Abereen etxaldea (jatorrizko ingelesez Animal Farm: A Fairy Story) George Orwell britainiarrak idatzitako eleberri laburra da, 1945. urtean argitaratua.

Abereen etxaldea
Datuak
IdazleaGeorge Orwell (1945)
Argitaratze-data1945eko abuztuaren 17
GeneroaSatira
Jatorrizko izenburuaAnimal Farm: A Fairy Story
ArgitaletxeaHarvill Secker (en) Itzuli
Herrialdea Erresuma Batua
Orrialdeak112
ISBN0-452-28424-4
OCLC53163540
Euskaraz
IzenburuaAbereen etxaldea
ItzultzaileaJuan Martin Elexpuru
Argitaratze-data1995
BildumaXaguxar
Orrialdeak160
ISBN8479174862

Inoiz idatzi den totalitarismo sobietarraren satirarik ezagunena da. 1945ean argitaratua izan zen eta estalinismoaren sorrera eta garapenaren isla da ipuina. Orwell, demokrata eta sozialista zen, baita Independent Labour Party alderdiko kidea ere urte luzez. Stalinen agintearekiko oso kritikoa zen, batez ere Moskutik zuzenduriko Estalinismoaren aurkakoa. Espainiako Gerra Zibilean Nazioarteko Brigadetan boluntario gisa borrokan ibili ondoren, hango agente sobietarraren (NKVDa) azpijokoek bere pentsamoldean eragin itzela izan zuten.

Nobela Time aldizkariak ingelesezko ehun eleberri onenen artean jarri zuen.

Euskarazko bertsioa 1982an plazaratu zuen Elkar argitaletxeak Itzul sailean eta 2000. urtean berriro (Xaguxar bilduma). Juan Martin Elexpuruk itzuli zuen. 1981ean lehen itzulpen bat egin zuen Imanol Unzurrunzagak.[1]

George Orwell idazlea

Istorioa aldatu

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Istorioa alegoria bat da, zeinetan animaliek iraultzaile boltxebikeen papera jokatzen duten, etxaldearen giza-jabeak kanporatuaz eta komuna bat ezarriaz. Elkarbizitza berri horretan, hasieran behintzat animaliak berdinak dira. Laster ordea, ezberdintasunak azaleratzen hasiko dira espezie (klase) ezberdinen artean. Aginte guneetan dauden gizabanakoek gizartearen ideologia nola manipulatu eta alda dezaketen deskribatzen du eleberriak.

 
Animalismoaren bandera, liburuko deskripzioaren arabera. Sobietar Batasuneko banderan oinarritua dago, adarra igitaiaren ordez eta apatxa mailuaren ordez.
 
Juan Martin Elexpuru itzultzailea

Egun batean, Old Major zerriak landetxeko beste animaliei ikuspuntu berri bat erakusten die, eta iraultzarako prestatzen ditu, nahiz ez jakin noiz edo nola gertatuko den. Gutxira hil egiten da eta animaliek iraultza egiten dute, etxaldeko jabea, Jones jauna, bertatik kanporatuz. Honela, animaliek "animalismoa" sortu eta zazpi arau nagusiak idazten dituzte:

  1. Bi hankaren gainean dabilen guztia etsaia da.
  2. Lau hankaren gainean dabilena edo hegaduna laguna da.
  3. Abereek ez dute arroparik jantziko.
  4. Abereek ez dute ohean lo egingo.
  5. Abereek ez dute alkoholik edango.
  6. Abereek ez dute elkar hilko.
  7. Abere guztiak berdinak dira.

Denborarekin zerriek hiru arau nagusi aldatu egingo dituzte bukaeran hitz gehiago jarriaz:

  1. Abereek ez dute ohean lo egingo izarekin.
  2. Abereek ez dute alkoholik edango neurriz kanpo.
  3. Abereek ez dute elkar hilko, motiborik gabe.

Protagonistak eta errealitateko pertsonaiak aldatu

Sobietar Batasunaren hastapenaren historiari modu paraleloan jarraitzen diote pertsonaia eta gertakizunek. Orwellek nabarmen uzten du hori, egunkari batean 1945ean zuzenean "Napoleon" izeneko pertsonaia Joseph Stalinekin parekatzen duenean.

