Alba Longa (batzuetan italiar iturrietan Albalonga bezala idatzia) Lazioko antzinako hiri bat izan zen, Italia erdialdean, Erromatik hego-ekialdera 19 km-ra zegoena, Muino Albanoetan kokatua. Latinar Ligaren sortzaile eta buru izan zen Erromako soldaduek K. a. VII. mendean suntsitu zuten arte. Kondairaren arabera, Romulo eta Remo bikiak Alba Longako errege familiako kideen oinordeko izan ziren.

Alba Longa
Egungo Castel Gandolforen ikuspegia
Datuak
Koordenatuak41°44′49″N 12°39′01″E / 41.74691°N 12.65026°E / 41.74691; 12.65026
Map
Historia
Garaiac. k. a. 1151
Uzteak. a. VII. mendearen erdia
KulturaLatium (en) Itzuli

Kondairaren araberako historia aldatu

Kondairaren arabera, Alba Longa Askaniok ( Iulo izenaz ere ezaguna, Eneas heroi troiarraren semea) sortua izan zen, Lavinio sortu eta 30 urtera. Kronologikoki gertakizun hau K.a. XII. mendearen erdialdean gertatu zen, Troiaren Suntsipenetik denbora batera ( antzinako jakintsuen arabera K.a. 1184. urte inguruan gertatu zelarik azken hau).

Kondairaren arabera, Askanio eta gero Alba Longan errege dinastia bat sortu zen, hauen artean Prokas eta honen seme Numitor eta Amulio direlarik ezagunenak. Erromaren hazkundea zela eta, bi hiriak elkarrekin liskarrak izaten hasi ziren maiz eta azkenean Tulio Hostilioren erregealdian gerra bat egon zen Alba Longa eta Erromaren artean. Gerra hau Horazioen eta Kuriazioen arteko borroka famatuaren ondorioz amaitu zen, zeinean hiruna anaia Horazio eta Kuriaziok elkarren aurka borrokatu zuten, Horaziarrek Erroma ordezkatuz eta Kuriaziarrek Alba Longa ordezkatuz, zein hiri nagusituko zen erabakitzeko. Horaziarrek irabazi zuten, Erromak horrela garaipena lortuz. Borroka famatu hau eta gero, denbora batera, erromatarrek Alba Longa suntsitu egin zuten, eta bertako biztanleak Erromara joan ziren bizitzera, Caelium muinoa eman baitzitzaien bizileku gisa.

Alba Longako erregeak aldatu

Dionisio Halikarnasokoaren arabera, Askanio eta Romuloren artean familia lotura sakona zegoen, izatez, bata bestearen ondorengoa zen. Hau azaltzeko, Alba Longako erregeen zerrenda ematen du. Dionisiok aipatutako erregeez gain, Tito Liviok beste bi errege ere gehitzen ditu, Tulio Hostilioren erregetzan bizi izan zirenak. Lehenengoa Kaio Kluilio izan zen, Erromaren aurkako gerran hil zena. Bigarrena Mezio Fufezio, Tulio Hostiliok traizioa egotzita hila izan zena.

Erromarekin Gerra aldatu

 

K.a. VII. mendean, Erroman errege Tulio Hostilio zela, erromatarrek Alba Longaren errege zen Gaius Cluiliusen aurkako gerra hasi zuten.

Gerrarako arrazoia antza erromatar eta albanar nekazari batzuek elkarren lurrak arpilatu zituztela izan zen, hala ere, Livioren aburuz benetako arrazoia Tulio Hostilioren gerra gogoa izan zen. Enbaxadoreak bidali zizkioten bi hiriek elkarri kexak eta erreklamazioak aurkezteko eta elkar konpondu ez zutelarik elkarri gerra deklarazioa egin zioten. Livioren ustez Gerra Zibil bat baino ez zen, kontuan hartuta erromatarrak albanarren ondorengoak zirela.

