotan: protagonista eta antagonista.
  • Alegiak liburu bihurtu direnean irudi eraginkorrekin argitaratu egin dira maiz.
  • Ahozko literaturan dituzte erroak eta ahozko kulturara igaro izan dira maiz liburuetatik.
  • Animalien pertsonifikazioa.
  • Egiten den bizioen, ohitura txarren eta grina txarren deskripzioetan ez da ironia falta egoten. Bertuteen deskripzioetan ere ez.

Historia aldatu

Alegiak bere aitzindariak Ekialdeko kulturetan dituen arren, azpigenero narratibo gisa Esopo greziarrak finkatu edo sortu zuen K.a. V. mendean prestatu zuen bilduman. Esopok greziarren alegiak jaso zituen eta geroago Fedrok latinezko kulturara egokitu zituen, beste zenbait gehituta. Xabier Kintanak itzuli zituen batzuk, Azeria maltzur, zikoina maltzurrago (1989), besteak beste[1].

Erdi Aroan, Europa mendebaldera igaro zen tradizio hori, India eta Ekialdeko eragin berrituekin nahasiz, eta ezagun egin ziren, adibidez, otsoa eta bildotsarena edo azeria eta mahatsena. Alegia edo fabularen antzekoak dira Erdi Aroan landu ziren mota bi: frantses literaturako fabliau delakoa eta gaztelaniazko literaturan ugaria den apologoa (Hitako artzapeza, On Juan Manuel, Calila e Dimna ). Fabliau deritzana Frantzia Iparraldean eta XII.-XIV. mende bitartean landu zen; neurtitzez egina, irri eta trufazkoa da eta populua jostarazteko asmoa du. Apologoa, aldiz, hitz lauz emana eta serio eta gogoetatsua da, alegia ez bezala.

Alegiaren urrezko garaia XVII. eta XVIII. mendeetan izan zen, Frantziako klasi zismoan eta ondorengo neoklasizismoan. Orduan bihurtu zen genero artistikoa, euskarri prezeptiboa hartuz eta garai hartan nagusi ziren argitasunez irakasteko asmoei eta gizarteari on egiteko gogoari erantzunez. Horretaz gain, kritika soziala nabarmena da generoan, hala nola Jean de La Fontaine (1621-1695) eta Fedroren alegietan. La Fontaine frantsesarekin gailurra iritsi zuen generoak, eta euskaraz 19. mendean itzuli ziren haren lanak, La Fontaineren alegia berheziak izenburuarekin.

Beste literatura europar batzuatean ere nabarmendu zen joera. Alemanian Gotthold Ephraim Lessing eta Ingalaterran John Gay aipatzekoak dira, adibidez. Espainiako neoklasizismoan poesia didaktikoaren paradigma da alegia. Adibidez, Felix Maria Samaniego (1745-1801), alegi moralak idatzita (eta Bergarako Mintegiko ikasleei eskainiak), jostatuz irakatsi nahi du. Gazteleraz idatzi zuen beste euskal autore bat Ibañez de la Renteria bizkaitarra izan zen, eta honen lanak Joan Antonio Mogelek euskaratu zituen, bere iloba Bizenta Mogelen laguntzarekin. Beste egile espainiar bat Tomás de Iriarte (1750-1791) izan zen, Kanarietakoa sortzez.

Erreferentziak aldatu

  1. «alegia - Literatura Terminoen Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).

Kanpo estekak aldatu