Bestelako pertsonaiek ere badituzte beren bikoteak errealitatean, baina alderatzeak kontuz egin beharrekoak dira, batzuetan kontzeptu orokorrak adierazten baitituzte pertsonaiek, besterik gabe.

Txerriak aldatu

Old Major Iraultza eta liburua sustatzen dituen pertsonaia da. Interpretazio baten arabera, baliteke Marx eta Lenin, bien gainean eraikita egotea. Sozialista zen aldetik, Orwellek Marxen esanetatik gehienak onartzen zituen, bai eta Leninen ideologiaren zati handiak ere. Interpretazio berari jarraiki, Abereen Etxaldeko satira ez dago marxismoari zuzenduta, ez eta iraultza Leninistari ere, baizik eta geroago jazo zen beronen usteltze edo manipulazioari. Kritikek adosten dute liburuan Errusiar Iraultzaren helburu eta printzipioen balioa onesten direla; kontatzen den istorioa traizionatutako iraultza batena da, ez inola ere iraultza jaiotzatik lotsagarri edo izugarria. Nahiz eta Old Major modu baikorrean deskribatua den, bere ahulezia batzuk ere azaleratzen ditu autoreak, adibidez luzaroan gainontzeko animaliek sufritu izan duten zapalkuntzatik aske bizi izan dela esaten duenean. Old Majorrek ez du soilik Marx islatzen, baita hitzaren indarra ere, eta nola berau erabilia izan daitekeen jendeari oroitarazi edota inspiratzeko. Era berean, txerri zaharrak antzinako erregimenarekin gustura ez zegoen belaunaldia errepresentatzen du, gazteak bizi diren erregimenaren aurka matxinatzera bultza dituena.

Napoleon Berkshire arrazako txerria eta istorioko pertsonaia gaizto nagusia da. Pixkanaka bere boterea eraikiz doa, berak hazitako txakurkumeak eraso-zakur beldurgarri bihurtuz, bere polizia sekretua alegia. Snowball baserritik kanporatu du, eta botere guztia bidegabeki hartu, horretarako Squealerren propaganda faltsua erabiliz. Gainontzeko abereak zuzen mantentzeko berak hazitako txakurren mehatxua eta beldurra darabil. Beste gauza batzuen artean, pixkanaka aginduak aldatu ditu, bere buruari pribilegioak emateko eta bere aginte diktatoriala legezko egiteko. Liburuaren amaieran, Napoleonek eta bere txerrikideek bi oinen gainean ibiltzen ikasi dute eta gizakien antzeko portaerak dituzte. Orwellek Josef Stalinen eredua erabili zuen pertsonaia hori haragiztatzeko. Horrek ezarri zuen diktaduraren despotismo eta errepresioa, ordezkatu zuen Errusia Inperialarena bezain gordina edo gordinagoa zen. Abereen Etxaldeko bertsio frantsesean, Napoleonek “Zesar“ izena du.

Snowball, txerri zuri bat, Napoleonen etsaia da. Leon Trotskiren gainean eraikitako pertsonaia da. Nahiz abere geheienek gogoko izan, etxaldetik bortizki kanporatua da. Erbestean dagoenean, haren izena zikindu da. Guztiaren errua du. Ukuiluko borrokaldian suharki borrokatu bazen ere, Napoleonek denak konbentzitu ditu, haren koldarkeria agerian utziz eta gizakien agente bikoitza zela zabalduz.

Squealer, txerri txiki gizena, Napoleonen bozgorailu lanak egiten trebea da. Errusiar egunkari Pravda eta Viatxeslav Molotov bezalako figura politikotan oinarrituta dago. Hizkuntza bihurritu eta erabiltzen du Napoleonen ekintzak justifikatu, zuritu eta onargarri aurkezte aldera. Modu horretan Stalinek bere ekintzak justifikatzeko erabili izan zuen propagandaren sinboloa da. Squealerrek eztabaida mugatzen du berau gaiztotu eta konplikatuz, nahasi eta lausotu egiten ditu entzuleak, adibidez txerriak hartzen duten luxu estra beharrezko dutela (behar den moduan lan egingo badute) aldarrikatuz. Hala ere, eztabaidak badirau, Jones Jaunaren itzuleraren mehatxua darabil zerrien pribilegioak babesteko. Squealerrek estatistikak hitzetik hortzera darabiltza animaliak gero eta hobeto bizi direla konbentzitzeko. Animalia gehienek, ordea, iraultza aurreko oroitzapen lausoa baino ez dute, eta beraz konbentzitu egiten ditu artez edo moldez.