Kluiliok bere armada erromatar lurraldera eraman zuen, kanpamentua eraiki eta Erromaren inguruan lubaki handi bat ireki zuen (Kluiliar Lubakia). Hala ere, Kluilio kanpamenduan hil egin zen era ezezagun batean, hau dela eta, albanarrek Metio Fufezio ( latinez Mettius Fufetius) aukeratu zuten diktadore. Tuliok bere armada Erromatik atera, gauez Albanarren kanpamentua inguratu eta Albanarren lurrak inbaditu zituen. Fufeziok hau ikusita kanpamentua desegin eta Tulio jarraitu egin zuen, haren armadaren alboan kanpatu zelarik. Behin kanpatuta Tulio Hostiliori mezulari bat bidali zion elkarrizketatzeko eskaintza azaltzeko. Hurrengo egunean beraz, Hostiliok eskaintza onartuta, bi armadak bata bestearen aurrean jarri ziren borrokatzeko prest eta Hostilio eta Fufezio bien arteko gunera hurbildu ziren, arma gabe.

Hitzaldian Fufeziok bi armaden arteko borroka desegokia izango zela aipatu zuen, inguruko etruriarrak borroka noiz amaituko itxaroten zebiltzalakoan, orduan errazago eraso eta bi hiriak garaitzeko. Hau azalduta proposamen bat egin zuen: hiri bakoitzeko hirukote batek borrokatuko zuen, eta horrela erabakiko zen gudua. Erromaren aldetik Horaziar anaiak aurkeztu ziren boluntario, eta Albanarren aldetik Kuriaziar anaiak.

Bi aldeek zinak egin zituzten, borroka honen arabera, bi hirien etorkizuna erabakia geratu zedin, hau da, galtzaileen hiria irabazleen hiriaren menpe geldituko zela aitortzeko. Erromaren aldetik Marko Valerio (Marcus Valerius) aukeratu zuten fezial bezala eta Espurio Fusio (Spurius Fusius) pater patratus bezala, Erromaren aldetik zina zinezkoa izan zedin.

Zinak egin eta gero, borroka hasi egin zen. Erromatarretatik bi hil egin ziren hasieran, baina gelditzen zen anaiak, Publio Horaziok (Publius Horatius), hiru anaia Kuriaziarrak hil egin zituen, Erromarentzat garaipena irabaziz. Behin borroka amaituta, Tuliok Metiori bere armadarekin Alba Longara bueltatzeko eskatu zion, bertako gazteria etruriarren aurkako gerra baterako prest edukitzeko eskatuz. Egun horretatik aurrera, Alba Longa Erromaren menpeko bezala gelditu zen.

Handik gutxira Veii eta Fidenae hiri etruriarren aurkako gerra hasi zen. Tulio Hostiliok Metio Fufezio eta armada albanarra deitu eta biek batera etruriarrak eraso zituzten Anio ibai bazterrean. Halere, borroka hastearekin batera, Metio Fufeziok bere armadarekin ihes egin zuen, erromatarrak bakarrik utziz. Halaber, erromatarrek garaipena lortu zuten eta borroka eta gero Tulio Hostiliok Metio Fufezio aurkitu eta traidoreei egotzitako zigorra eman zion: jipoitua izan zen eta fasces-en aizkorekin burua moztu zioten. Geroago, eta albanarren traizioa mendekatzeko, eta haiengan konfiantza galdu zutelarik, erromatarrek, 400 urteko Alba Longa hiria suntsitu egin zuten, tenpluak ez ziren eraikin guztiak errez. Eraikinak erre bazituzten ere, bertako hiritarrak ez zituzten hil, eta Erromara bidali zituzten, bertan Caeliar mendian (Mons Caelium) utzi zietelarik ezartzen. Horrela, Erromaren populazioa bikoiztua izan zen, eta Tulio Hostiliok senatua handitu zuen, Albako familia nagusiak Senatuan sartu baitzituen, patrizio bilakatuz; familia hauek Juliar leinua, Serviliar leinua, Quinctii leinua, Geganiar leinua, Kuriaziar leinua eta Kloeliar leinua ( Julii, Servilii, Quinctii, Geganii, Curiaci eta Cloelii latinez) zirelarik. Senatu handi hau batzeko Tuliok Curia Hostilia eraiki zuen, Senatu-etxe berria. Horrez gain, albanar biztanleriaren artetik zalditeriazko turmae berriak eta legio berriak sortu zituen.