Minimus zerri poeta da. Bera izango da bigarren eta hirugarren ereserkiak konposatuko dituena, "Ingalaterrako Piztiak" galarazi ondotik. Pertsonaia honekin, Estalinek SESBen barruan nahiz kanpoan zituen Maksim Gorki bezalako miresleak ekarri nahi dira ipuinera. Internazionala ere ordezkatua izan zen eta Sobietar Batasuneko Ereserki Nazionala hiru konpositorek osatu zuten. Ez da kasualitatea ziurrenik.

Pinkeye Napoleonen janaria pozoituta ote dagoen jakiteko aurrez dastatzen duen txerrikumea da.

Txerri matxinoak Napoleonek etxaldea bereganatzeko baliatutako trikimailuaz kexu ageri dira: laster ixilarazi eta hil dituzte. Ekintza hori Stalinen erregimenean jazotako Purga Handian oinarrituta dago. Lau txerri horiekiko paralelismoa ezar daiteke honako pertsonaiekin: Nikolai Bukharin, Aleksei Rikov, Grigori Zinoviev eta Lev Kamenev.

Txerritxoak Napoleonen semeak direlako zantzuak badira (nahiz eta ez diren nabarmenki aipatuak nobelan). Beraiek dira aurreneko belaunaldia animalien arteko ezberdintasunen ideiara menderatuak, eta beraz naturaltasunez bizi dute egoera.

Gizakiak aldatu

Jones jaunak Nikolas II.a Errusiakoaren papera jokatzen du, kargutik kendutako tsarrarena. Frantziako Luis XVI.ari ere keinu bat egiten zaio, hark ere finantza arazoak izan zituelako 1789ko iraultza bezperan. Bestelako ñabardura zenbaitek ez etxaldea ez eta abereak taxuz mantentzeko gai ez den kapitalismo autokratiko baina ezeraginkor baten aurrean gaudela erakusten digute.

Frederick jauna Pinchfieldeko jabe gogorra da, ongi zaindutako auzo baserria. Orokorrean bera Adolf Hitler eta alderdi naziaren errepresentazioa da.

Pilkington jauna Foxwoodeko jabe lasai baina azeria da. Hau beste baserri mugakidea da, belar txarrez oparo agertzen dena. Mendebaldeko potentziak adierazi nahi lituzke, Britainia Handia eta AEB. Eleberriaren azken aldean karta-jokoan dabiltzanean Teherango konferentziaren metafora bat osatzen du autoreak. Partidan, jokalari bakoitza bere ondokoari zurikerian ari zaio, tranpak egiteari utzi gabe. Esan gabe doa azken eszena honetako ironia non datzan, hain zuzen ere txerriak gizakiekiko duten jarrera abegikorrean, ordura arte eraman den borroka guztia pikutara boteaz horrela. Teheranen gauza bera gertatu zen, han Sobietar Batasunak Aliantza bat osatu baitzuen AEB eta BHrekin, nahiz bi potentzia horien aurka iraultzaren lehen urteetan gerran ibilia zen. Nobelaren bukaeran, Napoleon eta Pilkingtonek, karta-jokoan biek bateko ezpata bera ateratzen dute (joko gehienetan karta nagusia dena) eta ozen hasiko dira liskarrean. hori bi superpotentzien, Sobietar Batasunaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko tentsioen metafora garbia da.

Whymper jauna, gizartean Abereen Etxaldea ordezkatzeko Napoleonen eskupeko gizona da. Modu lausoan bada ere, Mendebaldeko zenbait intelektualen papera jokatuko luke. Horien adibide George Bernard Shaw eta bereziki Lincoln Jeffers lirateke; azken honek SB bisitatu zuen 1919an, eta baita han ikusitakoa goretsi ere.

Zaldiak aldatu

Hiru zaldiek (Boxer, Clover eta Mollie) hiru klase sozialak irudikatzen dituzte.

Boxerrek beheko klasea, Cloverrek erdikoa eta Molliek goikoa. Azkenean garbi geratzen da Boxer dela (azpiko klasea beraz) txerriek gehien esplotatzen dutena, eta horrela idazleak kritiko azaldu nahi du Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistarekin, Sobietar Batasuenan gehien zapaltzen den gizataldea proletargoa zela azalduaz. Boxer pertsonaia nagusietako bat da. Langileriaren patu petralaren sinboloa: fidela, lagunkoi eta saiatua, eta baserriko animalia indartsuena fisikoki, baina aldi berean inozo samarra. Ezjakintasunak eta buruzagiekiko fede itsuak heriotza ekarriko diote. Bere lan fisiko heroikoak estakhanobismoa errepresentatzen du. Bere leloa, "gogorrago egingo dut lan" esanguratsua da.

Clover Boxerren adiskidea da. Behor horrek lagundu eta zaintzen du hanka hautsi zaionean. Errudun sentitzen da Zazpi Agindu originalak ahantzi zaizkiolako, Squealerrek horiek aldatzen dituenean. Langileekiko sentiberak ziren klase akademikoaren metafora da. Clover sentibera ageri da, adibidez Old Majorren hitzaldiaren gauean ahatetxoak babesten ditunean. Nobelaren hasieran nolabaiteko harropuzkeria azaleratzen duen esaldia ere badago, laugarren moxalaz erdituz geroztik bere figura ez zuela "berreskuratu" esatean. Oso triste dago txakurrek animaliak garbitzen dituztenean, eta Boxer ordezkatze aldera ekarri dituzten zaldi gazteek errespetu handia diote.

Mollie behor zuri egozentriko eta harroputza da, begizta edo zintatxoak janztea atsegin duena. Azukre koxkorrak (luxua adierazten dute) ere amorratzen maite ditu, baita gizakien laztanak ere. Goi klaseetako jendearen pertsonaia da, Mendebaldera ihes egin zuten burgesia eta nobleak Errusiar Iraultzaren usaina hartu orduko. Beraiek ziren Errusiar diasporan nagusi. Era berean, Molliek ere laster utzi du etxaldea beste nonbait bizilekua topatzeko eta beste behin bakarrik aipatu da haren izena.

Beste animaliak aldatu

Benjamin. Iraultzarekiko eta, oro har, bizitzarekiko zinikoa den asto bat da. Txerriak bezain azkarra edo azkarragoa izan arren eta txerriak tirano gisa ikusteko gai den abere bakarra izan arren, ezer aldatzeko zirkinik ere ez du egiten. Galderei erantzun kriptiko bat ematen die "Astoak luzaro bizi dira. Zuetako inork ez du sekula santan asto hilik ikusi". Esanahia, hauxe: ixilik dagoenak luzaroago dirau.

Moses. Etxaberetutako belea da. “Azukremendi“ gora eta “azukremendi“ behera dabil egun osoa, animalien zeruari buruz azalpenak ematen. “Sineskeria“ hauek zerriek salatuko dituzte. Mosesek erlijioa errepresentatzen du (zehazkiago Errusiar Eliza Ortodoxoa), zeina komunismoak gogor jazarri zuen. Nabarmentzekoa da Mosesek iraultza ondorenean baserria uzten badu ere, geroago itzuli egingo dela eta zerrien babesa izango duela itzulera horretan. Populua zaindu eta kontrolpean izate aldera Komunismoak Moskuko Patriarkatuaz egiten duen manipulazio zinikoa salatu nahi du horrela Orwellek. Mosesek era berean Grigori Rasputinen izaeraren alor zenbait azaltzen ditu. Zerriek abegi aldaketak badu bere paralelo historikoa, Errusiar Eliza Ortodoxoarekiko Bigarren Mundu Gerran Stalinek izan zuen jarrera lasaian. Elizak dirua biltzen zuen gerra esfortzurako, horra jarrera aldaketaren zergatikoa.

Muriel. Zabaldutako aginduak irakurtzen dituen ahuntza da. Lan adimenduna irudikatu nahi du beharbada. Liburuaren amaiera aldera bera hiltzeak agian, azken batean berak ordezkatzen zuen lan inteligentearen belaunaldia ezabatua izan zela adierazi nahi luke.

Jessie eta Bluebell. Hirugarren atalean erdituko diren bi txakur dira. Napoleonek jaiotako txakurkumeak euren amarengandik aldendu eta beldurra heda dezaten heziko ditu. NKVDaren eratzearen parabola lirateke txakurrok.