Datu arkeologikoak eta interpretazio historikoak aldatu

Liviok Alba Longari buruz esan zuen Askaniok sortu zuela Lavinion zegoen biztanleria dentsitate handiaren arazoa konpontzeko. Mendi Albanarren oinetan eraiki zuela eta Longa izena era zabal eta luze batean eraikia izan zelako lortu zuela zioen. Dionisio Halikarnasokoak historia bera aipatzen du, baina Askaniok Lavinotik ez ezik, beste hiri latinar guztietatik kolonoak hartu zituela dio, bere aita Eneasek egindako profezia baten ondorioz. Latinez Albak zuri eta Longak luze esan nahi duela kontuan hartuta, "hiri luze zuria" izena eman zion Dionisiok. Idazle honek, halaber, hiriaren kokapena Albanar mendia eta Albano aintziraren artean jarri zuen, hiriaren kokapenari buruzko eztabaida hasiz.

XVI. mendetik aurrera, hainbat tokitan kokatua izan da hiriaren kokalekua, hala nola, Albano parean dagoen Palazzoloko San Paoloren komentuaren kokagunean, Marino alboko Costa Casellen eta Castel Gandolfon. Izatez, Castel Gandolforen gainean Domizianoren Villa egon zen, esaten denez, Alba Longako gotorlekuaren gainean eraikia izan zena.

Datu arkeologikoek Albano aintziraren hego-mendebaldean Burdin Aroko hainbat herrixka daudela erakusten dute. Herrixka bakoitzak bere nekropolia zuen, eta kontuan hartuta Castel Gandolfo inguruko nekropolia inguruko handiena dela, pentsa daiteke hura zela inguruetako hiririk garrantzitsuena, hots, Alba Longa.

Jupiter Latiarius-en Santutegia aldatu

Cavo mendiaren (Mons Albanus) tontorrean Jupiter Latiariusen ohorezko santutegia zegoen. Florusek ( K.o. II. mendea) tokia Askaniok aukeratua izan zela aipatzen du, santutegia eraiki eta Latinar guztiak bertara Jupiterri sakrifizioak egitera deitu zituelarik. Ohitura hau dela eta, urtero Latinar Konfederazioko kide guztiak bertara hurbiltzen ziren Ferieae Latinae ospatzeko, zeinean zezen zuri bat Jupiterri sakrifizioan eskaini, eta gero haren haragia hiri guztien biztanleen artean banatzen zuten.

Alba Longa suntsitua izan eta gero, Erromak hartu zuen Latindar Konfederazioaren buruan tokia eta Tarkinio Superboren garaian santutegiaren kokagunean Jupiter Latiarius-en omenezko tenplu bat eraiki zuen. Gaur egun, tenpluaren hormen hondakinak baino ezin ditzakegu ikusi, eta tenplua Via Appiarekin Ariccia inguruan lotzen zituen bidearen aztarnak.

Bibliografia aldatu

  • Tito Livio, Ab urbe condita, Liber I
  • Dionisio Halikarnasokoa, Liber I
  • Ashby, Thomas (1899). "Alba Longa". The Journal of Philology 27 (53): 37–50.
  • Dionisio Halikarnasokoa; Ernest Cary (Itzultzailea); William Thayer (Editorea) (1937-1950, 2007). Roman Antiquities. Loeb Classical Library. Cambridge, Chicago: Harvard University, University of Chicago. ISBN 0-674-99352-7.
  • Tito Livio; D. Spillan (Itzultzailea) (1853, 2006). "The History of Rome, Books 1 to 8". Project Gutenberg.
  • Huyzendveld, Antonia (2000). "Alba Longa". Digiter geoarchaeologia.
  • Piperno, Roberto (2009). Moore, Rosamie, ed. "Giuseppe Vasi's Digression – Albano". romeartlovers.it.
  • Richter, GMA (1976, 2009). "ALBA LONGA (Castel Gandolfo) Latium, Italy". In Stillwell, Richard. The Princeton Encyclopedia of Classical Sites. Princeton, Medford: Princeton University Press, Perseus Digital Library.

Kanpo estekak aldatu