Oiloak Kulak-ak errepresentatzen dituzte, Leninen 1920ko hamarkadan ongi bizitzera iritsi ziren nekazariak. Ondoren Stalinek agindutako kolektibizazioei aurre egin zieten, eta horregatik jazarriak izan ziren. Euren arrautzak emateari uko egitean, kulakek euren etxaldeak 1930eko hamarkadan estatuaren kontrolpean jartzeari egin zioten erresistentziaren konparazioa garbia da. Napoleonek azkar asko erabakiko du gosez hiltzen uztea oilok, hain zuzen ere Stalinek aukeratutako bide berdina hautatuaz.

Zakurrak Estalinen polizia sekretua dira (Txeka, NKVD, KGB...)

Usoak Europar herrialdetara eta AEBtara zabalduko den propaganda sobietarra dira. Egunkari komunistak eta diplomatikoak bezala, hitzetik hortzera eta ozen darabiltzate garapen teknologikoaren emaitzak eta uzta oparoen zenbakiak, baina inongo arrotzek ez du inoiz “egia“ hauek egiaztatzeko baimenik ez dute ukanen inoiz.

Ardiek proletargoaren fideltasun itsua erakusten dute Errusiar Gerra Zibilaren erdian, edo masen fideltasuna Stalinen erregetzan. “Lau hanka bai, bi hanka ez!” “Lau hanka bai, bi hanka hobe!” bihurtuko da, Squealerrek hori esaten irakatsi ondoren.

Katuak jarrera ez etikoaren paradigma ordezkatzen du. Lanerako beti kale egiten du, baina besteak suharki lan egitera gonbidatuaz. Bulartsu azaltzen da mehatxuen aurrean, baina benetako arriskuaren aurrean desagertuaz. Agian animalismoaren (komunismoaren) ahulezien irudikapena izan daiteke.

Historia eta geografia aipamenak aldatu

Oso ugariak dira eleberri guztian zehar. Arestian ere jarri ditugu batzuk. Hona hemen beste zenbait:

  • Manor Etxaldea benetako Chalk Etxaldean oinarrituta dago, Willingdonen (Eastbourne, Ingalaterra).
  • Gizakien uxatzea hauek animaliak gobernatzea ahaztu ondorenean 1917ko Errusiar Iraultzari aipu garbia da. Kasu horretan Nikolas II.a Tsarra kendu zuten boteretik gosea eta txirotasuna ekarri zituzten matxinada eta gerren ondotik.
  • Abereen Etxaldea izendapena ez onartzeko gizakien duten egoskorkeriak sobietarrak lehen urteetan bizi izan zuten linbo diplomatikoaren isla da.
  • Etxaldea berreskuratzeko Jones jaunaren saiakera (Ukuiluko gudua) Errusiar Gerra Zibilaren analogia bat da. Bertan Mendebaldeko potentzia kapitalistek soldaduak bidali zituzten Boltxebikeak boteretik kentzen laguntzeko.
  • Napoleonek agindutako Snowballen kanporatzeak Stalinek agindutako Trotskiren kanporatzea (eta ondorengo hilketa) dakarkigu gogora 1927an.
  • Old Major hil ondoren bere garezurra mokor baten gainean jarri dute. Leninen gorpua ere, bere borondatearen aurka, baltsamatu zen post mortem eta halaber Plaza Gorriko hilobian ikusgarri jarri.

Esanahia aldatu

Liburuak darabilen alegoria edo parabolak maila ezberdinetako irakurketak baimentzen ditu. Orwellek Espainiako Gerra Zibilean izaniko esperientziatik (Homage to Catalonia liburuan adieraziak) abiatuta idatzi zuen liburua. Idazkiaren xedea bere iritziz estalinismoak egin zuen ideia sozialista originalen ustelkeriaren salaketarik gogorrena egitea zen.

Gaurkotasun gehiagoko ikuspegi batetik beste konparazioak egin dira: nola mugimendu berritzaileek gobernu edo erakunde antidemokratiko eta ustelen buruak kendu dituzten, segidan ordezkatzaileak aurrekoak bezain ustel eta zapaltzaile bihurtzeko, boterearen tranpan erorita eta bortizkeria eta metodo diktatorialak erabilita berau mantentzeko.

Bestalde, liburuak argi plazaratzen duen beste puntu bat hauxe da: pertsona batengan botere bilketa bat egotea gizarte batentzat osasungarria ote den.

Erreferentziak aldatu

  1. «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).

Kanpo estekak aldatu